Abbado, Claudio
Italiar musika zuzendaria (Milan, 1933). Zortzi urte zituela jabetu zen musikarekiko zuen zaletasunaz, eta bere jaioterriko Giuseppe Verdi Akademian piano, konposizio eta orkestra zuzendaritzako ikasketak egin zituen. 1955. urtean Vienara joan zen Hans Swarowsky zuzendariarekin ikastera. 1958. urtean Tanglewooden (Estatu Batuetan) Koussevitzky saria jaso zuen, eta Italiara itzulita Milango Kontserbatorioko ganbera musikako irakasle izendatu zuten. 1960. urtean aritu zen lehen aldiz zuzendari gisa bere hiriko Teatro alla Scalan, eta hiru urte geroago hasi zen bere izena nazioartean entzuten, Mitropoulos Lehiaketan orkestra zuzendaritzako lehen saria jaso eta Herbert von Karajanek Salzburgoko Jaialdian Gustav Mahlerren Bigarren Sinfonia zuzentzeko gonbita egin zionean. Huraxe izan zen Vienako Orkestra Sinfonikoarekin izan zuen lehen harremana; orkestra haren zuzendari gonbidatu izan zen 1971. urtetik aurrera, eta zuzendari titularra 1986-1989 bitartean. 1971. urte horretan bertan Vienako Mozartgemeinek Mozart domina eman ziolarik, munduko antzoki eta kontzertu areto onenetatik hasi zitzaizkion deitzen, betiere bere hiriari eskainiko bazizkion ere bere denbora eta ahalegin gehienak. 1968an Milango Scalako Operako musika zuzendari izendatu zuten eta, horrez gainera, 1977-1979 bitartean, bertako zuzendari artistikoa izan zen. 1982. urtean Scalako Orkestra Filarmonikoa sortu zuen; urte horietan lan handia egin zuen musikaren kultura gizarte osora zabaltzeko. 1989. urtean, Herbert von Karajan hil zenean, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendari izendatu zuten; 2002 arte egon zen postu horretan. 2002an urdaileko minbizia diagnostikatu zioten, baina ebakuntza larri baten ondoren, sendatu egin zen. Azken urteotan zenbait gazte-orkestra sortu du.