Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

James Joyce (1882-1941)

 

Dublindar bat Dublindik ihesi

James Joyce 1882ko otsailaren 2an jaio zen, Dublinen, sei anaia eta lau arrebetan zaharrena. Amak nekeak izan zituen familia aurrera ateratzeko. Aita, John Joyce, gizon alaia eta umoretsua zen, asmamen handikoa, musikazalea eta hiztuna oso, baina zurruteroa, hasitako gauzak ezin bukatua eta tratulari eskasa ; eta, hartara, batetik bestera eraman behar izan zuen familia, bizileku pobretik pobreagora. Famili giro hark eragin handia izan zuen Joycengan; bai aitaren bizitasunak, haren kantuak, txisteek, hizkera bitxiak, bai amaren otoitzek, bai anaia-arreben arteko hizketek eta liskarrek, eta bai bizi izan zituen giro anitzek eta adiskide anitzek jende eta hitz nahasketa ezin handiagoa eskaini zioten ; handik aterako zuen gerora Joycek bere-berea zuen hizkuntzaren sena.

Ingelesa izan zen James Joyceren hizkuntza . Garai hartan Irlanda britainiar administrazioaren mendean zegoen; gaelikoak ez zuen ia indarrik, zokoratuta zegoen, administrazioan batere ez, eta eguneroko bizitzan gutxi erabiltzen zen; eremu eta giro jakin batzuetan baizik ez zirauen bizirik, nahiz batzuk ahaleginean ari ziren hizkuntza hura biziberritu nahiz.

Ikasketak jesuitetan egin zituen, eta han sistematizatu eta arrazoibidera ekarri zuen txikitandik zekarren hizkuntza jario hura.

Gero, unibertsitatean, frantses eta italiar literatura sakondu zituen. Liburu asko eta era askotakoak irakurri zituen, nobela arruntak zein klasikoak; denetatik atera zuen literaturgairik, sen handia eta grina berezia baitzuen giroak eta gertaerak literatura bihurtzeko.

1903an Parisera joan zen, baina, ama hilik, Dublinera itzuli behar izan zuen.

1904ko ekainaren 10ean Nora Bamacle ezagutu zuen, gerora emazte izango zuena.

Egun berezia Joycentzat : egun horretan gertatzen dira Uliysses nobelako gertakizunak . Urte hartan bertan Joycek Dublindikalde egin zuen : Zurich, Pola, Trieste izan zituen hurrenez hurren bizilekuak. Ingelesezko eskolak ematen atera zuen bizibidea.

1907an, Triesten bizi zela, bere alaba Lucia jaio zen, ChamberMusic (Ganbera Musika) argitaratu zuen, eta Italo Svevo idazlea ezagutu zuen. Bi aldiz joan zen geroztik Irlandara : 1909an eta 1912an. Ez zen sekula gehiago itzuli. Urte haietan Synge eta Yeats italierara itzuli zituen.

Ingelesezko eskolak bizibide uma ziren ; baina izan zituen adiskideak eta babesleak diruz eta bere literatura lanak aurrera ateratzen laguntzen ziotenak, haren sormenaren indar handiaz oharturik ; horri esker egin ahal izan zien aurre eguneroko diru premiei ez ezik, argitaratzaileen eta agintarien aldetik izan zituen argitaratzeko debekuei ere ; eta haiei esker ordaindu ahal izan zituen bere azken urteetako itsutasuna sendatzeko egin behar izan zituen begietako ebakuntzak. Ezra Pound, Valery Larbaud, Harriet Weaver, Sylvia Beach, Yeats eta beste batzuk izan zituen adiskide eta laguntzaile aipagarrienak.

1914an Dubliners (Dublindarrak) ipuin bilduma argitaratu zioten. The Egoist aldizkariak A Portrait of the Artist as a Young Man (Artistaren gaztetako portreta) nobela argitaratu zion, 1916an liburu gisa argitaratu zutena. Gyacomo Joyce liburu laburra idatzi zuen. 1918an Fxiles (Erbesteratuak) antzerki lana argitaratu zuen, eta 1925ean antzeztu zuten New Yorken, eta 1926an Londresen. 1927an Pomes Penyeach poema liburua argitaratu zuen.

1931an Nora Barnaclerekin ezkondu zen, urte askotan elkarrekin bizi izan ondoren . Ordurako ospe handia zuen Joycek, eta T.S. Eliot eta Beckett zituen, besteak beste, adiskide. Urte hartan bertan hil zitzaion aita, bere alaba Lucia burutik nahasten hasi zen, eta Joyce bera ere itsutzen hasia zen.

