Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Paul Valéry (1971-1945) Paul Claudel (1868-1955)

Paul Valrry

 

Paul Valery

Paul Valery (1871-1945) XX. mendeko Frantziako literaturak eman duen saioegile eta poetarik handienetakoa da. Literatura gizona ez ezik, pertsonaia publikoa eta intelektual ezaguna ere izan zen ; 1925ean Frantziako Akademiako kide izendatu zuten, eta 1945ean, zendu zenean, De Gaulle jeneralak dolu-egunak aldarrikatu zituen Frantzia osoan.

Meditarreneo ondoko Sete hirian jaio zen. Montpellier-en Zuzenbidea ikasi zuen, nahiz eta bere lehen nahia Itsaso Eskolan sartzea izan. Ama hizkuntza italiera izan zuen, baina eskolaratzea beti frantsesa. Pintura eta musika maite izan zituen ; Wagner miresten zuen eta pintoreen mundua ongi ezagutu zuen, batez ere Berthe Morisot pintorearekin ezkondu eta gero. Bizibidez, Defentsa Ministerioko erredaktorea izan zen, eta denbora franko omen zuen idazteko.

Bestalde, eta bere bizibidea zela medio, finantzak eta politikako giroa ere gertutik ezagutu zituen. Akademian sartu eta gero idazlea ez ezik, hizlaria ere izan zen.

1937tik aurrera Poetikako ikastaroak eman zituen College de Francen, ondoko kritika literarioan garrantzia hartu duen bidea markatuz . Gerra garaian, 1941ean Vichyko Gobernuak kendu zuen 1933 urteaz geroztik betetzen zuen postutik, Nizako unibertsitateko zentro Mediterraneoko administratzailea, hain zuzen ere. Bere jaioterrian, Seten, datza ehortzirik, epitafio hau idatzirik duela : O recompense, apres une pensee Qu'un long regard sur la calme des dieux.

Pentsamenduaren geroko saria Jainkoen lasaitasunari luze begiratzea.

 

Valeryren poemagintza

Valeryren ibilbide literarioa aski bitxia da ; poeta goiztiarra izan zen, haur denboran ere idazten hasia. Poe, Baudelaire eta Rimbaud miresten zituen, eta gaztetandik inguratu zuten adiskide literaturazaleak,zeinen artean Pierre Louis eta Andre Gide baitzeuden, eta aurrerago Mallarme, Valeryk biziki estimatzen zuen maisua. 1890. urteaz geroztik Mallarmerekin sartu zen harremanetan, gutunen bidez, eta gero, Valery Parisen bizitzen jarri zelarik, adiskide minak izan ziren.

Alabaina, hasiera goiztiar hura errotik mozturik gelditu zen 1892an. Gau trumoitsu batean hartan, Valeryk ulertu omen zuen alde batera utzi behar zituela bere Nia erabat menperatzetik urrunduko zuten jardun guztiak, maitasuna eta poesia ere barne, eta pertsonaren bi ahalmen garrantzizkoenak -borondatea eta adimena- landu behar zituela . Handik aurrera, zientzia fisikoak ikasi behar zituela erabaki zuen, eta matematikari eskaini zion ahaleginik handiena. Une hartatik aurrera, eta hil zen arte, hainbat gogoeta egin eta idatzi zuen erabateko zintzotasun intelektualera iritsi ahal izateko helburuaz, eta helburu horren alde kontzientzia zeharo menderatu ahal izateko asmoarekin. Ahalegin horren ondorioa prosaz idatzi zituen 261 koadernoak dira.

Koaderno horiek Cahiers izenaz argitaratu ziren, poeta hil eta gero. Literatura sormenari buruzko gogoetak dira, askotan filosofian barneratzen direnak, eta aitormen pertsonalak eta anekdotak erabat bazter uzten dituztenak. Saio literarioari eta gogoetari ematen zion garrantziaren neurria bestebi obra hauek ematen dute : llntrodution a la Methode de Leornard de Vinci (1895, Leonardo da Vinciren metodoaren sarrera)eta La Soiree avec Monsieur Teste (1896, Arratsalde bat Teste jaunarekin). Leonardori buruzkoak agerian uzten du Valeryk harenganako sentitzen zuen miresmena, eta, aldi berean, jenioari buruz zuen kontzeptua lantzeko aukera eman zion; izan ere, espirituaren boteretzat hartzen baitzuen Leonardo . Monsieur Teste, nolabait esatearren, aurrekoaren ifrentzua da. Hau da, Leonardo espiritu gizondua baldin bazen, Teste gizon potentziala da, erabat intelektuala.

