Departamento de Cultura y Política Lingüística

potasio

iz. Gai bakuna, zilar koloreko metal malgua (K; at.-z. 19; at.-m. 39,09). Balentzia 1 da. K40 isotopoa gai natural erradioaktiboa da. Baditu sintesi bidez lortutako beste bi isotopo egonkor ere. Metal alkalinoen taldeko gairik erreaktiboenetakoa da. Humphry Davy ingeles kimikariak bakartu zuen 1807an, eta berak eman zion potasio izena. Zilar koloreko metal biguna da, eta oso erraz oxidatzen da aire hezetan. 0,862 g/cm3 du pisu espezifikoa; 63 °C-tan urtzen da eta 770 °C-tan irakiten du. Potasioa duten mineralik garrantzitsuenak karnalita (magnesioaren eta potasioaren kloruro bikoitza, MgCl2.KCl.6H2O) eta silbina (potasio kloruroa, KCl) dira. Potasio karbonatoa ikatzaz erreduzituz edo potasio kloruroa sodioarekin destilatuz prestatzen da potasioa. Indar handiz erreakzionatzen du, eta hidrogeno sukoia eta bero handia ematen du; hori dela eta kontuz erabili behar da. Amoniako isurkarian, anilinetan, merkurioan eta sodioan urtzen da. Halogenoekin eta beste gai bakun batzuekin oso erraz erreakzionatzen du, eta horrela lortzen diren konposatuak ongarriak eta lehergaiak prestatzeko erabiltzen dira. Landareen elikapenean oinarrizko gaia da potasioa eta lurzoruan aurkitzen da; animalien organismoko zeluletan eta metabolismoan ere eginkizun garrantzitsua du. Potasioak eratzen dituen konposatuen artean garrantzitsuenak hauek dira: potasio hidroxidoa, potasio kloruroa, potasio karbonatoa, potasio nitratoa, potasio kloratoa eta potasio permanganatoa.  v Potasio hidroxidoa (KOH). Base indartsua. Ur disoluzioan K+ eta OH- ioietan erabat ioitua aurkitzen da, eta, beraz, oso base indartsu baten tasunak ditu. Hori dela eta laborategian erabiltzen da. Xaboi bigunak egiteko ere erabiltzen da.  v Potasio kloruroa (KCl). Kristal kolore gabe edo zuri gisa agertzen da. Silbita gisa aurkitzen da izadian. Uretan ongi urtzen da, pixka bat alkoholean eta batere ez eterrean eta azetonan. Laborategian erabiltzen da analisiak egiteko, eta pixka bat ongarriak prestatzeko.  v Potasio karbonatoa. ik. potasa.  v Potasio nitratoa (KNO3). Hauts edo kristal zuri edo garden gisa agertzen den gatza. Uretan eta glizerinatan urtzen da, eta baita ere pixka bat alkoholetan. Oxidatzaile indartsua da, eta gai organikoekin nahastuta berotzen bada sutea edo leherketa sor dezake. Piroteknian lehergaiak prestatzeko, ongarriak prestatzeko, beira ekoizteko, janariak ontzeko, koheteen propultsore trinkoak oxidatzeko eta abar erabiltzen da. nPotasio kloratoa (KClO3). Kristal garden, kolore gabe edo hauts zuri gisa agertzen da. Ur irakinetan urtzen da. 400 °C-taraino berotuz oxigenoa askatuz deskonposatzen da. Potasio kloruroaren disoluzio kontzentratu eta bero baten elektrolisi bidez, edo potasio kloruroa sodio kloratoarekin erreakzionaraziz lortzen da. Oxidatzaile indartsua da, eta erregaiekin (sufrea, azukrea…) nahaste lehergarri bat eratzen du. Oxidatzaile eta oxigeno iturri gisa, lehergaiak eta desinfektatzaileak prestatzeko, gaiak zuritzeko eta abar erabiltzen da.  v Potasio permanganatoa (KMnO4). Kolore urdin iluneko kristal gisa agertzen den gatza. Uretan, azetonatan eta metanoletan ongi urtzen da. Oxidatzaile indartsua da. Manganatoaren oxidazioz prestatzen da. Gai organikoekin nahastua dagoenean suteak edo leherketak eragin ditzake. Desinfektatzaile eta oxidatzaile gisa, gaiak zuritzeko, laborategiko erreaktibo gisa, gai organikoak ekoizteko, antiseptiko gisa medikuntzan, airea eta ura garbitzeko eta abarretarako erabiltzen da.