Roman de la Rose
XIII. mendeko kontakizun poema frantsesa, estilo alegorikoan maitasunaren gaia ukitzen duena. Bi zatiz osaturik dago. Zortzi silabako 4.000 bertso inguru biltzen dituen lehena 1236 inguruan idatzi zuen Guillermo de Lorris-ek, eta lau aldiz luzeagoa den bigarrena 1275 eta 1280 artean egin zuen Jean de Meung-ek. Lehenengoa amodiozko konkista baten kontakizuna da; Ovidioren lanean inspiratua da eta ars amandi gorteko baten antzera moldatua da; sinboloa –arrosa: maitatzen den dama– eta alegoria erabiltzen ditu etengabe. Bigarren zatia, guztiz desberdina, aurrekoaren jarraipen formal gisa aurkezten bada eta alegoria erabiltzen badu ere, bere garaiko zientzia eta filosofia ezagupenen bilduma da, eta emakumeen aurkako erasoak ere agertzen ditu bertan. Hala, lehen zatia aristokratikoa, feudala eta abstraktua da, eta burgesiak errealitateaz eta historiaz duen ikuspuntu berria agertzen du bigarrenak. Obra horiErdi Aroko gailenetarikoa da, eragin handia izan zuen gerora, eta XIV. eta XV. mendeetan teologoen eta literatura egileen arteko eztabaida luze bat sortu zuen.