Teste fikziozko horrek uzten duen aztarnabakarra jarduera intelektuala da, bilaketa etengabea, galdera egiten ibiltze behin betikoa . Alegia, Leonardok ez bezala -Leonardok egin egiten baitzuen-, Testek egintza ukigarriaz sekula bukatzen ez diren pentsamendu bideak iradokitzen ditu. Bestalde, eta saiakerari dagokionez, poetak estilo askotariko testuak utzi zituen, erdi gogoeta, erdi ohar, erdi prosazko poema : Melanges (1941, Nahasketak), Histoires brisees (1950, Istorio etenak) eta Agathe (1956), beste hainbaten artean. Bestalde, Valeryrek arlo asko landu zuen: obra dramatikoak ere idatzi zituen (Amphion et Semiramis, esaterako), zeinetan batzuetan musika, dantza, elkarrizketa, kantua eta abar nahastu baitzituen .

Obra poetikoari dagokionez, ez da ahaztu behar, lehen esan bezala, 1892an poesia gehiago ez idazteko deliberoa hartu zuela Valeryk. Alabaina, hogei urte geroago (1920 inguruan) Andre Gide nobelagileak eta Gallimard argitaratzaileak animatu zuten bere gaztaroko poesiak biltzera. Hortaz, eta berrogeita bat urte zituela, inoiz argitaratu gabeko hogeita bost urte lehenagoko poemak berraztertzeari ekin zion.

Hitzaurre bat hasi zen prestatzen, bertsoz, bilduma horretarako. Baina, hain luzatu zen hitzaurrea ezen beste bertso liburu oso bat idatzi baitzuen, bost urte geroago, (1917an), argia ikusi zuena, La Jeune Parque izenburupean (Parka gaztea); liburuak arrakasta bildu eta gero baizik ez zituen Valeryk 1890 eta 1892 artean idatzi zituen poemak bildu eta inprentara eraman. Poema hauek 1920an argitaratu ziren, L Album de vers anciens izenburuarekin (Bertso zaharren albuma).

Handik piska batera gaur ezagunena bide den obra argitaratu zuen, Le Cimetiere marin (Itsas hilerria). 1922an argitaratu zuen azken poesia liburua, Charmes (Xarmak).

LaJeuneParque-k Valeryren leit-motivetako bat ekarri zuen berriz ; izan ere, bost urteko lana ez ezik, Valeryk seirehun orri zirriborratu zituen bostehun bertso idazteko, bere betiko kezka nabarmenduz, hau da, obra bat sekula bukatzen ez delako kezka, eta, hortaz, inprentara eramateko unea, berez, zeharo arbitrarioa dela. Honen aurrean Le Cimetiere marin ezarri ohi da, Valeryren obra sentsualena, bere herrian, Seten, itsasoa eta zeruaren artean dagoen hilerriaz; biziari eta heriotzari buruzko gogoeta da, egile honek ohi duena baino amultsuagoa.

 

Erromantizismoa gainditurik

Valeryren poesiagintzak, sinbolismoaren ondorengotza bere eginez, erabat eta betiko ixten du Europako erromantizismoa.

Bere obrak erromantikoen lirismoa gainditu eta filosofiarantz bideratzen du poesiagintza, berak baino lehen beste hainbat sinbolistak ere egin nahi izan zuen bezala.

Valeryrentzat, erromantizismoa da XX. mendeko arte eta pentsamenduaren arriskurik handiena, eta, horren ondorioz, indibidualismo sentimentalaren zantzuak ezabatu behar dira. Poeta ofizioz da poeta ; poetak eraman handikoa izan beharko du aukeratu eta lanean jarduteko garaian, eta borondatea eta adimena izango dira eraman izugarri horren gidariak. Alabaina, ez dagokio Valeryri adimenaren poeta izatearen ezaugarria, hainbatetan errepikatu den bezala ; bere poesiagintzan, arrazoia da kontzientzia eta artearen, etika eta estetikaren sorburua, egia da, baina poesia bera ez dazertan arrazoizkoa izan. Ideia horren froga lirateke, esaterako, bere poesiari egotzi izan zaiona, iluna eta hermetikoa izatea, alegia.

Valeryren obran Niaren adierazpena bilatzeko ahalegina etengabea da, baina Ni hori ez dago xehetasun pertsonalei lotuta, Ni poetiko absolutu baten adierazpen nahia da.

Adierazpen horretan, gauza bera dira forma eta edukia, ez forma hutsa delako edo semantikoki hutsala, baizik eta forma kontzientziaren eta adimenaren lanaren ondorioa delako ; bide batez, prozesu horren gaineko gogoeta eginez, hitz bihurtzen den jakintzaren inguruko arazo guztiak mahaigaineratzen dira : alde horretatik, XX. mendeko gogoeta-ildorik interesgarrienetako bat proposatzen du Valeryk.

 

Paul Claudel

Claudel (1868-1955) idazlearen irudia bitxia gertatzen da Frantziako XIX-XX. mendeetako giroan. Gaztea zelarik bapatean katoliko bihurtzeko hautua eginik, bere obraren gaineko iritziak Frantziako tradizioan guztiz kanpokoa dela esaten dutenenetik, munduko kulturen sintesia egiten jakin duen dramaturgoa dela esaten dutenenera doaz.

