Departamento de Cultura y Política Lingüística

Done Jakue bidea

Erdi Aroko bidea Done Jakueren hilobira erromesaldia egiteko. ■ 813. urtean ermitari batek, Iria Flavian, Erromako beheko inperioren hilobi bat aurkitu zuen. Teodomirok, Iria Flaviako gotzaiak, leku hartan Done Jakueren gorputza lurperatuta zegoela esan zuen eta Aita Santuak aurkikuntza egiaztatu. IX. mendean bukaeran Europako lehenengo erromesak joaten hasi ziren, eta luze baino lehen Done Jakueren hilobia, Erromarekin eta Jerusalemekin batera kristautasunaren leku santu garrantzitsuena bilakatu zen. ■ Paris, Vezelay eta Le Puy izan ziren bidearen gune nagusiak Frantzian. Iberiar Penintsulan bideak bi adar zituen: kostaldekoa eta barrualdekoa, adar nagusia. Bide nagusia Nafarroatik sartzen zen penintsulan eta Iruñea, Gares eta Lizarra zeharkatzen zuen; gero Gaztelatik jarraitzen zuen Santiagoraino. Beste bideak Somportetik eta Jakatik zehar joaten ziren bainan gero adar nagusiarekin elkartzen ziren. Kostaldekoak alde batetik Baiona, Bilbo eta Santillana zeharkatzen zuen eta beste aldetik Gipuzkoatik eta Arabatik adar nagusiarekin lotzen zen. Bidean zehar erromesek ospital eta monasterio asko zituzten atsedeteko. Santiago bidearen bitartez, kultura eta artea hedatu ziren eta eritasun asko ere bai. Done Jakue bideak eta bertako erromesen joan-etorriak eragin handia izan zuen Euskal Herrian, kulturari eta arteari dagokionez batez ere. Eragin hori erakusten duten monumentu aipagarriak dira, besteren artean, Orreagako monasterioa, Eunateko eliza, Garesko zubia, Lizarrako elizak eta beste hainbat monumentu erromaniko eta gotiko.