Departamento de Cultura y Política Lingüística

Norvegia

(Izen ofiziala, Norvegiako Erresuma; Norvegieraz, Kongeriket Norge). Europako iparraldeko estatua, Eskandinaviako penintsularen mendebaldean. 324.200 km2 eta 4.805.437 biztanle (2009, norvegiarrak). Mugak: iparraldean, Barents itsasoa; ipar-ekialdean, Errusia eta Finlandia; ekialdean, Suedia; hego-ekialdean eta hegoaldean, Ipar Itsasoa; mendebaldean, Norvegia itsasoa. Hiriburua: Oslo (573.388 biztanle). Hizkuntza: norvegiera. Etniak: norvegiarrak, % 96. Erlijioa: luteranoak, % 88. Dirua: koroa.  v  Lurraldea. Eskandinaviako mendilerroak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du lurraldea. Mendebaldean, hormategiek oso ibar sakonak zulatu zituzten, egungo itsas maila baino askoz beherago; horrela sortu ziren kostaldeko “fiordoak”, itsasadar estu sakonak hormatzar zuten artean. Gulf Stream itsaslasterraren iparraldeko adarraren eraginez, negu heze atseginak ditu, eta uda hotzak. Goialdeak zotal eta tundra eremu zabalak dira. Iparraldean elur oreina zaintzen duten nomada talde txikiak bizi dira, samiak (edo laponiarrak). Jenderik gehiena hegoaldean bizi da, Oslo aldean. Dena dela, lurraldeko hamar zatitik bederatzitan ez da inor bizi.  v  Klima eta landaredia. Norvegiak, Iparburuko zirkuluaren inguruan izanagatik, Gulf Stream itsaslasterraren eta hegoaldeko haizeen eraginez, klima nahiko samurra du. Udan, batez beste, 17 °C izaten dira hegoaldean eta 10 °C iparraldean; neguan, berriz, -2 °C hegoaldean eta -10 °C iparraldean. Urtean 2.000 mm euri baino gehiago izaten da kostaldean, eta 500 mm inguru barnealdean. Bestalde, lurraldea oso iparreko latitudean dagoenez, Norvegiako iparraldean, maiatzaren erditik uztailaren bukaeraraino eguzkiak egun osoan argitzen du; negua ordea oso luzea eta iluna da.  v  Basoak lurraldearen laurden bat hartzen du. 2.000tik landare motatik gora dira: haritza, lizarra, zumarra, astigarra, urkia, picea generoko pinuak…, hormategiek irekitako haranetan batez ere.  v  Biztanleak. Norvegiak Europako biztanle dentsitate txikiena du, 13 biztanle km2 bakoitzeko, gutxi gorabehera. Biztanle kopurua oso poliki handitzen ari da: % 0,4 1989 eta 1996 bitartean. Jaiotza tasa etengabe jaisten ari da eta bizi itxaropena munduko handienetakoa da –81 urtekoa emakumezkoentzat eta 75 urtekoa gizonezkoentzat–. Hori dela eta, biztanleria zahartzen ari da. Biztanle gehienak norvegiarrak dira. Iparraldean, Finnmark probintzian, samiak edo laponiarrak bizi dira (40.000 inguru). Biztanleen erdia hego-ekialdean bizi da, hiriburuaren inguruan, eta hiru laurdenak baino gehiago itsasotik bertan bizi dira, hirietan. Hiriburuaz gainera –hiriburua da herrialdeko portu eta industriagune nagusia–, Bergen (mendebaldeko kulturagunea, 223.100 biztanle), Trondheim (143.000 biztanle), Stavanger (104.000 biztanle) eta Baerum (97.000 biztanle) dira hiri nagusiak. Norvegiera da hizkuntza ofiziala. Bi hizkuntza maila edo mota bereizten dira: bokmala –danieratik eratorria–, kulturan eta administrazioan erabiltzen dena, eta nynorsk edo landsmala, Danimarkaren mendean egon aurreko hizkeraren ondorengoa. Laponiarrek beren hizkuntza gorde dute. Erlijio nagusia luteranismoa da; estatuaren babesa du (apaizak funtzionarioak dira), baina erlijio askatasuna erabatekoa da.  v  Ekonomia. Norvegia munduko herrialde aurreratuenetako bat da: ekonomia modernoa, askotarikoa eta sektoreen