Departamento de Cultura y Política Lingüística

samurai

iz. Antzinako Japoniako militar kastako kidea, jaun feudal baten zerbitzura izan ohi zena. Kamakura-ko shogun aldian (1192-1333) estoizismoa eta diziplina izan ziren samuraien jokaeraren ezaugarriak. Muromatxi aldian (1338-1573) samuraiek ohore araudi estu bati jarraitzen zioten; geroago Bushido izena eman zitzaion hari. Halaber, zen budismoaren eraginpean samuraien kultura, espero izatekoa ez bazen ere, te zeremoniaren eta lore apainketaren artearen sorburua izan zen. Tokugawa aldia (1603-1867) bake garaia izan zen, eta hirien zein merkataritzaren hazkuntzak samuraiena ez zen kulturaren garapena ekarri zuen. Hori samuraien garrantziaren kaltetan gertatu zen; bestalde, Tokugawa aldiaren amaieran samuraien ekonomia maila apaldu zen. Horrenbestez, samuraietariko batzuek, mendebaleko nazioen eskuhartzeak bultzatuta, Meiji enperadorea berriro ezartzen esku hartu zuten. Feudalismoa desagertuz geroztik (1871), ordea, behin baino gehiagotan matxinatu ziren baina gudaroste nazional berriak laster menderatu zituen.