Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Andre Malraux (1901-1976)

Andre Malraux Parisen jaio zen, 1901eko azaroan eta hiri hartan bertan hil zen, 1976an.

Eleberrigile gisa ez ezik, artearen historialari eta politikari gisa ere nabarmendu zen.

Gizon urduria eta borrokalari nekaezina izan zen, izakera indartsu eta kementsukoa.

Arrisku eta abentura bila igaro zuen bizi guztia eta bizitza pribatu latza izan zuen, trajediez josia. Oro har, indar handiko eleberriak idatzi zituen, baina gizakien arteko anaitasuna azpimarratzen ahalegindu zen aldi berean.

Gatazka politikoei buruz idatzi zituen lan asko eta asko, adibidez Les Conquerants (1928, Konkistatzaileak), La Condition humaine (1933, Giza izatea), LEspoir (1937, Itxaropena), baina arte plastikoekiko zaletasun handia izan zuen, eta hainbat saiakera idatzi zituen arteari buruz : Le Musee Imaginaire (1947, Irudimenezko museoa), Les voix du silence (1951, Isiltasunaren ahotsak)...

Aipagarriak ditu orobat Antimemoires (1967, Antimemoriak) eta La Corde et les souris (1976, Soka eta arratoiak) obrak.

Abenturazale eta bidaiari handia

Malraux familia aberats batean jaio zen, baina haren haurtzaroari eta heziketari buruzko datu askorik ez dago. Egileak gordean izan zituen familiaren gorabeherak eta bere sentimenduak ; dena dela, Malrauxek Antimemoriak obran dioenez, ez zuen haurtzaro zoriontsua izan.

Gaztetan literaturarako zaletasun handia izan zuen (Baudelaire, Michelet, Victor Hugo), eta oso gaztetatik erakarri zuen arte lanen misterioaren lilurak ; 1922an pinturari buruzko idazlan bat eman zuen argitara.

Gauza jakina da, orobat, Ekialdeko hizkuntzak ikasi zituela Ekialdeko Hizkuntzen Eskolan eta oso gazterik hasi zela bidaiatzen.

192lean Clara Goldschmidtekin ezkondu zen, eta Europa guztian zehar bidaiatu ziren, Italian, Pragan eta Alemanian barrena batez ere. Malrauxek bere bidaia eta abenturetatik hartu zuen literatura lanetarako gaia oro har, eta horrenbestez, berebiziko garrantzia izan zuten bidaia haiek bere bizitzan eta karreran.

Ekialde Urrunerako bidaiak: Indotxina eta Txinan barrena

1923an Kanbodiara abiatu ziren Malraux senar-emazteak eta haien adiskide bat. Han espedizio arkeologiko bat osatu zuten khemerren errege bidean zehar, oihanean barrena . BenteaT Srey tenplu khmerretik eskulturak eta behe erliebeak hartu zituztelaeta, Kanbodiako hiriburura itzuli zirenean lapurreta egiteagatik atxilo hartu zituzten ; Saingoneko epaitegiak urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion Malrauxi, eta urte hartan bertan, espetxeratu aurretik alde egin zuen. Bidaia hark berebiziko eragina izan zuen Malrauxengan, bidaia hartan hasi baitzen, hain zuzen ere, Ekialde Urruneko arazo politikoak eta nazionalak hurbiletik ezagutzen . Arkeologo gazte gisa Kanbodian bizi izandako gorabeheretan oinarriturik idatzi zuen gerora La voie royale (1930, Errege bidea) obra, bere lan nagusietakoa izan zena.

Indotxinarako bidaia hartako gertaerak zirela-eta Frantziako agintari kolonialisten kontrako jarrera hartu zuen Malrauxek, eta hara itzuli zen berriro 1925ean, borroka antikolonialista aurrera eramateko asmoz.

Kanbodiako egonaldi hartan ospe handia lortu zuen bere panfletoekin, eta administrazio kolonialaren bidegabekerien kontrako aldizkari bat sortu zuen, L Indochine deitua hasieran eta LIndochine enchainee ondoren. Esperientzia nekagarria izan zen ordea, eta urte hartan bertan alde egin zuen Saigondik.