Villeneuve-sur-Feren jaio zen, Vosges aldeko herrixka batean. Hamazazpi urte zuela Parisera joan zen, eta bertan ikasi zuen, Zuzenbidea lehen eta Zientzia Politikoak gero. Hemezortzi urte zituenean, Eguberri egunean, Pariseko Notre-Dame katedralean izan zuen argitzeak katoliko bihurtzeko arrazoiak eman zizkion. Hogeita bost urterekin karrera diplomatikoa hasi zuen, New Yorken, eta mundu osoa ezagutu ahal izan zuen karrera honi esker. Hirurogeita zazpi urterekin Isere aldera erretiratu zen, eta 1946 urtean Frantziako Akademiako kide izendatu zuten.

 

Claudel, poeta eta dramaturgoa

Paul Claudel poeta gisa da ezaguna, eta, batez ere, dramaturgo gisa. Prosan ere lan batzuk eman zituen argitara. Katoliko egin izanak markatu zuen Claudelen nortasuna, bizitza arruntean bezala bizitza literarioan ere. Hasieran Rimbauden eta Mallarmeren sinbolismoak kutsatu bazuen ere, fede hautuak laster eragin zion idazle lanari. Claudelentzat, poetaren eginbeharra jainkoaren metaforak ulertzen laguntzea da ; hau da, Jainkoak, mundua egin duelarik, ordena erabatekoa ezarri du, baina guk ezin ditugu ordena horren berri emateko jainkoak egin dituen metaforak atzeman, grazia egoera galdu dugulako eta bekatariak garelako . Beraz, poetak metafora horiek errebelatu behar ditu, jatorria jainkoarengan duen inspirazioaren laguntzaz. Cinq grandes odes da (1910, Bost oda handi) Claudelen poesia lan ezagunena. Bertan jatorria Biblian duen molde bat erabiltzen du, berak bere erara birmoldatua, verset deitzen dena. Izan ere, Claudelen asmo poetikoa mistikoa da, goratu egin behar baita jainkoarengana iristeko. Aldi berean, unibertsoaren kontzeptu organiko honek (Jainkoak eginikoa, ereduzkoa, non gauza bakoitzak bere lekua bete behar baitu) bere poesia blaitzen du ; hau da, Claudelek jasotzen du sinbolismoa, haina eduki logikoa, kristaua erantsiz. Bigarren poesia liburu garrantzizkoak, La Cantate a trois voix (Hiru ahotseko kantata), asmo bertsuak ditu.

Antzerkigintzari dagokionez, poesiaren kasuan bezala, hasieran Claudelek Mallarmeren antzerkiari buruzko ideien eragina jaso zuen ; bere lehen obrak -Tete d'or (1889, Urrezko burua), La Ville (1890, Hiria), Le Repos du septieme jour (1896, Zazpigarren eguneko atsedendaldia)- ahots askoren arteko monologoez bezala eginda daude, ahots gehienen atzean egilearena berarena badago ere. L Arbre sailean (Zuhaitza, 1910-1916) objektibotasun nahi handiagoa ikusten da. Honen ondorengoak dira Cristophe Colomb (1927) eta Jeanne au bucher (1935, joana sutan). Azken honi A.

Honegger konpositoreak jarri zion musika.

Greziarren, erromatarren, ingelesen eta are espainarren antzerki klasikoaren ondorengotza bereganatu eta sintetizatu izana da Claudelen antzerkiaren ezaugarria.

Prosan hainbat lan egin zituen, eta denetan ezagunena, ausaz, Connaissance de l'Est da (1907, Sortaldearen ezagutza). Ekialdean bizi izan zen garaian, ekialdeko ohiturak, paisaiak eta kultura ezagutu ahala mamitu zuen lana da, prosa poetikoaren adibidea.

 

Aldekoak eta aurkakoak

Lehen ere esan bezala, oso diferenteak dira Claudelen obrak sorrarazi dituen epaiak.

Zenbaitentzat, haren lana tradizio frantsesetik kanpo gelditzen da. Bere zaleek diotenez, ordea, ezin da inondik inora horrelakorik esan, non eta Rabelais, Pascal, Saint- Simon eta Bernanos bezalako idazleak ere atzerritartzat ez diren hartzen. Bestalde, gehienek aitortzen dute ezin daitekeela alde batera utzi Frantzian izan den idazle kristauen tradizioa, baina batzuek Claudelen katolikotasunari integrista irizten diote, "espainiarren modukoa" edo. Kritikatzen dutenen arabera, Claudelen lanaren bi eragileak, sinbolismoa eta, batez ere, katolikotasuna, ezin uztartzeko modukoak dira, eta bere hizkera ezintasun horrek kutsatuta dago ; aldekoen arabera, ordea, sinbolismoa itxuraldatzen da bere eskuetan, eta emankorrago eta unibertsalago bihurtu mundu zabaleko sinismenak bere egiten dituelako -Biblia, esaterako, baina baita Txinako taoismoa ere-, ukitu errealista ahaztu gabe.