Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Thomas Stearns Eliot (1888-1965)

T.S. Elioten obraren harrerak gorabehera handiak izan ditu XX. mendean zehar, baina hala ospe handiko uneetan nola ospea galdutakoan ezin uka daitekeen gauza da Eliot literaturaren historiako idazle gailenetako bat dela eta sekulako eragina izan duela literaturan.

Bere lehen literatur lanez gero, 1915 inguruan, modern movement izeneko literatur iraultza handiaren jarraitzailetako bat izan zen, eta bere poema luze The Waste Land (1922, Lur eremua, J. Sarrionandiak itzulia) argitaratu ondoren, bere belaunaldiko heroi eta sinbolo moduko bat bilakatu zen, bi Mundu Gerren artean zabaldu zen larrialdi eta etsipenaren, eta kulturaren ezdeuskeriaren eleduna.

Bigarren Mundu Gerraz gero, Ingalaterra eta Estatu Batuetako kultur munduko idazle nagusia bihurtu zen eta nagusitasun hori gorde zuen hil zen arte (1965). 1948an Literaturako Nobel Saria eman zioten.

T.S. Eliot St. Louisen jaio zen (Missouri, Estatu Batuak), 1888ko irailaren 26an, buruzagi klaseko familia batean. Lehen ikasketak etxean egin eta gaztetan akademia pribatuetan ibili ondoren, Harvardeko Unibertsitatean egin zituen goi mailako ikasketak, gizarteko goi mailakoek ohi zuten bezala, 1906-1914 bitartetan.

Gurasoek eta irakasleek oso heziketa sendoa eman zioten, eta erlijio eta morala garrantzi handiko elementuak izan ziren prestakuntza horretan. Eliotek XVII. mendeko kalbinismo zorrotzaren balioak jaso zituen irakasleengandik : erruduntasun eta bekatari sentimen sakona, gauza mundutarrei buruzko konfiantzarik eza, bere burua purifikatzeko eta mundua berrerosteko premia larria.

Harvarden filosofia ikasketak egin zituen eta gai askotan trebatu zen : historia, antropologia, hizkuntzak, pentsamendua, literatura, teologia. Harvarden egon zen garaian idatzi zituen bere poema hoberenetako batzuk eta Europara joan zen lehenengo aldiz (1910-11).

1914an Europara itzuli zen filosofia ikasketak jarraitzera Alemanian, baina Gerra Handiak dena hankaz gora jarri zuen. Bere herrialdera itzuli ordez, Eliot Oxfordera babestu zen. Ingalaterran Ezra Pound ezagutu zuen eta haren bitartekotzaz garai hartako literatur zirkuluak eta idazle aurreratuenak ezagutu zituen. Eliotek, baina, aukera egin behar izan zuen gurasoek beretzat nahi zuten filosofia katedradunaren bizitza aspergarriaren eta literatur munduak eskaintzen zion askatasun bizitza arriskutsuaren artean. Aukera haren aurrean, Eliotek, literaturaz mozkor, hilabete gutxi batzuk lehenago ezagutu zuen gazte batekin, Vivienne Haigh-Woodsekin, ezkontzea erabaki zuen, bere familiaren eskakizunak eta itxaropenak hausteko aitzakiarekin.

1915ean, bere burua poetatzat sendotuta, iraganarekiko loturak hausten hasi zen, mundu akademikoarekin lehendabizi, eta bere familiaren balioekikoak gero. Garai hartako poemen tonua horregatik da eszeptikoa, ironikoa, kritikoa.Baina handik urte batzuetara bere askatasunari oso prezio handia jarri ziola konturatu zen : bere ezkontza eta bizitza infernua ziren. Bere poemetako eszeptizismoa, ironia eta zinismoa eromen, itomen eta etsipen oihu bilakatu ziren. Erortzear zegoen amildegitik urrundu behar zuen, bere bizitzari zentzua eta norabide jakin bat emango zion zerbait aurkitu behar zuen, eta aurkitu zuen : erlijio fedea.

Fedea berreskuratzea inguruarekin onezkoak egitea eta 1915ean atzean utzitako guztira itzultzea izan zen Eliotentzat.

Bizi zituen kaosa eta etsipena jarrera estremisten ondorio zela konturatu zen. Eta hala, 1927tik aurrera, urte hartan konbertitu baitzen anglo-katolizismora, Elioten poesiak erlijiotasun kutsu nabarmena hartu zuen, bere helduaroko edozein obratan ikus daitekeen bezala : Ariel Poems (1927-1930, Arielenpoemak), Ash-Wednesday (1930, Hauster egun), Choruses from uThe Rocku (1934) eta Four Quartets (1943, Lau Quartetto, G.

Arestik itzulia).

Elioten bizimodu berria batera ezina zen poetak 1915eko bihurrialdiaz gero bizi zuen "infernuarekin" edo "lur eremuarekin".