Garaitsu hartakoa du La Tentation de l'Occident (1926, Mendebaldearen tentazioa) saiakera. Europan zehar bidaia egiten ari den gazte txinatar baten eta Ekialde Urruna ezagutzen ari den gazte frantses baten arteko gutun truke moduan idatzitako saiakera bat da, eta egileak gerora idatzi zituen obretan agertzen diren zenbait ezaugarri biltzen ditu : Asiaren garrantzia azpimarratzea -Asiako zibilizazio askotarikoek, etnografiak, liluratuta zeukaten Malraux-, elkarrizketaren erabilera, trinkotasuna ...

Txinan zehar ibili zen Malraux ondoren, eta garrantzi handiko jarduera politikoa izan zuen hango iraultzan. Adituen ustez txinatar iraultzako hainbat gertaeretan parte hartu zuen, eta Txiang Kai-xek buruzagia eta haren laguntzaile Mikhail Borodin errusiarra ezagutu bide zituen. Txinako iraultzari buruzkoa da, hain zuzen ere, Malrauxen liburu ezagunenetako bat, La Condition humaine (1933, Giza izatea).

Espainiako egonaldia

1936an Espainiara joan zen Jose Bergaminek gonbidatuta. Malraux Espainiara iritsi eta handik bi hilabetera gerra zibila hasi zen, eta Malrauxek oste errepublikarrarekin bat egin zuen ; aireko gudarosteko koronel izatera iritsi zen, eta beste lan garrantzitsu batzuez gainera Estatu Batuetara bidaiatu zen Espainiarako medikuntzazko laguntza eskuratzearren. Ameriketatik itzuli zenean, 1937an, Lespoir (Itxaropena) obra eman zuen argitara gerra haren lehenengo bederatzi hilabeteetako gertaeretan oinarri harturik, eta izen bereko filma produzitu eta zuzendu zuen Bartzelonan 1938an. 1939an estreinatu zen, baina urte askoan debekatuta egon zen ondoren.

De Gaulle jeneralarekiko harremana eta azken urteak

11. Mundu gerraren garaian frantses gudarostearekin borrokatu zen Malraux, baina 1940an atxilo hartu zuten alemaniarrek.

Alemaniarren mendetik ihes egitea lortu ondoren erresistentzian parte hartu zuen, Lot, Dordogne eta Correzeko buruzagi gisa.

1944an berriro harrapatu zuten naziek, haina Frantziako gudarosteak askatu zuen.

Ondoren Frantziako Brigada Askea antolatu zuen eta Alsaziako frontean borrokatu zen De Gaullerekin batera. De Gaulleren aldeko sutsua izan zen Malraux eta jenerala presidente hautatu zutenez gero harentzat lanean jardun zuen ; 1945ean ministro izendatu zuten eta garai bateko ezkerreko joeretatik aldenduz eta iraultzarako grina eta marxismoarekiko atxikimendua alde batera utzita, mendebaldeko kulturari lotu zitzaion berriro. 1958an De Gaulle bigarrenez lehendakari izendatu zutenean, Malrauxek kultura gaietarako ministerioa sortu zuen eta haren arduradun izan zen hamar urtez. Zenbaiten ustez Frantzian sekula izan den kultura ministro azkar eta orijinalena izan zen Malraux.

1971n Bengalaren aldeko askapen higikundearekin bat egin zuen Malrauxek, eta hango herriaren alde borrokatu behar zuela erabaki zuen. Indiaren laguntzari esker, ordea, bengalarrek Pakistanengandik burujabetasuna lortu zuten, eta Malrauxek antolaturiko taldea ez zen sekula Bangla Deshen borrokatu.

Literatura lanak

Orain arte azaldu denaren arabera, gorabehera askoko eta dramatismo handiko bizitza izan zen Malrauxek, eta bere belaunaldiko beste idazle batzuek ez bezala I. Mundu Gerran zuzenean parte hartu ez bazuen ere, arrisku eta abenturaz beteriko bizitza bizi izan zuen. Bizitza dramatiko eta gorabehera handiko hartan idealismo politikoaren eta borroka iraultzailearen arteko bikoiztasun trajikoa agertzen duten eleberri bikain indar handikoak idatzi zituen batez ere.

