Departamento de Cultura y Política Lingüística

Ronsard, Pierre de

Frantses poeta (La Possonnière, Couture-tik hurbil, 1524 - Saint-Cosme, Tours-etik hurbil, 1585). Familia noble bateko semea zen eta erregearen gortean sartu zen morroi 1536an. Eskozian eta Alsazian barrena bidaiatu zen baina, gorreriak jota, albo batera utzi behar izan zituen diplomazian jarraitzeko asmoak eta literatura idazten hasi zen. Parisko Coqueret eskolan sartu zen eta hainbat ikaskiderekin batera, Joachim du Bellay-rekin besteren artean, 1550. urtetik aurrera La Pléiade izenaz ezagutu zen poeta taldea sortu zuen. Talde berri horren xede nagusia frantsesezko literatura mota berri bat sortzea zen, idazle greko-latinoengan oinarritua. Ronsarden lehen poesia bildumari (1550, Odak) Horazio erromatarraren eragina igarri zaio eta bigarren literatura lanean (1552, Maitasunak) argi utzi zuen italiar lirikarekiko mendekotasuna. Les Meslanges (1555, Denetarik) eta Continuation des amours (1555, Maitasunen jarraipena) poesia bildumetan agertu zuen benetako izaera eta sentiberatasun berezia. 1555-1556 urteetan idatzi zuen Himnes (Himnoak) bilduman, berriz, gai filosofikoak, erlijiozkoak eta mitologikoak landu zituen. Karlos IX.ak gorteko olerkari izendatu zuen 1558an eta erlijio gerrak piztu zirenean monarkiaren aldeko agertu zen Ronsard, Discours (1562-1563, Hitzaldiak) lanaren bidez. Egilearen obrarik arnas handienekoa, La Franciade, lehen lau kantak argitaratu ondoren alboratu zuen (1572). Karlos IX.a 1574. urtean hil zenean, bizitza publikotik erretiratu zen. Sonnets pour Hélène (1578, Helenari zuzendutako sonetoak) sonetoak egileak bizitzari zion maitasun itzalezina agertzen du eta, agian, Ronsarden poesia lanik ederrena da. Hurrengo bi mendeetan hein batean baztertua izan bazen ere, frantziar molde klasizistaren sorreran garrantzia handia izan zuen arren. Kritikari erromantikoek jaso zuten Ronsard-en obra dagokion mailara.