Departamento de Cultura y Política Lingüística

Ross, Scott

Estatubatuar piano eta klabezin jotzailea (Pittsburgh, 1951 - Assas, Montpelliertik hurbil, 1989). Pianoarekin hasi zituen musika ikasketak, eta bost urte zituela eskaini zuen lehenengo emanaldia. Baina berehala, klabezinarekin zaletu zen. Hamabi urte zituela aita hil zitzaion eta Frantziara joan zen bizitzera amarekin. Nizako Kontserbatorioan (1965-1968), René Saorginekin organoa ikasi zuen eta Huguette Grémy-Chauliac-ekin klabezina. Bere lehenengo saria irabazi ondoren (1968), Parisko Kontserbatorioan sartu zen. Klabezina Robert Beyron-Lacroixekin landu zuen, baxua Laurence Boulayrekin, eta organoa Michel Chapuisekin. 1971n, Brujasko Nazioarteko Lehiaketako lehenengo saria irabazi zuen. Hurrengo urtean, Speciaal Hoger Diploma eman zioten Anberesen. Hura izan zen Scotten debuta kontzertuei dagokionez, eta orobat diskografiakoa. Rameauren lan osoa (1975), Scarlattiren hogeita hamar sonata (1976), Fracois Couperinen lan osoa (1978) grabatu zituen. Horrez gainera, irakasle aritu zen 1973. urteaz geroztik Lavaleko Unibertsitatean (Québec), eta Okzitaniako (1974-1980) eta Borgoinako (1980) antzinako musikako akademietan irakatsi zuen. Kenneth Gilbertekin batera Pièces de clavecin argitaratu zuen eta Scarlattiren lan guztien bilduma. Diskografia etengabe aberasten joan zen, organo eta klabezinekoa batez ere. Zorroztasuna eta fantasia maisutasunez batzea lortu zuen Rossek.