Abkhazia
Georgiako errepublika autonomoa, Sobietar Batasuneko errepublika autonomo ohia, Itsaso Beltzaren ertzean. 8.600 km2 eta 537.000 bizt. Hirib. Sukhumi. Nekazaritza: tabakoa, laboreak, fruitu garratzak. Sobietar Batasunaren barruan autonomia handiagoa zuten beste errepublika batzuek ez bezala, Abkhazia bezalako “eskualde autonomoek” ez zuten burujabetza eskuratu Sobietar Batasuna desagertu zenean, eta hori dela-eta borroka gogorrak izan dira bertan. ■ 1810ean, Abkhazia, otomandarren mendean egona ordu arte, Errusiaren mendean geratu zen, Abkhaziako printze George Xabxbaren baimenaz. Urteetan tsarraren eta sultanaren arteko borrokaleku izan zen. 1878an, abkhaziarren erdia baino gehiago Turkiara eraman zituzten indarrez, eta armeniarrek, megrelek eta errusiarrek kolonizatu zuten lurraldea. 1921ean, Abkhaziako Sobiet Errepublika Sozialista eratu zen, baina lurraldea Georgiaren barruan geratu zen berehala, probintzia autonomo gisa. Hurrengo urteetan, georgiarrek kolonizatu zuten, eta lurraldeko etnia nagusia izatea lortu zuten. 1980ko hamarraldiaren bukaeran, Abkhaziako georgiarrek Sobietar Batasunetik bereiztea eskatu zuten, gainerako biztanleen gogoz kontra. 1992ko abuztuan, Georgiak bere gudarostea bidali zuen eskualdea baketzera, baina hurrengo urteko urrirako, azpiratua izan zen, eta bertan bizi ziren georgiar gehienak iheslari bihurtu ziren. 1994ko ekainean, 24 kilometroko mugalde bat eratu zen, Errusiako bake indarren kontrolpean. Urte hartan, Abkhaziak konstituzio bat onartu zuen eta errepublika burujabe demokratiko bihurtu zen. 1997an, abkhaziarrek legebiltzar berria hautatu zuten, baina Georgiak legez kontrako jo zituen bai konstituzioa bai legebiltzarra.