1936an Collected Poems (Olerki bilduma) eman zuen argitara. II. Mundu Gerra piztu zenean Frantziatik alde egin behar izan zuen, Zurichen hartu zuen bizilekua, eta han hil zen 1941ko urtarrilaren 13an duodenoko ultzera batez.

 

Dublindarren potreta

Joyceren olerkiek ez zuten berrikuntza handirik ekarri, Irlandako balada tradizionalen eta Shakespeareren kantuen eragina zuten, baina ez zuten Joyceren beraren zantzu berezirik, erromantizismo lauso baten aztarna baizik. Antzerkirako idatzi zuen lan bakarrak, Erbesteratuak, Ibsenen eragin handia zuen ; ez du Joyceren beste obrek duten indarra eta ez zuen harrera onik izan.

Dublindarrak Dublingo pertsonaien eta gertakizunen ipuin bilduma bat da, 1907an argitaratua. Haurtzaroko eta gaztaroko kontakizunak dira, Dublinen girotuak denak, hizkuntza gardenaz eta neurtuaz idatziak.

Aipatzekoa da bilduma horretako azkenkontakizuna, The Dead (Hilak), hilek bizidunen bizitzan zer nolako eragin handia duten kontatzen duena. Liburu horrek gorabeherak izan zituen argitaratu ahal izateko : Londresen 1907an argitalpena prest zegoelarik, argitaratzaileak ale guztiak errezituen, eta ez zen 1914 arte argitaratu.

Artistaren gaztetako portreta nobela, Stephen Hero, Joycek aldez aurretik idatzi eta gaitzetsi zuen lan baten moldaketa eta egokipena da. Bere bizitzako xehetasunetan oinarriturik idatzitako nobela hori nerabezaroko erretratu bat da, eta lehendik tradizioa zuen genero bati dagokio hain zuzen.

Stephen Dedalus, nobela honetako protagonista, Ulysses nobelan ere agertzen dena, bere inguruneari aurre egiten eta bere bidea urratzen ahalegintzen den gazte bat da.

 

Ulysses: hizkuntza biluzik

1906 inguruan Joycek Dublindarrak liburuari eransteko asmotan zen beste kontakizun bat zeukan idatzia, herari gertatutako pasadizo batean oinarritua : gau batean neska bati hurbildu zitzaion hura soldadu batekin zihoala konturatu gabe ; soldaduak jo eta luze bota zuen Joyce, eta adardun famako judu batek lagundu zion handik altxatzen eta etxera joaten. Txiste kulturalak egiteko zuen joerak akuilatuta Joycek bi mito handiren nahasketa barregarria egiteko aukera ikusi zuen pasadizo hartan : Ulises -edo are gehiago Telemako gazteaetxera itzuli da judu herratua, adarrak biltzen zizkion Peneloperen senarra, lagun.

I. Mundu Gerra bitartean, Zurichen erbesteratua eta adiskide batzuen dirulaguntzari esker bizi zela, Joyce bere obra handian ari izan zen buru-belarri lanean. Gerra bukatu ondoren Triestera itzuli zen, baina, Ezra Poundek deituta, Parisera abiatu zen berehala nobela bukatzera. 1917an, liburuarenerdia edo idatzia zuela, ez aurrera ez atzera gelditu zen, batzuetan goiz osoa ere igarotzen baitzuen esaldi bakar bati bueltaka, eta Artistaren Gaztetako Potreta bukatzen lagundu zion bide berberean saiatzea bururatu zitzaion, aldizkari batean argitaratzen hastea, alegia. Ez zen erraza, britainiar legeak argitaratzailea zigortzen baitzuen lizuntzat har zitekeen testurik argitaratuz gero. Hortaz, Ezra Poundek New Yorkera bidali zituen Ulysses-en lehenengo hiru kapituluak, Little Review aldizkarira. Hala ere, 8., 9. eta 12. kapituluak zetozen aleak bahitu eta erre egin zituzten. 13. kapitulua zekarrena «Bizioaren Aurkako Elkarteak» salatu eta auzitara eraman zuen ; epaileak isuna jarri eta argitaratzeko debekua eman zuen.

Beraz, liburu hura epeka argitaratu izanak alde batetik Joyceren lana bizkortu baldin bazuen, bestetik, liburuan argitaratzeko debekua ezarri zion ingelesez mintzo ziren herrialdeetan. Azkenean, Parisen eman zuen argitara, 1920an, Shakespeare and Co. liburudendaren jabe Sylvia Beachek. 1929an plazaratu zen Ulysses-en frantses itzulpena.

Estatu Batuetan 1933an eman zuten argitaratzeko baimena. Ingalaterran 1936 arte ez zuten argitaratu.

