Departamento de Cultura y Política Lingüística

Prévert, Jacques

Frantses olerkaria eta zinema idazlea (Neuilly-sur-Seine, 1900 - Omonville-la-Petite, 1977). 1925ean talde surrealistako kide egin zen, baina 1928an taldetik bota zuten diziplinarik ez omen zuelako. 1932tik 1936ra Octobre antzerki taldean aritu zen idazle eta aktore gisa. Aldi berean zinemarako idazten hasi zen. Garai hartan idatzi zituen bere anaia Pierre Préverten L’affaire est dans le sac (1932, Afera zakuan dago) eta Jean Renoir-en Le crime de M. Lange (1935, M. Langeren hilketa) filmen gidoiak eta elkarrizketak. Handik aurrera hogeita hamabost bat filmetan parte hartu zuen, besteak beste: Jenny (1936), Drôle de drame (1937, Drama bitxia), Quai des brumes (1938, Lanbroen kaia), Le jour se lève (1939, Eguna argitzen da), Les visiteurs du soir (1942, Arratseko bisitariak), Les enfants du paradis (1945, Paradisuko haurrak), Les portes de la nuit (1946, Gaueko ateak). 1946an argitaratu zuen bere lehenengo olerki bilduma, Paroles (Hitzak), arrakasta handia izan zuena; liburu horretako olerki asko kantu bihurtu ziren eta oso ezagunak egin ziren. Beste liburuak: Histoires (1946, Historiak), André Verdetekin batera idatzia; Spectacle (1951, Ikuskaria), La Pluie et le Beau Temps (1955, Euria eta eguraldi ona), Fatras (1965), Choses et autres (1972, Gauzak eta beste), Hebdomadaires (1975, Asterokoak), Arbres (1976, Zuhaitzak).