Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Oscar Wilde (1854-1900)

Oscar Wilde Dublinen jaio zen, Irlandan, 1854ko urriaren 16an. Haren aita kirurgialari ospetsua zen, eta arkeologiari eta folkloreari buruzko zenbait liburu idatzi zituen. Haren ama poeta zen eta zelten mitologian eta folklorean aditua. Wildek Dublingo eta Oxfordeko eskola hoberenetan egin zituen ikasketak, eta azkeneko urteetan, haren adimen zorrotzagatik eta klasikoetan aditua izateagatik ez ezik, poeta gisa ere nabarmendu zen. 1878an Newdigate Prize gutiziatua irabazi zuen poema luze batekin: Ravenna.

John Ruskin eta Walter Pater ingeles idazleek eragin handia izan zuten harengan, haiengandik jaso zuen arteak bizitzan zuen garrantzi handiaren ideia. Haren asmamen zorrotzengatik eta burutazio asmotsuengatik, zituen jokabide bitxi eta xelebreengatik, ohiturazko arau moralak arbuiatzeagatik eta "arte hutsaren alde" egiteagatik, hau da, artelanaren helburu bakarra edertasuna zela aldarrikatzeagatik, Ingalaterrako eta Frantziako elkarte artistikoetako eta mundutarretako pertsona ospetsuena bilakatu zen. Bidaia asko egin zituen, Parisa eta Londresa ez ezik, Italiara, Greziara eta Afrikako iparraldera ere. Garai hartan, prerrafaelismoaren eta dekadentismoaren eraginpean, poema liburu bat argitaratu zuen -Poems (1881, Poemak)-, John Keats (1795-1821), Dante Gabriel Rossetti (1828-1882) eta Algernon Swinburne (1837-1909) poetekiko mirespena aitortuz.

1882an Estatu Batuetara eta Kanadara joan zen hitzaldiak egitera. Haren jarrera kemengabeak eta janzkera deigarriak -belaunetarainoko belusezko galtza motzak eta zetazko galtzerdi luzeak jantzita, eta orkidea bat paparrean zuela azaldu zen amerikarren aurrean- prentsan ernarazi zuen ezinikusia gorabehera, artearekiko eta edertasunarekiko maitasuna aldarrikatuz hamabi hilabete eman zituen Ameriketan.

1884an Constance Lloyd-ekin ezkondu zen, irlandar legelari ospetsu baten alaba bera, eta bi seme izan zituzten, Cyril eta Vyvyan, bata 1885ean eta bestea 1886an jaioak. Ezkontzak, baina, porrot egin zuen berehala. Bien bitartean Pall Mall Gazette aldizkarirako kritikak egin zituen eta Womans World (1887-1889) aldizkariaren argitaratzaile izan zen. Garai hartan, bere buruaidazle hasiberritzat zeukala, haurrentzako ipuinak idatzi zituen ; 7-be Happy Prince and Other Tales (1888, Printze zoriontsua eta beste ipuin batzuk), adibidez, eta talentu handia erakutsi zuen maitagarri ipuinen gisako alegoria erromantikoetarako.

Wildek bere bizitzako azken hamar urteetan idatzi eta argitaratu zituen bere lan nagusi gehienak. 1891. urtea izan zuen oparoenetako bat : bi saiakera liburu, 7-be soul of man under socialism (Gizonaren arima sozialismoaren pean) eta Intentions (Asmoak) ; eleberri bat, The Picture ofDorian Gray (Dorian Grayren erretratua) ; kontakizun liburu bat, Lord Arthur Savile's Crime, and Other Stories (Lord Arthur Savileren krimena, eta beste istorio batzuk) ; eta maitagarri ipuinak, A House of Pomegranates (Alesagarrez egindako etxe bat).

The soul of a man under socialism saiakeran sistema horren alde eta jabego pribatuaren aurka azaldu zen, sozialismoak indibidualismoa eragingo zuelako ustean.

Wildek askapen moralaren atari gisa ikusten zuen sozialismoa : Inork ez luke alferrik gastatuko bizitza gauzak eta gauzen sinboloak pilatuz. Bizi egingo litzateke...

Jende gehiena existitu egiten da, besterik gabe". Aurrerago, orduko ezkontzaren abolizioa iragarri ondoren, estatua azkenerako "lana antolatu eta beharrezko salgaiak egin eta banatuko" dituen elkarte borondatezko bat izango zela ere iragarri zuen : "Estatuak gauza baliagarriak eta erabilgarriak egin behar ditu. Gizabanakoak, berriz, gauza ederrak". Intentions-en estetikaren teorilari gisa idazten hasi zen : "Artistaren helburua Artea agerraraztea eta artista ezkutatzea da".

"Ez dago liburu moralik edo inmoralik : liburuak edo ongi idatzita daude, edo gaizki".

Intentions-en Wildek oso elkarrizketa burutsuak idatzi zituen, paradoxez beteak.