artean ongi orekatua du. Herrialdearen aberastasun iturri nagusiak bere basoak eta itsasoko arrain eta energia baliabide handiak dira. Nekazaritzak ez du halako garrantzirik, klima ez baita egokiena, eta lurrak ere ez du askorik laguntzen. Hego-ekialdean, baina, ustialeku handi batzuk daude, behar bezala hornituak, garagarra, patata eta abar egiteko. Nolanahi ere, eta elikagaiei dagokienez, herrialdeak ez du barne eskaria asetzeko adina ekoizten, eta kanpoan erostera behartuta dago. Beraz, nekazaritzarako erabiltzen ez den lurra, larretarako erabiltzen da. Nekazaritza ez bezala, abeltzaintza oso errentagarria da. Batez ere behiak hazten dira, esnea eta gurina esportatzeko adina. Behiez gainera, ardiak, ahuntzak, zerriak eta elur oreinak hazten dira, eta baita larru fineko animalia batzuk ere (azeriak, martak). Baina arrantza eta basoa dira Norvegiaren aberastasun iturri nagusiak. Bi sektore horietan Europako eta munduko lehenetakoa da. Izai basoek paper industria handia hornitzen dute. Herrialde osoan daude zura lantzeko lantegiak edo paper fabrikak, baina gehien-gehienak hiriburuaren inguruan daude. Norvegiako ontzidia munduko hoberenetako bat da, eta arraina lantzeko eta eraldatzeko industria asko hornitzen ditu. Balearen arrantza izan da oraintsu arte herri honen jarduera tradizional nagusietako bat. Mea baliabideei dagokienez, Norvegiak kobrea, burdina, titanioa, nikela eta zinka ditu, baina ez oso kopuru handietan. Itsasoan, berriz, petrolio eta gas hobi handiak daude, herrialdeko energia beharrak asetzeko eta kanpora esportatzeko adinakoak. Industria, modernoa eta askotarikoa, zentral hidroelektrikoetan sortutako energiaz hornitzen da gehienbat. Inportanteenak inustria metalurgikoak, kimikoak eta mekanikoak dira, makina industria eta ontziolak ahaztu gabe. Horiez gainera, garrantzi handikoak dira arrantzarekin eta basoaren ustiapenarekin lotutakoak. Bestalde, turismoa ere gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da azkeneko urteotan, herrialdearen edertasunari eta azpiegitura bikainei esker. Mendialdean neguko estazio asko daude, era guztietako kirol zerbitzuak eskaintzen dituzten aisialekuak. 1994ko Neguko Olinpiar Jokoak bertan ospatzeak bultzada handia eman zion sektoreari.  v  Gobernua eta gizartea. Norvegia monarkia konstituzionala da. 1814ko konstituzioaren arabera Legebiltzarrak du legegintzako aginpidea eta erregeak berriz aginpide eragilea; egiteko hori, baina, Lehendakaria buru duen Estatu Batzordeak betetzen du erregearen ordez. Administrazioari dagokionez, 19 konderritan banatua dago. Alderdi politiko nagusiak Norvegiako Langileen Alderdia eta Alderdi Kontserbadorea dira.  v  Norvegiako biztanleek gizarte laguntzaren babesa dute eri direnean, ezintasunean, erretiroan etab. Osasun zerbitzuak egokiak eta dohain dira, eta osasun egoera oso ona da. Bizi itxaropena 73 urtekoa da gizonezkoentzat eta 80 bat urtekoa emakumezkoentzat. Lurraldearen aberastasuna, gizarte arazoei buruzko adostasuna eta politika egoera egonkorra direla eta, norvegiarrek munduko bizi maila garaienetako bat dute. Hezkuntza nahitaezkoa da 7-15 urte bitartekoentzat. Biztanleen % 100 alfabetatua da eta % 14 inguruk goi-mailako ikasketak ditu.  v  Kultura. Azpimarratzekoa da herrialde eta hizkuntza txikia izanagatik, Norvegiak, biztanle bakoitzeko, munduko liburu argitalpen kopuru handienetako bat duela. Kulturari egin dioten ekarriarengatik, aipatzekoak dira, besteak beste, Henrik Ibsen antzerkigilea, Edvard Grieg musikaria, Literaturako Nobel saria irabaziak diren Bjørnstjerne Bjørnson, Knut Hamsum eta Sigrid Undset idazleak, Edvard Munch pintorea, eta Gustav Vigeland eskultorea.  