Adoum, Jorge Enrique
Ekuadortar idazlea (Ambato, 1926). Ekuadorko Kultura Etxearen Edizioak argitaletxearen zuzendaria izan zen, eta Nazio Batuen Erakundearen eta UNESCOren funtzionario gero. Kezka soziala izan zen nagusi bere lehen poema liburuan, Ecuador amargo (1949, Ekuador samina) izenekoan, eta gero, Pablo Nerudaren eraginez (haren idazkari izan zen aldi batez), baita Los orígenes (1952, Hastapenak), El enemigo y la mañana (1952, Etsaia eta goiza), Dios trajo la sombra (1959, Jainkoak iluntasuna ekarri zuen) eta Eldorado y Las ocupaciones nocturnas (1961, Eldorado eta gaueko eginkizunak) liburuetan ere. Los cuadernos de la tierra (1961, Lurraren koadernoak) lana osatzen dute guztiek; bertan ahalegin aipagarria egin du, antzinatik hasi eta konkistaren eta kolonizazioaren garai mingarrietarainoko Ekuadorko gizon-emakumeen esperientzia historikoak berreskuratzeko. Notas del hijo pródigo (1951, Seme galduaren oharrak), Relatos del extranjero (1953, Arrotzaren kontakizunak), Y me fui con tu nombre por la tierra (1964, Eta zure izenarekin ibili nintzen munduan zehar), Curriculum mortis (1968), eta No son todos los que están (1980, Ez dira dauden guztiak) liburuetan kezka horiek berak eta pertsonalagoak azaldu zituen; aldi berean, lehenaldiko hizkuntza poetiko asaldatua baztertzen hasi zen, gizon-emakume modernoei buruz hitz egiteko egokiagoa zen esamolde arruntagoa bilatuz. Antzerki lanak ere idatzi izan ditu: El sol bajo las patas de los caballos (1975, Eguzkia zaldien hankapean) eta La Subida a los infiernos (1976, Infernuetarako igoera) esate baterako. Arrakasta handia izan zuen Entre Marx y una mujer desnuda (1976, Marxen eta emakume biluzi baten artean) nobelak. Literatura kritika ere landu du, Poesía del siglo XX (1957, XX. Mendeko poesia) eta Sin ambages (1989, Argi eta garbi) liburuetan, besteak beste.