Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

abortu

iz. Abortatzea. ■ Umekia umetokiaz kanpo bizitzeko gauza izan aurretik galtzea da abortatzea. Berez gerta daiteke ("haurra galdu"), edo nahita eragina izan daiteke. Azkeneko hori onartezina da zenbait kulturatan, baina beste batzuetan nahi gabeko haurdunaldia eteteko bide bat besterik ez da. Abortua, berez, operazio erraza eta arriskurik gabea da, horretan adituak diren medikuek egina denean haurdunaldiko lehen hiru hilabeteen barruan; haurdunaldiko hamahirugarren hilabetetik aurrera, baina, arriskutsua izan daiteke. Estatu Batuetan, emakumeak abortatzeko eskubidea izan aurretik (1973), legez kanpo eta behar ez bezalako baldintzetan egiten zen. Askotan emakumeak bizia galtzen zuen infekzioengatik edo odol jarioengatik, edota antzu geratzen zen. Abortatzeko ohiko kirurgia bidea metalezko edo plastikozko hodi bat umetokiaren lepotik umetokiraino sartzea da. Gero makina xurgatzaile baten bidez umetokia husten da. Operazioa eritegian egiten da eta umetokiko lepoa lokartzeko anestesia erabiltzen da. Bigarren hirugarren hilabeteen barruan egiten bada abortua, umetokia zabaltzeko forzepsak erabiltzen dira, eta barruko mukia karrakatu ondoren makina xurgatzailearen bidez husten da. Hirugarren hilabetearen barruan abortatzea ez da ohikoa, eta ez da egiten, non eta umekiak akats genetiko larriak ez dituen edo haurdunaldia luzatzea amaren osasunarentzat kaltegarria ez den. 1988an eztabaida handiak piztu zituen Frantzian asmatutako droga batek, RU 486 izenekoak, haurdunaldiko lehen zazpi hilabeteen barruan hartuta umekia umetokitik kanporarazten zuelako. Abortatzeko operazioak baino arrisku gutxiago edukitzea eta merkeagoa izatea ziren abantaila nagusiak. Frantzian, abortuaren kontrako taldeek drogaren salmenta geraraztea lortu zuten denboraldi batez, baina gobernuak salgai jartzea agindu zuen geroago. RU 486 drogak Estatu Batuetako, Frantziako eta beste herrialde askotako familia plangintzarako erakundeen babesa izan zuen, eta baita Osasunaren Mundu Erakundearena eta Ginekologia eta Obstetriziako Munduko Biltzarrarena ere. Drogak epe luzean zer ondorio izan ditzakeen ez da ezagutzen. Abortua nahi gabeko haurdunaldia eteteko bide gisa erabiltzen da herrialde askotan. Europan, 1992an, Irlanda zen abortua erabat debekatuta zegoen herrialde bakarra. Estatu Batuetan 1973an onartu zen, zenbait talderen eta batez ere Erromako eliza katolikoaren objekzioa gorabehera. Aurka daudenek abortua gizakia hiltzea dela diote. Abortuaren legezkotasuna aldarrikatzen dutenek, aldiz, emakumeak ugalketa kontrolatzeko eskubidea duela aipatzen dute, eta medikuek legearen zigorraren beldurrik gabe aritzekoa. Abortua legezkoa izan dadin beste zenbait arrazoi biztanleriaren kontrola, nahi ez diren haurrengatik sortzen diren arazo sozialak, eta legez kanpoko abortuaren arriskuak dira. ■ Espainian, 1985. urteko Abortuaren Despenalizazioaren Legearen ondorioz, abortua legezkoa da hiru kasutan: umekiak malformazioren bat duenean, amaren bizitza edo osasuna arrisku larrian dagoenean, eta ama bortxatu dutenean. Frantzian, Kode Penalaren 223-11 artikuluaren arabera, haurdunaldiaren etete terapeutikoa haurdunaldiaren edozein unetan eragin daiteke, bi sendagile adituren azterketa, eztabaida eta agiriarekin. Horrez gainera, 1975. urtean Veil legea jarri zen indarrean; lege horren arabera, zilegizkoa da, zenbait kasutan eta hainbat baldintza osasunezko eta legezko betez gero, haurdunaldiaren etete borondatezkoa. Bestalde, 1993. urtean haurdunaldiaren etete borondatezkoari eragozpenak jartzearen delitua sortu zen; halako abortuak egiten dituzten zentroetan arazoak sortzen dituztenak eta bertako langileak mehatxatzen dituztenak izan daitezke delitu horren errudun.