v  Historia. 1940an, Bigarren Mundu Gerraren hasieran, Alemaniak inbaditu zuen, bi hilabeteko borroken ondoren. Haakon erregea eta gobernua Londresera erbesteratu ziren, eta handik koordinatu zuten erresistentzia. Haakon 1957an hil zen eta haren semeak, Olaf V.ak, hartu zuen erregetza. Alderdi Laboristak 1935 eta 1965 bitartean gobernatu zuen, nazien okupazioaren garaian izan ezik. 1965ean gehiengo absolutua galdu zuen eta Per Borten, Alderdi Zentristako burua, izendatu zuten Lehen Ministro. Honek 1971n utzi zuen kargua, Europar Elkarte Ekonomikoarekin egindako negoziazioei buruzko informazio konfidentziala zabaldu zuela jakin zenean sortu zen krisiarengatik. Gerraren ondoren, Norvegiak alde batera utzi zuen bere usadiozko neutraltasuna, eta 1949an, NATOn sartzea erabaki zuen. Europako Ekonomia Elkartean sartzeko aukera 1972an baztertu zuen erreferendum bidez. Europar Elkartean sartzeko bere ekimenak huts egin arren, Alderdi Laboristak agindu zuen Norvegian 70eko eta 80ko hamarraldietan, Alderdi Sozialistarekin batera, batzuetan. 1981eko otsailean, Lehen Ministroak, Odvar Nordli-k, bere kargua utzi zuelarik osasun arazoengatik, Alderdi Laboristak Gro Harlem Brundtland izendatu zuen haren ordez. Harlem izan zen kargu hori hartzen zuen lehen emakumea. 1977an, Norvegiak 200 milietara zabaldu zuen bere itsas jabetasuna, eta arrantza babeslekua izendatu zuen Svalbard aldean, bere uretan harrapatzen zen arrain kopurua hobeto kontrolatzearren. Izan ere, Norvegia aldean arrain ugari izan arren, neurriz gain harrapatuz gero, galtzeko arriskua dago, eta gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio baliabideen babesari. 1981ean Norvegiak eta Islandiak mea eta arrantza eskubideei buruzko itun bat izenpetu zuten. Danimarkarekin ere antzeko ituna egiten ahalegindu zen, baina Groenlandia zela-eta istiluak sortu zirelarik, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren eskuetan utzi zen auzia. Arrantza garrantzi handikoa da herrialdeko toki askotako ekonomian, iparraldean batez ere; han, klima eta topografia dela eta, nekez sor liteke bestelako produkzio biderik. 1986ko maiatzean, lau urteko gobernu kontserbadoreen ondoren, laboristek berriz hartu zuten gobernua, Gro Harlem Brundtlanden gidaritzapean ostera. Haren agindupean emakume asko izendatu zituzten gobernu eta goi kargutarako. 1987an, Estatu Batuekiko harremanak gaiztotu egin ziren, erreaktore nuklearretan erabiltzen den “ur astunaren” esportazioa zela-eta, NATOren debekuari jaramonik egin gabe, Norvegiako enpresa estatal batek Varsoviako Ituneko kide ohi batzuetara esportatu baitzuen. Errumaniak eta Alemaniako Errepublika Federal ohiak, Israelekin batera, Norvegiaren baimenik gabe gai hura ez saltzea eta bakerako baizik ez erabiltzea hitz eman zuten. Auzia ez zen konpondu 1988. urtea arte, Norvegiak “ur astuna” esportatzea debekatu zuen arte, hain zuzen. Urte horretan bertan, Estatu Batuek zigorrak jartzeko mehatxua egin zion Norvegiari, balearen arrantza bertan behera uzten ez bazuen. Mehatxua baina ez zen gauzatu, Norvegiak ikerketa zientifikoak egiteko behar zirenak baino gehiago ez harrapatzeko hitza eman baitzuen. 