Accardo, Anthony
Estatubatuar mafiosoa (Chicago, 1906 - Chicago, 1992). 1904an Chicagon kokatutako italiar etorkinen semea. Behe Chicagoko italiar auzoetan hezi zen, eta Big Tuna ezizenez ezagutzen zuten. Alfonso Caponeren mafia taldeetako ordezkari izan zen, eta etsaien aurkako eta mafiaren presioei eusten zieten hiritarrei zigorrak jartzeko lanetan espezializatu zen, 1920 eta 1930 bitarteko krisi garaian batez ere. 1929ko San Valentin egunean, Gobernu federalak agindutako Lege Lehorraren garaian, hirian nagusitasuna lortzeko lehian Bugs Moranen talde aurkariko zazpi kide metrailatu zituztenetako bat izan zen. Capone kartzelatu ondoren, talde barruan mailaz igo, eta 1943an buruzagi nagusietako bat bihurtu zen. Garai horretan zaldi lasterketetako apustuen kontrol sistema berrantolatu zuen, eta beste eskualde batzuetara zabaldu. Era berean, Las Vegasko apustu eta jokoen kontrola ere bereganatu zuen. 1951n, Washingtongo Senatuan deklaratzera deitu zuen Ernest Kefauver senatariak zuzenduriko Krimenaren aurkako Borroka Batzordeak, baina ezin izan zuten bere aurka ezer frogatu, nahiz eta askotan atxilotu zuten bahiketa, estortsio, lapurreta, hilketa, legez kanpoko jokoak… zirela-eta. 1950eko hamarraldian Sizilia eta Napoliko "familien" interesak batu eta legez kanpoko negozioak legeztatzeari heldu zion, mafiaren eragina politikara zabalduz. 1957an zerga ordainketei ihes egiteagatik esesten baitzuten, familien buruzagitza Sam "Momo" Giancanari utzi zion. Baina Accardo askotan agertu zen hark bideratutako gestioaren aurka, eta azkenik, 1975ean hil egin zuten Giancana. Dirudienez, Accardok ez zuen harrezkero kargu garrantzitsurik izan taldearen barruan.