Kojève, Alexandre
(Jaiotza izena, Alexandre Kojevnikov). Errusiar jatorriko frantziar filosofoa (Mosku, 1902 - Brusela, 1968). Moskuko merkatari aberatsen semea zen, eta Vasili Kandinsky margolariaren iloba. 1917an, Errusiako iraultza piztu zenean, kartzelatu eta heriotzara kondenatu zuten, baina azkenean familiaren eraginei esker aske utzi zuten. Poloniara atzerriratu zen 1920an, eta ondoren Berlin, Erroma eta Heilderbergera. Han filosofiako ikasketak egin zituen, Karl Jaspers irakasle zuela. Budismoaz, islamismoaz, fisikaz eta matematikaz ezagutza handiak jaso zituen, bere Filosofia paganoaren historia arrazoituari buruzko saiakera liburuan ageri den moduan. 1926an Parisera joan zen. Garai hartan, Hegelen lanak bakarrik irakurtzeari ekin zion, eta bere burua marxistatzat aurkezten zuen. Pariseko Unibertsitatean Hegeli eta kultura orientalistei buruzko eskolak eman zituen, eta bertako intelektual nagusiak ezagutu zituen: Raymon Aron, Georges Bataille, Maurice Merleau-Ponty… 1944an, Bigarren Mundu Gerran borrokan zebilen arren, Zuzenbidearen fenomenologia baten zirriborroa idatzi zuen, baina ez zioten 1981 arte argitaratu, bera hil eta denbora luzera. Gerra ostean, Ekonomia eta Finantza ministerioan funtzionario postua eman zioten. Europa batzearen alde lan egin zuen beti, eta hain zuzen ere Merkataritza Taldearen bilera batean zegoela hil zen Bruselan.