Departamento de Cultura y Política Lingüística

biodegradagarritasun

iz. Biol. Zenbait material konplexuk, mikroorganismoek degradatu ondoren azken produktu soilak emateko duten ezaugarria. ■ Biodegradagarritasunetik sorturiko gaiak berez gertatzen dira ingurumenean, baina artifizialki ere sor daitezke: produktu xenobiotikoak dira horiek. Ekosistema biologikoaren barruan, mikroorganismoek entzima mota ugari metatzen dituzte produktu naturalak biodegradatzeko, eta entzima horiek oso erabiliak dira elikagai industrian eta hondakin urak garbitzeko. Hala ere, badira, beren egitura kimikoa dela-eta, mikroorganismoek degradatu ezin dituzten materialak ere (garbigarri, plastiko eta medikuntza hondakin asko, adibidez), eta hain zuzen ere, azken urteetako industriaren hazkundearen ondorioz, ingurumenaren kutsadura asko handitu da, kimika industrien hondakin konplexu asko deskonposaezinak direlako. Horregatik, gero eta garrantzitsuago ari da bihurtzen industrien hondakinen artean konposatu biodegradagarri direna eta ez direnak bereiztea. Bereizketa hori egiteko metodoak 1970eko hamarraldian hasi ziren lehen aldiz erabiltzen. Biodegradagarriak ez diren substantzien artean (substantzia erregogorrak), fenol-ak eta konposatu organiko kloratuak daude. Hauek zenbait egunez iraun dezakete ingurumenean; biodegradagarriek, berriz, ordu edo minutu gutxiz.