Departamento de Cultura y Política Lingüística

Potemkin, Grigori Alexandrovitx

Errusiar politikoa eta militarra (Tchiskhovo, Bielorrusia, 1739 - Skaliany, Besarabia, 1791). Errusiako Katalina II.a enperadoreak begiko zuen eta haren hurbileko aholkulari izendatu zuen. Eragin handia izan zuen enperadorearengan, eta haren erresuma handitu eta zabaldu zuen. Errusiaren eta Turkiaren arteko lehen gerraren ondoren Errusiak 1774an Itsaso Beltzetik Ukrainaraino beretuak zituen lurraldeetako gobernari izendatu zuten. Kargu horretan antolatzaile bikaina zela frogatu zuen: biztanleak ekarri zituen kanpotik Ukrainako estepara, eta hiriak, gotorlekuak eta portuak sortu zituen; Krimeako khan herria beretu zuen, Sebastopol hiria sortu eta han finkatu zuen Itsaso Beltzeko itsas armada. Errusiaren eta Turkiaren II. gerra (1787-1791) bitartean, Bizantzioko inperioa berriro sortzeko eta Konstantino Katalina II.aren biloba inperio horretako buru izendatzeko asmoa izan zuen. Gudarosteko buru izendatu zuten; itsas armada galdu zuen eta nekez beretu zituen Otxakov eta Bendery hiriak. Suvorov-ek ordezkatu zuen. Bitartean, etsaiak azpilanean ari izan zitzaizkion eta enperadoreak Zoubov izendatu zuen aholkulari. Enperadorearen begikotasuna berreskuratzen saiatu zen Potemkin, alferrik ordea.