Achternbusch, Herbert
Idazle, aktore eta zinema zuzendari alemaniarra (Munich, 1938). Haurtzaroa eta gaztaroa Bavarian eman zituen, eta Alemaniako eskualde hori da oraindik ere bere inspirazio iturri nagusia. Era askotako esparruak landu ditu: antzerkiak eta irratirako gidoiak idatzi ditu, itzultzaile, pintore eta eskultorea da; ekoizpena ere oso zabala du, eta sailkatzen oso zaila. Lehen narrazioetan (Die Alexanderschlacht, 1971, Alejandroren gatazka; L’État c’est moi, 1972, Ni naiz estatua) genero batzuk eta besteak nahasten ditu, esate baterako nobela, kontakizuna, zinema-gidoia eta bakarrizketa, besteak beste. 70eko hamarkadaren erdialdera, Das Kind ist tot (1971, Haurra hilda dago) film laburra egin ondoren, zinema bilakatu zen Achternbuschen esparru gogokoena. 1993. urtean Municheko Zinema Jaialdiko saria jaso zuen. Bere filmen testuak zinema gidoi modura nahiz prosan argitaratu dira. Zinema independentea eta oso pertsonala egiten du, erlijioa, gizartea eta abar zorrotz kritikatzen duena; abangoardismoa, kontzeptualtasuna eta probokazioa dira Achternbuschen ezaugarri nabarienak. Filmak: Das Andechser Gefühl (1974); Die Atlantikschwimmer (1975); Bierkampf (1976); Servus Bayern (1977); Der junge Monch (1978); Der komantsche (1979); Der Neger Erwin (1980); Das Letze Loch (1981); Der depp; Das gespenst (1982); Die Olympiasiegerin; Rita Ritter (1983); Balue Blumen; Der Wanderkrebs; Die Föhnforscher (1984); Heil Hitler (1985); Pumch Druck (1986); Wohin (1988).