1990ean ordea, Osloko gobernuak balearen arrantza tradizionalari berriro ekingo ziola iragarri zuen. 1988an, algek hegoaldean eta fokek iparraldean, kalte handiak egin zituzten arrantza produkzioan. Hala ere, 1989an, Norvegiak fokakumeak harrapatzea debekatu zuen, Suediak bertan behera utzi zituelako arrain esportazioak foken hilketak salatzeko. 1986an, Norvegiako hegoaldeko ibai eta aintziren kutsadura Erresuma Batuan botatako sufre dioxidoak sortutako euri azidoari leporatu zitzaion. Britainia Handiko gobernuak gai toxikoak % 14 gutxitzea agindu zuen, baina norvegiarrei ez zitzaien aski iruditu neurri hura. Ingurumenaren kontserbazioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da herrialdeko eztabaida politikoan. Agintariek 14 parke nazional izendatu dituzte bertako flora eta fauna zaintzeko; hala, Svalbard-eko penintsularen % 40 Parke Nazional izendatu zen hartza zuria babesteko. Alderdi Laboristaren ospeak (% 41 1985ean, % 37 1989an) behera egin zuen herrialdeko ekonomia arazoak handitu ahala. Gobernuak ekonomia plangintza gogorra prestatu zuen krisiari aurre egiteko. Diru sarrerek eta kontsumoak behera egin zuten, eta langabezia % 6ra iritsi zen lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Bruntlandek bere karguaren dimisoa eman zuen 1989an, kontserbadoreak, zentristak eta demokrata kristauak gehiengo berri bat osatzeko ados jarri zirenean. Urte hartako hauteskundeetan, laboristek eta kontserbadoreek botoak galdu zituzten, alderdi erradikalenen mesedetan. 1990eko azaroan, Brundtlandek berriro hartu zuen Lehen Ministro kargua. 1992an Kanpo Arazoetarako ministroak, Johan Juergen Holst-ek, bitartekari lanak egin zituen PAEren eta gobernu isaraeldarraren artean. Nahiz eta gizartean desadostasun handiak izan, 1992ko bukaeran gobernuak Europar Erkidegoan sartzeko baimena eskatu zuen. Sindikatuen ustean, Erkidegoan sartzeak kolokan jarriko zuen herrialdearen burujabetasuna, baina enpresaburu askok merkatuan sartzeko aukera izan nahi zuten. Sozialdemokratak eta kontserbadoreak sartzearen aldekoak ziren, eta gainerako alderdi guztiak, aurkakoak. Azkenean, aurka zeudenek irabazi zuten, baina gutxigatik (% 52,4). 1994an ekonomiak hobera egin zuen eta langabezia gutxitzen hasi zen. 1995ean langabezia % 4,8koa zen, eta beherantz zihoan. 1996ko urrian Thorbjorn Jagland laboristak hartu zuen gobernuaren buruzagitza, Gro Harlem Brundtlandek karguari uko egin ondoren. 1997ko iraileko hauteskundeen ondoren, baina, Jaglandek kargua utzi egin behar izan zuen. Alderdi Laboristak botoen % 35 eskuratu zituen, eta 165 aulkietatik 65 besterik ez. Lehen Ministroak esana zuen kargua utziko zuela bere alderdiak aurreko hauteskundeetan adina boto eskuratzen ez bazituen, eta 1993an % 36,9 eskuratu zituen. Orduan Kjell Magne Bondevik demokristaua izendatu zuten Lehen Ministro, eta hiru alderdi “zentristen” koalizioak hartu zuen gobernuaren ardura. Indar horiek 43 aulki besterik ez zituzten Legebiltzarrean. 2005eko hauteskundeetan Bondevik agintetik kendu zuen erdialdeko eta ezkerreko alderdien arteko aliantza batek, eta Jens Stoltenberg laborista jarri zen buru. 2006an Artikoan petrolioa bilatzeko azterketak ugaltzea erabaki zuen Norvegiak, baina zulaketak 2010. urtea arte mugatzea adostu zen, ingurumena zaintzeko xedez. Hala ere, talde ekologistek gogor kritikatu zuten erabaki hura.
http://www.norway.info/