Departamento de Cultura y Política Lingüística

kreole

iz. Europan ez beste edozein tokitan europar gurasoengandik jaio den pertsona eta haren ondorengoa. || Espainiaren Ameriketako antzinako kolonietan, eta europarrenen beste batzuetan, europar gurasoengandik jaio den seme-alaba eta haien ondorengoa. || Ameriketan jaio den beltza, Afrikatik esklabo eramanarengandik bereizteko.  v  Espainiaren Ameriketako kolonietan bertan, espainiar gurasoengandik jaiotakoei zeritzen kreole, Espainian jaiotakoez bereizteko. XVI-XVII. mendeetan kreoleak gutxi ziren baina gero espainiarrak baino gehiago eta gizarteko klase dirudun eta ahaltsua izatera heldu ziren. Legea kreolentzat zein espainiarrentzat berdina bazen ere, Espainian jaiotakoen esku zeuden politikaren eta elizaren kargu nagusiak. Karlos III.aren erreinaldiaz geroztik kreoleak, beren egoeraz jabeturik, gobernuko karguak lortzea eta Espainiako estatu egiturak aldatzea helburu zuten askatasun higikundeen bultzatzaileak izan ziren Latinoameriketan. Independentziaz geroztik aginpide politikoa eskuratu zuten Latinoameriketako herrialde gehienetan. XX. mendeko aldaketa sozioekonomikoekin batera ahalmena galdu zuten.