Horietako batean, arteak izadia imitatzen duela dioen axioma klasikoa hankazgora jarriz, Izadiak artea imitatzen du" dio, Londresen lainoa izatearen erantzulea Turneren pintura dela (margo horiek baino lehen ere izango zen lainorik Londresen, baina ez zen antzematen) : "Sorkari eder ororen esanahia hari so dagoenaren ariman dago, hura sortu duenarenean bezainbeste, gutxienez" . "Edertasunak gizonak aldarte adina esanahi ditu. Edertasuna sinboloen sinboloa da. Edertasunak dena agerrarazten du, ezer adierazten ez duelako". Goraxeago aipatu den bezala, saiakera hori argitaratu zen urte horretan bertan argitaratu zen haren eleberri bakarra, The Picture of Dorian Gray, dekadentismoaren eta estetizismoaren ebanjelio moduko bat bilakatu zena. Wildek eleberri gotikoaren naturaz gaindiko elementuak Frantziako fikzio dekadentearen ezin adierazizko bekatuekin nahastu zituen obra horretan, eta kritikariek moralaren kontrakoa izatea leporatu zioten Dorianek bere burua suntsitu nahi izate horri.

 

Antzerki lana

Baina Wilderi antzerki lanek eman zioten ospea. Elkarrizketa ironiko eta paradoxa ziniko distiratsuen bidez gizarte kritika zorrotza egiten duten komediak dira gehienak . Haren lehen lan arrakastatsuaren bidez -Lady Windermere's fan (1892, Lady Windermereren haizemailea)-, Wildek frogatu zuen bere zorroztasunak eta argitasunak Frantziako antzerkigintzako makineria herdoildua suspertu zezakeela. Haren beste antzerki lan ezagunenetako bat Salome da (Inazio Mujika Iraolak euskaratua), frantsesez idatzia Sara Bernhardt antzezle ospetsuarentzat : naturaren kontrako maitasun harreman baten deskripzioa da, "jendea dardararazteko eta inarrosteko diseinatua".

Ingalaterran debekatu egin zuten, Bibliako pertsonaiak agertzen zituelako, eta Frantzian argitaratu zuten lehenago, 1893an. Ingelesera itzulita hurrengo urtean azaldu zen.

1893an haren beste gizarte komedia bat antzeztu zen, A woman of no Importance (1893an antzeztua, 1894an argitaratua, Garrantzirik gabeko emakume bat), eta handik bi urtera, beste bi, zein baino zein bikainagoak, An ideal Husband (1895ean antzeztua, 1899an argitaratua, Senar ideal bat) eta The Importance of Being Earnest (1895ean antzeztua, 1899an argitaratua, Zintzoa izatearen garrantzia edo itzul daitekeena).

Antzerki irrigarria da, XVIII. mendeko ereduak eguneratzeko itxura egiten duena, ezkutatuta dauden pertsonaiei buruzko azpijokoez ustekabeko topo egiteez, nortasun jakinarazte bat-batekoez eta paradoxa jostalariez zipriztindua, gizarteari egiten dioten eraso sakonari garrantzia kendu nahiz bezala. Batez ere azkeneko obra horretan, The importance of Being Earnest, muturreraino eramaten ditu argumentuaren azpijokoaren absurdua eta ateraldi burutsuen zorroztasuna, bata bestearen atzetik. Nolabait ere epigrama satiriko bihurtu zituen fartsaren elementu konbentzionalak, oharkabean bezala baina gupidarik gahe salatuz gizarte victorianoaren hipokrisia.

 

Azken urteak

1895. urte hartan, baina, gauzak erabat okertu ziren Wilderentzat. Haren eta Lord Alfred Douglasen arteko harreman estua zela eta, Queensberryko markesak, Douglasen aitak, sodomiaz akusatu zuen Wilde, eta honek auzitara eraman zuen bere izena belzteagatik . Eskandalu handia sortu zuen epaiketa batean Wilde homosexuala izateaz akusatu zuten eta bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, espetxe denboran lan egitera derrigortuta, gainera. Ingalaterrako aristokraziaren idazle kutuna izan zena, lehenago hainbeste miretsi zuen aristokrazia horren beraren onespenarekin kartzelaratu zuten, beraz. Reading-eko kartzelan eman zuen denbora gehiena. Han gutun luze garratz bat idatzi zion Douglasi, hil ondoren argitaratua : De Profundis (1905). 1897a, askatu orduko, Frantziara joan zen eta Parisen bizi izan zen, arlote eta bakardadean. Urte haietan idatzi zuen bere poemarik ezagunena, The Ballad of Reading Gaol (1898, Readingeko kartzelako balada), preso bat hilarazi aurreko uneen azalpena eta kartzelako bizimodu gogorraren salaketa gordina. Parisen hil zen, 1900eko azaroaren 30ean.