Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

adimen

iz. Gogamenaren bidez aditzeko ahalmena; ulertzeko edo ikasteko gaitasuna. || Zentzua || Entzumena. || Aditzea, ulertzea.  v  Psik. Aditzeko, ulertzeko gaitasuna. Adimenari buruzko definizio ugari ematen da: «eskakizun berrietara pentsamoldea norbera konturaturik egokitzeko norbanakoak duen gaitasun orokorra», edo «ernetasun egoera zabala». Baina definizio beterik ezin eman daiteke. Adimen proben edo testen bidez, adimenaren definizio erabilgarriagoa ematen da, eskakizun berrietara egokitzeko azkartasuna eskatzen duten egitekoak gauzatzeko gaitasun orokor bezala. Baina, egokitze honetan, adimenaz gain, beste gaitasun batzuk ere sartzen dira.  v  Adimen probak. Adimena neurtzeko era askotako probak egiten dira, eta puntuaketaren bidez adierazten da emaitza: arrunta edo tipoa, eta adimen adina. Adimena haurtzaroan garatzen da, heldutasunean, aldiz, lehenean jarraitzen du edo zerbait gutxitzen da. Adimenaren garapenaren ohiko sailkapena, adimen kozienteari jarraituz egiten da: 90-110, adimen normala; 80-90, adimen urria; 70-80, adimen eskastxoa; 50-70 adimen eskasa; 20-50, ahula; 0-20, mentsa. Adimena neurtzeko hainbat test mota erabili behar dira, alde batetik adimen orokorra neurtzeko eta bestetik gaitasun bereziak neurtzeko. Gaur egun, gaitasun berezien eta adimen orokorraren artean «talde faktoreak» edo «gaitasun primarioak» badaudela onartu ohi da. Testen bidez azaltzen den adimen maila herentziaz bakarrik jasotzen dela uste zutenen kontra, gaur esan ohi da, herentziaz gainera, beste eragin batzuk ere badirela. Horregatik esaten da, berez dakarrenari gizakiak heziketaz jaso duena gaineratzen diola.  v  Esanahia. Adimena, ahalmen orokor bezala, neurri batean edo bestean, gizakiaren gaitasun guztietan azaltzen da, eta garuneko geruza ehun kopuruarekin zerikusi zuzena duela esan ohi da. Hartaz, arazo bakoitzari irtenbidea emateko baliabide asko dituen kirio sistema baduelarik, gizakia edo aberea egoera berrietara azkar egokitzen da. Adimena abereetan esperientziaz baliatzeko gaitasun bezala ulertzen da, eta ikasteko gaitasunaren arabera neurtzen da. Halere, abereen eskala ezin erka daiteke gizakiarenarekin; adibidez, txinpantze zahar batek hiru urteko haur baten antzeko adimena du. Abereen adimena gutxituz doa bilakaera eskalan behera joan ahala.  v  Adimen artifiziala. Inf. Hitz hauek, bere zentzurik zabalenean, gizakiaren pentsamendua ezaugarritzen duten funtzio mota berdinak gauzatzeko tresna batek duen ahalmena adierazten dute. Gizakiak antzinatik izan du horrelako tresna bat egiteko grina, eta zientzia modernoak bi bide hartu ditu adimen artifizialaren bila egin duen aurrerabidean: gizakiaren pentsamenduaren nondik norakoaren ikerkuntza psikologikoa eta fisiologikoa bultzatzea, batetik, eta sistema informatiko gero eta konplexuagoak asmatzea, bestetik. Hala, adimen artifiziala esapidea eginkizun konplexuak betetzeko ahalmena duten sistema eta programa informatikoak adierazteko erabiltzen da; sistema horiek gizakiaren pentsamendua antzeratzen dute, baina batetik bestera alde handia dago oraindik. Adimen artifizialari buruzko ikerketa nagusiak alor hauetan egin dira: informazioaren lanketan, ereduen azterketan, jokoetan eta medikuntzako diagnostikoan. Informazioaren prozesamenduari buruzko egungo ikerkuntzak ordenagailuei informazio idatzia edo mintzatua ulertzeko eta galdera jakin batzuei erantzuteko ahalmena emango dieten programetan dauka jarrita arreta. Programa horietan ezinbestekoa da sistemak esaldi zuzenak sortzeko eta hitzen eta ideien artean loturak ezartzeko gaitasuna izatea. Ikerkuntzak frogatu duenez, hizkuntzaren egituraren logikak, bere sintaxiak, programazioarekin du zerikusia, baina esanahiaren edo semantikaren arazoa askoz sakonagoa da, eta benetako adimen artifizialaren bidean dago. Egun, bi joera daude adimen artifizialeko sistemak lantzeko orduan: sistema adituak eta neurona sareak. Sistema adituak gizakiaren arrazoibidea modu sinbolikoan antzeratzen saiatzen dira. Neurona sareek, berriz, ikuspegi biologikoagoa erabiltzen dute (giza garunaren egitura berregiten dute algoritmo genetikoen bidez). Sistema horien konplexutasuna gorabehera, emaitzak pentsamendu adimentsutik urrun daude oraindik. Zientzialari askok ez dute benetako adimen artifizial sortzeko inolako aukerarik ikusten. Gizakiaren buruak edo gogoak nola funtzionatzen duen behar bezala jakin gabe, informatikak ez du prozesu ezezagun eta konplexu horiek birsortzeko gaitasunik izango.