Ondotxo zekien garrantzizko aldaketak egin beharko zituela bere bizitzan errealitate berrira egokitzeko. Lehenengo gauza bere ezkontza -bere bihurrialdiaren justifikazio nagusietako bat- puskatzea egin zuen.

Gero, familia erantzukizunetatik libre, kulturaren munduaren barruan lan egitera murgildu zen.

Halaber, bere arbasoen puritanismoaren ideal aipagarrienetako bat berreskuratu zuen : komunitatearen alde lan egitearena. 1930.. rtetik aurrera, inguratzen zuen munduaren berritze espiritual, kultural, sozial eta politikoaren esku utzi zuen bere bizitza pertsonal eta artistikoa. Itzulbide horren lehenengo urteak, 1927-1939 bitartekoak, penitentzia urteak izan ziren batez ere, eta horien ondoren etorri ziren, 1940-1965 bitartean, adiskidetze eta arrakasta urteak. T.S. Eliot 1965eko urtarrilaren 4an hil zen, Londresen.

Poesia lana

Eliot literaturaren mundura iritsi zenean poesiaren egoera tamalgarria zen, bai Ingalaterran bai Estatu Batuetan ; poesia ia fosildua zegoen : oso poesia erretorikoa zen, arranditsua, zorroztasunik gabea, gogortua erritmoetan, errima jakinetakoa...

Iraultza egin beharra zegoen, Victoria erreginaren garaiko mundu zurrundu hura zapart eragiteko. Saiatu ere, XX. mendearen ,hasieran saiatua zen poeta talde bat ("georgiar poetak" deituak) ingeles poesiaren mundu hura iraultzen, baina taldeari indarra falta izan zitzaion eta berrikuntzak ere -ahoskera eta bertsokera arintzea besterik ez- azalekoak izan ziren. Eliotek, gaztetan, bai Victoriaren garaiaren azkeneko poetak bai georgiarrak irakurri zituen, eta ez batzuek ez besteek ez zutela batere balio erabakitzeko balio izan zitzaion. Beste leku batean bilatu behar zituen maisuak eta ereduak, eta halabeharrez topatu zituen, Harvardeko liburutegian, 1908ko abenduan, Arthur Symons-en The Symbolist Movement in Literature (1908, Sinbolismoaren higikundea literaturan) liburua topatu zuenean, eta barruan Laforgue, Rimbaud, Verlaine eta Corbiere-ren lanak aurkitu zituenean.

Symonsen liburuak sinbolismoaren munduaren ateak zabaldu zizkion Eliot gazteari eta honek sarritan aitortu zuen bere bizitzan zehar haiengana zordun zela.

Haren lehenengo hiru poema liburuetan nabaria da poeta horiek utzitako arrastoa : The Egoist Prufrock and Other Observations (1917, Prufrock berekoia eta beste ohar batzuk), Poems (1920, Poemak) eta Ara Vos Prec (1920). Poeta haiengandik hartutako eredua bere egiteaz gainera, Ingalaterrako eta Estatu Batuetako garai hartako poesiaren makurtasunak eta akatsak borrokatu zituen. Eliotek poesia zorrotza, gogorra eta hotza eskaintzen zuen, adimen lan handia eskatzen zuena, ironikoa, satirikoa, bizia, biribila formetan, trinkoa... Hala ere, 1910-1920 bitarteko poema gehienak irakurlea asaldatu, haserretu edo liluratzeko asmoz eginak daude. 1916 inguruan, haina, elementu eta poema ilun, mingots eta etsiagoak azaltzen hasi ziren, 1920 ondoko urteetako maisulanen iragarpen gisa : The Waste Land (1922, Lur eremua), The Hollow Men (1925, Gizon barren-hutsak).Lur eremua XX. mendeko olerkigintzako maisulan handienetako bat da. Unibertsitatean eta poeta gisa lanean ikasitako guztia baliatu zuen Eliotek poema horretan, baina bere bizitzari buruzko dokumentu bat ere bada, aldi berean. Mito, sinholo, metafora eta aipamen sare trinko baten bidez, poetak bere bizitzako porrota, etsipena, antzutasuna adierazi zituen. Maila unibertsalagoan, poetaren biografiatik at, Lur eremua Danteren Infernua da, mundu modernora egokitua. Mundu modernoaren deskribapen ikaragarria da, eta dituen gaitzen azterketa zorrotza, gaitzok nolabait konpontzeko gomendioak eta guzti. Bere poeman Eliotek eremu higatu, antzu eta kaotiko gisa deskribatzen du mundu modernoa, eta horren kausa nagusia seinalatzen du : gainbehera espirituala, hau da, materialismoa, harreman pertsonalen hondamendia, apatia orokorra, frustrazio eta huskeria sentimendua, adimen nagikeria, ordena falta, eta abar. Eta azkenean, irtenhidea adierazten du : "eman ezazu, bana ezazu, kontrola ezazu". Sortaldea suspertuko bada, karitatearen, enpatiaren eta autokontrolaren ondorioz suspertuko da.

