Departamento de Cultura y Política Lingüística

Roland, La Chanson de

(Eusk. Errolanen Kantua). Frantziako poema epikoa, Karlomagnoren biografiaren inguruan idatzi zen garrantzizkoena. Frantziako chanson de geste edo poema epiko zaharrena da; X. mende bukaera aldera idatzi zen, eta Francisque Michel-ek argitaratu zuen lehenengoz 1837an. Frantsesez idatzia da, dialekto anglo-normandiarrean, eta Turold idazleak idatzi zuen osorik. Obra Bretainiako marka edo muga-lurretako konde eta Karlomagnoren iloba eta buruzagi militar nagusietakoa zen Errolan-en inguruan egituratua da, eta Karlomagno errege kristauaren eta Hispaniako musulmanen arteko gerra du gaia, Orreagako gudua dela une eta gune nagusia (Errolan-en heriotza). Lau parte nagusi ditu (musulmanen traizioa, Orreagako gudua, etsai paganoei emaniko zigorra eta traidorearen kondena), asonantzian loturiko hamar silabako lerroetan antolatuak. Historiako egiazko gertakariak guztiz bihurrikaturik daude (frankoen eta euskaldunen arteko gerra Karlomagnok gidaturiko kristauen eta musulman gaiztoen arteko gerra bihurtu da poeman; berebat gertatzen da Orreagako guduan) eta maila gorenera eramanak dira pertsonaia batzuen ezaugarri epikoak, frankoen abertzaletasuna eta kristau munduaren nagusigoa azpimarratzearren. Bestalde, guztiz nabarmentzen dira poema idatzi zen garaian sendotzen ari zen gizarte feudalari zegozkion ezaugarri nagusiak.