Argitalpenak gorabehera handiak izan zituen, lehendik argitaratutako kapituluei zati luzeak erantsi baitzizkien Joycek ; argitaratzea ikaragarri luzatu zen, tipografoek ez baitzekiten ingelesa eta egilea erdi itsuturik baitzegoen, eta zuzenketa saio bakoitzari beste zuzenketa batzuk egiten baitzizkion . Garrantzi handiko zuzenketa bat ere egin zuen : kapitulu bakoitzean Homeroren Ulisesetik hartutako aipamen bat zegoen, berez testuarekin zerikusirik ez zuena, eta Joycek kendu egin zuen, liburuaren izenburuko aipamena hesterik ez utzirik. Hala eta guztiz ere, Joycek mitologiazko aipamenez jositako eskema bat argitaratu zuen gerora, liburu horren interpretazio gisa, eta handik gutxira atzera gaitzetsi bazuen ere, arrakasta handia izan zuen azalpen horrek kritiko askoren artean.

Ulysses-ek 18 kapitulu ditu, elkarren oso desberdinak, eta gertaeren denbora egun batera dago mugatua : 1904ko ekainaren 16ko goizeko zortzietatik hasita, hurrengo 18 orduen kontaketa egiten du. Dublinen barrena doazen bi pertsonaia, Leopold Bloom eta Stephen Dedalus, dira protagonistak . Kapitulu bakoitzean ahots berezi bat edo bi entzuten dira, haietako bat pertsonaiaren baten -barne hizketa. da, adimen orori dagokion hitz jario iheskor bukaezina, etorri bezala zuzenean adierazia. «Barne hizketa. , horrez gainera, era askotako doinuak eta hizketak tartekatu zituen Joycek liburuan : deskribapen soil-soilak, besteren estiloen edo kazetaritzako hizkuntzaren parodia, molde eta tankera askotako aipamenak eta sinboloak...Kontakizunaren hariak ez du inondik ere obra honen handitasuna erakusten, hizkuntza bera baita beste edozein liburutan bainoago liburu honen mamia. Leopold Bloomen eguneroko bidaia xumea Dublinen barrena, eta haren eguneroko bizitzako gertakizun soilak, hori besterik ez baita kontatzen liburu honetan.

Ulysses XX. mendeko literaturako obrarik garrantzitsuenetako eta berezienetakoa da, besteak beste, hizkuntza bera duelako protagonista, eta hala erakusten duelako bai gizakiari hizkuntzak ematen diola giza izatea, eta bai hitzen bidez egituratzen eta tankeratzen dela adimenaren baitako bizitza ; agerian jarri zuen orobat hitzezko jario horren elementuak arrazoi hutsalez daudela elkarri lotuak, eta hala askotan guztiz ere apala eta barregarria izaten dela gizaki orok duen barne hizketa hori.

Baina Ulysses ez da soil-soilik hitzaren gaineko ariketa neurrigabe bat, hizkuntzaren musika ezaugarriak areagotzen dituena, eta zikinkeria eta zekenkeria txiki guztiak agerian dituen adimenaren lotsarekin jolasean dabilena. Joyceri esker, irakurleak liburu honen pertsonaia kaskarren barne bizitzan parte hartzen du, edozein pertsonarena izan daitekeen bizitzan, zorrotz eta onberatasunez aldi berean, gupidaz eta nazkaz. Pertsonaia horiek, beraz, gure ispilu dira, gizakiaren adimena halabeharrez baitago hizkuntzaz eta bere ergelkeria eta handitasun guztiaz baliatzera behartua, eta horren gaineko gogoeta eta jolasa da Joyceren ekarri h : adia.

 

Finnegans Wake

1923tik 1939ra Joycek bere azken liburuan lanean jardun zuen : Finnegans Wake, inoiz idatzi den libururik irakurgaitzena hain zuzen. Nekez esan daiteke erabat ingelesez idatzia denik, oinarrian ingelesa duen hitzezko nahaste batean baizik, beste hizkuntza batzuetako elementu ugariz osatua, eta nonahi eta !noiznahi hitz jokoz eta txistez zipriztindua. Baina hitz joko etengabe horiek ez dira kontakizun zehatz eta definitu bat kontatzeko baliatzen, aitzitik, hitz joko horiek eta txiste horiek dira liburu horren mamia eta gaia. Interpretazio eta azterketa asko eragin ditu liburu horrek, eta berez itzuliezina den arren, egin dira haren zati batzuk beste hizkuntza batzuetara itzultzeko saioak, baita ingelesera ere.

Ulysses-en ondoren ahotsaren eta kontakizunaren gainbehera eta hondamena etorri ziren, hiztunaren mamia eta muina galdu egin baitziren, ezabatu, eta hitz jokoetan desegin, Joyceren aurreko lanen alde iluna den eta haren argitan besterik ulertu ez daitekeen liburu honetan.