Accardo, Salvatore
Italiar biolin jotzailea (Turin, 1941). Napoliko Kontserbatorioan ikasi zuen, eta 1956ko azterketetan lehen saria lortu ondoren, Sienako Academia Chigiana ikastetxera joan zen hobekuntza ikasketak egitera. Ordurako Vercelli (1955) eta Genevako (1956) Nazioarteko Lehiaketetan saritua zen, eta 1958an Italiako Irrati Difusioaren saria eta Genovako Biolin Lehiaketa Nazionaleko lehen saria bereganatu zituen. Sari hauek lorturik, Europako eta Ameriketako herrialde guztietara eramango zuten nazioarteko emanaldiak eskaintzen hasi zen. Ganbera musikaz interesaturik, Italiako Ganbera Orkestra sortu zuen 1968an; 1972an I Musici taldearen eraketan parte hartu eta 1977 arte jarraitu zuen taldean, urte hartan hasi baitzen biolin jotzaile bakarlarien errepertorio handia interpretatzen. Bakarlari gisa, Accardok Bachen obratik eta Vivaldiren kontzertuetatik hasi eta egungo musikarainoko obrak interpretatzen ditu, baina osperik handiena Paganiniren lan guztien joaldi eta grabazioek eman diote. 1987az geroztik zuzendari lanetan ere hasi da, baina ez da horregatik bere bakarlari jarduera alde batera utzi. Rossiniren L’occasione fa il ladro opera komikoa izan zen Accardok zuzenduriko lehen obra. Lehen ikasle aritutako lekuan, Academia Chigiana ikastetxean, irakasle ere izan zen 1973 eta 1980 bitartean. Accardok bere jabetzako bi Stradivarius erabiltzen ditu normalean: 1717ko Reiffenber izenekoa bata, eta 1718ko Suzko Txoria bestea.