Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Adi-Granth

(«Jatorrizko liburua») Sikh herriaren liburu sakratu zaharrena, Angad eta Arjan guruek egina, Granth edo Granth Sahib izenaz ere ezagutzen dena. Sikh Guru, erlijio horretako aitzindarien, eta zenbait erlijiotako antzinako eta Erdi Aroko santuen 6.000 kantu inguru biltzen ditu liburuak. Adi Granth liburua gurtzen dute Gurdwärä-tan edo sikhen etxe guztietan. Ospakizun berezietan, behin eta berriro irakurtzen dituzte bertako kantuak. Guruen urteurrenetan edo sikh erlijioko martirien omenezko zenbait ospakizunetan, liburuarekin ateratzen dira prozesioan. Bertan dago Japjï izeneko idatzia, sikh erlijioan garrantzi handieneko otoitza, alegia. Liburu honen lehen bertsioa, sikhen berrogeita hamargarren buruzagiak, Arjun izenekoak, egin zuen: egileak berak eginiko kantuak, bere aurretiko sikhek eginikoak, eta hinduismoaren zein islamismoaren santuei buruzko zenbait kantu bildu zituen lehen bertsio hark. Lehengoaren ondoren liburuaren beste zenbait bertsio moldatu dituzte Sikh Guruek. Hainbat hizkuntzatan daude idatzita kantu horiek, baina punjabiera eta hindu hizkuntzak dira guztien artean nagusi.