Departamento de Cultura y Política Lingüística

krisi

iz. Zerbaiten bilakaeran gertatzen den une edo epe larria.    
 Krisi ekonomikoak. Ekon. Hazkunde ekonomikoko aldi batetik ekoizpen eta ekonomia trukeak murrizten diren beheraldi baterako aldaketari deritzo krisia ekonomian. Gizakiaren ekonomia historia aldaketa zikliko eta gorabeheraz josita dagoen arren, bi ekonomia krisialdi nagusi azpimarratzen dira, mundu osoan, oro har, izan zituzten ondorioengatik: 1930eko hamarraldian, Wall Street-ek 1929. urtean izan zuen burtsaren crash ospetsuaren ondorioz gertatu zena; eta 1973an gertatu zena, beste faktore batzuen artean, petrolioaren prezioek izan zituzten gorakada izugarriengatik sortu zena. Aipaturiko azken data hori, badirudi hazkunde ekonomikoari buruz inflexio puntua izan daitekeela; izan ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta ordu arte oparotasun garaia bizi izan baitzen Mendebaleko ekonomietan, urteroko hazkunde tasak % 5-6 ingurukoak baitziren. Urte hartatik aurrera, ordea, ekonomia industrializatuen hazkundea ez da zenbateko horietara iritsi, eta gainera, aldiro, etenak izan dira hazkundean, krisialdiak, alegia. Zenbait ekonomista aldiro gertatzen diren krisi horiek aurreikusten saiatu dira. Hala, krisiaren eragile handienen artean, inbertsioak izaten dituen gorabeherak azpimarratzen dira. Krisien sorkuntzan faktore psikologikoek duten pisua ere azpimarratu izan da, ekonomia eragileek etorkizunari buruz dituzten itxaropenen aldaketek krisia eragiteko duten eragina, hain zuzen.