Eliotek anglo-katolizismora konbertituz suspertu zuen bere burua. Harrezkero haren bizitza eta obra errotik aldatu ziren. Lur eremua baino lehen haren bizitzak eta obrak, ironiaz eta etsipenez beterik, infernuaren koloreak hartu bazituzten, gero, Ash-Wednesday (1930, Hauster eguna) izenekoarekin, purgatorioaren tonuak hartu zituzten, zintzotasunez eta itxaropenez beterik, eta haren bilakaera espiritual neketsuaren gailurra den Four Quartets (1943, Lau Quartteto) izenekoarekin, paradisuarenak, azkenik.

Antzerki lana

Nahiz eta antzerkirako zaletasuna bokazio poetikoarekin batera sortu zitzaion, Eliotek ez zuen 1935 arte idatzi bere lehenengo antzerki lana : Murder in the Cathedral (1935, Hilketa katedralean). Geroztik, heste lau obra gehiago idatzi eta estreinatu zituen : Family Reunion (1939, Familia bilera), The Cocktail Party (1950, Koktela), The Confidential Clerk (1954, Bulegari leiala) eta TheElder Statesman (1959, Politikari beteranoa).

Eliot, Ingalaterrako antzerki klasikoaren eta bere garaikoaren ezagutzaile aditua, Ingalaterrako antzerki mundua suspertzen ahalegindu zen. Izan ere, haren ustez antzerkia gainbehera zetorren eta XX. mendearen hasieran hutsala eta jasanezina izateraino bilakatu zen.

1927an anglo-katolizismora konbertitu zenez gero, komunitatearen zerbitzura aritzeko ideal puritanoak bultzaturik, Eliotek auditorio zabalago eta ugariago batenganairitsi nahi izan zuen, eta antzerkia oso bitarteko egokia zen horretarako. Isabel I. aren garaian izan zuen mailara jaso nahi izan zuen antzerkia, eta ahalegin horretan topatzen gara haren obra dramatikoak -Hilketa katedralean izan ezik- desitxuratzen dituen gabezia handienarekin : antzerki obra erabat modernoak egin nahiz eguneroko egoera arruntak erabili zituen antzerki ekintzaren hari gidatzaile gisa, eta egoera horiek arruntegiak ziren idazleak ikusleei komunikatu nahi zien transzendentzia intelektual eta espiritualaren zamari eusteko. Baina nolanahi dela ere, Elioten obrek interes handia dute zenbait arrazoirengatik : batetik, bere mailako poeta baten handitasuna ulertzeko datu gehiego ematen dutelako ; bestetik, bete-betean asmatzen ez badute ere oso abiapuntu erakargarria direlako antzerki munduaren berrikuntza etorkizunerako ; eta, azkenik, argi eta garbi frogatzen cutelako bertsoa guztiz berreskuragarria dela antzerki modernorako.

Literatur kritikari

Eliot literatura unibertsalaren historiako kritikari emankor eta jorienetako bat izan zen. Berak aitatasuna ukatzen zuen arren, XX. mendeko kritika eskola ospetsuenaren aita izan zen : New Criticism izenekoarena.

Elioten ideia kritikoak indarrean daude gaur egun eta eztabaidak pizten dituzte oraindik ere.

Haren obra kritikoa -zortzi liburu guztira : The Sacred Wood (1920, Baso sakratua), To Criticize the Critic (1965, Kritikaria kritikatzea), eta beste sei tartean- hiru ardatz nagusiren jiran dago antolatuta : literatur teoria orokorrari buruzko lanak ; kritika aplikatuzko lanak, poeta jakin baten obra aztertzeko egindakoak ; eta kritika sozialeko lanak, gertaera kultural orokorrei buruzkoak.

Literatur teoria orokorrari buruzko saiakeretan kritika mota berri bat ezarri zuen, XIX.. endeko gehiegikeria bio-bibliografiko eta sentimentaletik aldenduta ; Eliotek filosofiaren munduko zorroztasunez egindako kritika garbia nahi zuen, trinkoa eta handizalea, eta kritikariak Sartaldeko kultur tradizioaren ezagutza zabala izan behar zuela aldarrikatzen zuen. Kritika aplikatuaren alorrean, XX. mendeko gustu estetikoliterarioa eratzen lagundu zuen ; heraren ustez balio gutxiegi ematen zitzaien idazle batzuk goraipatu eta ezagutarazi zituen (Donne, Dryden, Johnson, Kipling) eta gehiegi ematen zitzaien beste batzuk, berriz, zalantzan jarri zituen (Milion, Poe).

Kritikari sozial gisa, gure zibilizazioaren kultur gainbehera eragin duten kausei buruzko azterketa argienetako bat utzi zigun.