ablazio
iz. Emakumezkoaren sexu alderdiak ebakitzea, erlijioaren edo errituren baten kariaz. Emakumezkoaren ablazioan (klitoridektomia ere deitua) klitorisaren eta aluaren ezpain handien eta txikien zatiak erauzten dira ebakuntzaz. Batzuetan infibulazioa egiten da, hau da, ezpain handiak jostea, gernua eta hileko odola irteteko irekidura txiki bat bakarrik utzita. Klitorisa oso organo sentibera da, garrantzi handikoa emakumezkoaren desira pizteko orduan; batzuen ustez, ablazioa, erlijio edo erritu arrazoiak gorabehera, emakumezkoaren sexu nahia deuseztatzeko egiten da, ezkontzaz kanpoko sexu harremanak kontrolatzeko, eta emakumea sexu harremanetako subjektu pasiboa izan dadin. Ablazioa pairatu duten emakumeek oinaze handiak izaten dituzte sexu harremanetan edo erditzeko orduan. Ebakuntza ere arriskutsua da, emagin ikasigabeek eta egoera higieniko kaskarretan egiten baita sarritan, infekzioak harrapatzeko arrisku handiarekin. Infibulazioak, gainera, hileko odola atxiki dezake, eta heriotza eragin. Giza eskubideen aldeko organizazioek ablazioa debekatzeko neurriak har daitezen eskatzen dute. Feministentzat emakumeak kontrolpean edukitzeko eta haien mendekotasuna iraunarazteko bitarteko bat da ablazioa. Hala ere, askotan, emakumeak berak dira alabak ebakuntza egitera behartzen dituztenak.