kalao
iz. Zool. Koraziformeen ordenako buzerotidoen familiako zenbait txori moko-handiren izen arrunta. v Kalao moko-gorria edo tok-a (Tokcus erythoryncus). 45 cm inguru luzea, ertzetan zerraren antzeko hortzak dituen moko luze okerra duena. Luma arre beltzaranak eta orbain zuriz tartekatuak izaten ditu. Oso ugari da Saharaz hegoalderako Afrikako basoetan. Zuhaitzetan ematen du bizitza, eta fruituak, intsektuak eta beste horrelako harrapakinak jaten ditu; irentsi baino lehen gora botaz jolasean ibiltzen da harrapakinekin. v Papu kalaoa (Aceros plicatus). 87 cm luze, kolorez beltza, baina lepo-horixka eta isats-zuria dena. Emea ere beltza, baina moko-zuria izaten da. Indonesian, Ginea Berrian eta inguruetako uharteetan bizi da. Fruitua jaten du. v Adarbiko kalaoa (Dichoceros bicornis). 1,20 m uzea, 34 cm har ditzakeen hezurrezko eta moko gaineko irtenune bat duena. Ia guztiz beltza da, baina lepoa eta sabela zuriak ditu. Indian eta Sumatran bizi da. v Kalao beltza (Bucorvus abissinicus). 1,10 m inguru luze eta mokoaren gainean hodi egiturako hezur bat duena, kolorez erabat beltza. Betazal iledunak ditu, begien inguruan eta mokoaren azpian, aldiz, haragizko hantura gorri batzuk. Afrikako tropikoaldean bizi da. Orojalea da.