Departamento de Cultura y Política Lingüística

San Antonio

Estatu Batuetako hego-erdialdeko hiria, Texasko estatuaren hegoaldean, Houston-go hiriaren eta Mexikoko mugaren artean, izen bereko ibaiaren ertean. 935.930 biztanle (1.200.000 biztanle ditu hirialdeak). Unibertsitatea. Gaztelera da hizkuntzarik erabiliena hiriko parte handietan, mexikar jatorrikoak baitira bertako biztanleen % 40. Demografia hazkuntza handia izan du hiriak XX. mendean zehar petrolioaren inguruan sortutako industriari esker (160.000 biztanle zituen 1920an). Industria (petrolio findegiak, kimika industria, metalurgia, ehungintza, tabakogintza) da ekonomia jarduera nagusia eta, Dallas-eko hiriarekin batera, Texasko estatuko administrazio gune nagusia da. Badira, halaber, bost base militar hiriaren inguruan. Monumentuei dagokienez, kolonia garaiko eraikuntza batzuk gorde dira: gobernariaren jauregia, misioen egoitzak eta El Alamotik hurbil dagoen La Villita herrixka koloniala.  v  Historia. San Antonio Valero frantziskotar misioaren eta San Antonio de Béjar presondegiaren inguruan sortu zen hiria (1718). 1809. urtean jaso zuen hiri-gutuna, eta 1835ean Texasko gudaroesteak konkistatu zuen.