Bere lehen lan garrantzitsua Konkistatzaileak (1928) izan zen. Obra hartan britainiar inperialismoaren kontrako iraultzaren berri ematen du, eta iraultzari buruzkoa da, orobat, Malrauxen maisu lana, Giza izatea (1933).

Liburua Shangain dago kokatua, 1927an, Txinako gerra zibilaren garaian. Matxinatukomunista batzuk (Txen, Kyo, Katow errusiarra) dira protagonista. Komunistek beren mendean hartzen dute hiria Kuomitang-aren gudarostea hirian sartu baino lehen. Txiang Kai-xek jeneralak txinatar eta frantses kapitalistekin hitzarmena lortzea erabakitzen du, erabateko nagusitasuna eskuratzearren.

Komunistek, ordea, ez dute halakorik onartzen; Internazionalak, berriz esku ez hartzea erabakitzen du eta Txiang Kai-xekek, azkenik, lehen bere kide izandakoen matxinada zapaltzen du. Txenek bere buruaz beste egiten du jeneralaren kontrako atentatua egin ondoren ; Kyo hiltzera kondenatzen dute eta bere buruaz beste egiten du zianuroa edanez, eta Katow-ek, berriz, bere zianuroa beste bi kondenaturi eman eta hera bizirik erretzea onartzen du. Gaur egungo politikari idealisten kontraesanak, okerrak eta kezkak garbien agertzen dituen eleberrietako bat da Giza izatea.

Bai obra horretan eta bai Hong-Kongen txinatar iraultzaileek britainiarren kontra egindako borroka kontagai duen Les conquerants (1926, Konkistatzaileak) eleberrian, giza askatasuna norbanakoaren jardueraren bidez soilik adieraz daitekeela dioen ideia dago oinarrian.

Baina Ekialdeko herrialdeei buruzko kezkaz gainera, Europako gertaeretarako arreta ere izan zuen Malrauxek, eta Europan faxismoa hartzen ari zen indarra salatu nahi izan zuen, adibidez, 1935ean argitara emandako Mespretxuaren garaia eleberrian, nazismoaren ankerkerien kontrako adierazpen bikain bat osatuz.

11. Mundu Gerran zehar eleberri ziklo bat idazten hasi zen, La lutte contre lange (Aingeruaren kontrako borroka) izenburupean, eta gizakiak heriotzaren eta bidegabekeriaren kontra aurrera daraman borrokaren inguruko gogoeta gai harturik baina ziklo hartako parte bat bakarrik gorde zen : Les noyers d Altenburg (1943, Altenburg-eko intxaurrak).

II. Mundu Gerra ondorengo urteetan eleberriak idazteari utzi zion eta estetikari eta artearen filosofiari buruzko lanak eman zituen argitara batez ere. Arteari eta zibilizazioari buruzko saiakeretan aipagarriak ditu, besteak beste, Isiltasunaren ahotsak (1951) eta La Metamorpbose des dieux (1957, Jainkoen metamorfosia). Isiltasunaren ahotsak obran artearen historia bat egin zuen. Bikain dokumentaturiko obra da, herrialde eta garai guztietan arteak izan duen bilakaerari buruzko lan handia. Baina aldi berean bere gogoeta filosofikoak ere biltzen ditu obra horrek eta artea gizakiaren sormenaren adierazpen gorena dela erakusten du, gizakiaren izate absurdo eta ezdeusa goratzen duen jarduera gisa agertzen du artea.

Azkenik, Malrauxen obran azpimarratzekoa da Antimemoriak (1967). Obra horretan munduari buruz zuen ikuspegia agertzen duten gogoeta sakonak idatzi zituen eta bere obra guztian obsesio bihurtzen den heriotzaren gaiari buruzko iritzia azaldu zuen eta absolutuaren bilaketa eta heriotzaren obsesioa elkarri uztarturik daudela erakutsi nahi izan zuen.

Malrauxen azken lan aipagarria Soka eta arratoiak (1976) izan zen, eta aurrekoan bezala, historiarako eta arte plastikoetarako zaletasunak ezaugarrituriko bizitza baten oroitzapenak bildu zituen obra honetan ere.