Departamento de Cultura y Política Lingüística

Prêtre, Georges

Frantses orkestra zuzendaria (Waziers, 1924). Tronpeta eta konposizioa Parisko Kontserbatorioan ikasi zituen. Ondoren, orkestra zuzendaritza ikasten hasi zen André Cluytensekin batera. Berehala, errepertorio lirikoari lotu zitzaion eta Frantziako opera antzokietan zuzendari aritu zen, Marseillan, besteak beste. Okzitaniako Tolosako Capitoleko musika zuzendaria izan ondoren (1951-1955), Opera Komikoko zuzendari jardun zuen 1956-1959 bitartean. Estatu Batuetan Chicagon egin zuen debuta eta ondoren, 1960an, Parisko Operako zuzendaria izan zen. 1962an, Londresko Orkestra Filarmonikoko zuzendari titular izendatu zuten. Horrez gainera, antzoki nagusietara gonbidatu dute: Londresko Covent Garden, New Yorkeko Metropolitan Opera, Milango Scala, Vienako Opera. Maria Callasen zuzendari izan zen behin baino gehiagotan, eta harekin grabatu zituen Giacomo Pucciniren Tosca eta Georges Bizeten Carmen. XIX. mendeko frantses eta italiar errepertorioa landu du batez ere.