Departamento de Cultura y Política Lingüística

Novalis

(Jaiotza izenez, Friedrich Leopold von Hardenberg baroia). Alemaniar olerkaria eta eleberrigilea (Oberwiederstedt, Frankonia, 1772 - Weissenfels, Halle, 1801). Alemaniako lehen erromantizismoaren olerkari eta kontalari garrantzitsuena da. Jenako unibertsitatean ikasi zuen eta Fichte eta Schiller izan zituen irakasle. Ondoren Leipzig-era joan zen natura zientziak ikastera eta han Schlegel ezagutu zuen; bere lehen olerkiek hiruren eragina dute. Lehen emaztegaiaren heriotzak (Sophie von Kühn, 1797) are eragin erabakigarriagoa izan zuen Novalisen obran: emakume ezin hobearen iruditzat hartu zuen eta melankoliaz kutsatu zuen bere obra. Jenan erromantikoekin harremanetan hasi zen. Gero administrazioan postu garrantzitsu bat lortu zuen (1800), baina handik hilabete gutxira hil zen tuberkulosiak jota. Novalis-en bizitzaren azken bost urteak guztiz emankorrak izan ziren. Berez mistizismo eta indibidualismorako joera zuen. Maitearen galerak Hymnen an die Nacht (Gauari ereserkiak, 1780) inspiratu zuen; bertso librean idatzitako sei poema horietan heriotza kantatu zuen, goragoko bizitza baten abiagunetzat hartuz. Bukatu gabe utzitako Heinrich von Ofterdingen (1802) eleberria Erdi Aro idealizatu batean kokatu zuen; han, ikus daitekeenaren eta ikustezina denaren batasun magikoa kantatu zuen: obra honen idealismoa Goethe-k Wilhelm Meister-en errealismoari kontrajartzen zaio. Die Christenheit oder Europa (1799) saioan Mendebaleko fede batasuna proposatu zuen, betiere Erdi Aroko izpirituan oinarriturik. Beste obra zenbait: Geistliche Lieder (1799); Die Lehrlinge zu Sais (1802).