Departamento de Cultura y Política Lingüística

Santiago, santua

(Santiago Nagusia eta Zebedeoren semea deitua. Eusk. Jaun Done Jakue eta Jakes). Kristoren hamabi apostoluetako bat (Galilea, Palestina, K.a. I. mendearen bukaera - Jerusalem, 44). San Joanen anaia nagusia zen eta Jesu Kristoren hurbileko taldean ibili zen beti, haren lehen jarraitzaileetako bat izan baitzen. Herodes Agripa I.a Judeako erregeak hilarazi zuen K.o. 44. urtean (Apostoluen Eginak, XII, 2). Hispaniako tradizio baten arabera, Galiziako Compostelara eraman zuten Santiagoren hilotza; Erdi Aroan, musulmanen aurkako gudulari nagusi bihurtu zuten gaur egungo Espainian, eta Europa guztira zabaldu zen haren ospea XI. mendetik aurrera (ik. Santiagoko bidea). Euskal Herrian ere kristau santu ohoratuenetako bat izan da.