Nonell y Monturiol, Isidre
Kataluniako margolari eta marrazkigilea (Bartzelona, 1873 - Bartzelona, 1911). Mirambell-ekin, Martínez Altés-ekin eta Lluis Graner-ekin egin zituen ikasketak. 1893an arte ederretako eskolan hasi zen; han Pichot, Vallmitjana, Canals eta Mir ezagutu zituen eta haiekin batera Colla de San Martí edo Colla del Safrà izeneko taldea sortu zuen, Sant Martí de Provençals auzoko ikuspegiak margotzen zituena. Garai honetan errealismoaren eta naturalismoaren eragina izan zuen. 1893an ikuspegien erakusketa egin zuen Bartzelonako Parés Aretoan; 1894an Bartzelonako Arte Ederretako II. Erakusketa Nagusian eta Talde Artistikoaren Urteroko Erakusketan parte hartu zuen. 1894an Bartzelonako gertakarien marrazkiak argitaratu zituen La Vanguardia egunkarian. 1895ean Caldes de Boí eskualdera joan zen, eta han bai endemikoa zen kretinismoari buruzko oleo eta marrazki asko egin zituen, karikatura kutsua zuen joera espresionistaz. 1897an Parisen egon zen eta haren koadroak Gauguin, Toulouse-Lautrec eta beste margolarienekin batera ikusgai egon ziren Doesburg galerian. 1899an beste erakusketa bat egin zuen Parisko Vollard galerian. 1903an ijitoei buruzko lanen erakusketa bat egin zuen Parés galerian. 1907az gero, margo arrosak, berdaxkak eta horixkak erabili zituen eta emakumeak ageri ziren koadro asko egin zituen. 1909an marrazkiak argitaratzen hasi zen Papitu aldizkarian. Haren koadro asko Bartzelonako Arte Modernoko museoan dira eta beste asko Bartzelonako arte bildumagile pribatuen esku.
- nonbait
- nondar
- nondik
- nondikako
- nondik-nahi
- Nonell y Monturiol, Isidre
- nongo
- nongotar
- nongotasun
- nonio
- nonahi