Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Guy de Maupassant (1850-1883)

"Henri-Rene-Albert-Guy de Maupassant Miromesnil-eko gazteluan edo Fecamp herrian jaio zen 1850eko abuztuaren 5ean, ez baita gauza segurua ; eta Normandiako Fecamp herrian. Guyk 12 urte zituelarik gurasoak bereizi egin ziren ; bi semeak amarekin geratu ziren Fecampen. Gurasoen arteko iskanbilak eta liskar bortitzak barrenbarrenean markaturik geratu ziren Guyrengan . 13 urte zituela Ivetot-eko elizaren eskolan sartu zuen amak, ikasketak egin zitzan, eta han aritu zen 18 urte zituela "bertso gordin" batzuengatik kanpora bota zuten arte.

Udako oporrak gurasoek 1860an Etretat-en igarotzen zituen amonarekin. Etretateko bainutegia bolada bete-betean zegoen urte horietan ; han biltzen ziren kazetariak, idazleak, margolariak : Corot, Courbet, Monet ... Han salbatu zuen itotzetik Charles Swinburne olerkari ingelesa, salbatu izanaren esker onez emandako bazkarian tximu xigortua janarazi eta Maupassanten ipuinetan behin baino gehiagotan aipatzen den larrutuaren eskua opari gisa eman ziona.

Swinburne olerkari "madarikatuaren" itzala izan zen, hain zuzen, Schopenhauer filosofiarenarekin batera, Maupassanten barne bidaietako beste bidelagun nagusietako bat.

Elizako eskolatik bota eta Parisa zuzenbide ikasketak egitera joan bitartean Roueneko Corneille Lizeoan erretorika ikasle egin zituen hamalau hilabeteak erabakigarriak izan ziren Maupassanten bizitzan.

Orduan ezagutu zituen bere literaturako bizitzaren nondik norakoak markatuko zizkioten bi pertsonak. Louis Bouilhet olerkaria bata, eta Gustave Flaubert, Maupassanten amaren eta haren familiaren aspaldiko adiskidea, sarri-sarri Rouenera joan eta bere bi adiskideekin auzo ilunetako fama txarreko kaleetan ibiltzea atsegin izango zuena.

1869an Parisa joan zen zuzenbide ikasketak egitera. 1870eko udan gerrak harrapatu zuen eta soldadu egon zen 1872koazaroa arte. Esperientzia gogorrak igaro behar izan zituen; ipuin eta istorio askotan aipatzen dira esperientzia horiek : Boule-de- Suif, Mademoiselle Fifi, La Mere Sauvage, Le Pere Milon, Deux Amis, banaka batzuk baizik ez aipatzearren.

Garai horretarako erabaki sendoa zuen literatura idazten jarduteko. Bizibidea izateko, Itsas Armadako Ministerioan sartu zen funtzionario (1872-1978), eta gero Irakaskuntza Publikoko Ministerioan (1878-1880) ; esperientzia luze aspergarri horretan ikasiak sarritan agertuko dira Maupassanten obretan, Bel-Ami-n eta Parisko ipuin zikloan batez ere.

Bitartean, Flauben Maupassanten karrera literarioa bultzatzeko prest agertu zen. Bi baldintzarekin : etenik gabe idaztea, eta esan arte ez argitaratzea. Maupassantek gogoz onartu zuen egitarau gogor hori, eta zintzo bete ere, bete zuen, ia salbuespenik gabe.

Lan, ikasketa, kirol eta lagunarteko jostaketa urteak izan ziren haiek. Gizon azkar, indartsua baitzen Maupassant. Igerilari trebea, arraunlari bizkorra, josta zalea, "Sena ibai ertzetako jostaketen zaleegi" Flaubertek inoiz gogoratu zion bezala. 1877rako heriotzaraino lagunduko zion sifilisaren seinaleak agertu zitzaizkion.

Lagunarte literarioetako kide izan zen : Flaubert, eta haren bitartez Turgeniev, Edmond de Goncourt, Zola ezagutu zituen, eta gazteagoen artean, Huysmans, Ceard, Hennique, Alexis, Mirbeau.

1880ko apirilean, azkenik, Flaubertek argitaratzeko baimena eman zion. Aldi berean argitaratu zituen, alde batetik, poema liburu bat, kritikak goraipatua, eta Zolak antolatutako Soirees de Medan (Medango arratsak) talde lana, Zolaren beraren eta Huysmans, Ceard, Hennique eta Alexisen beste zenbait lanez gainera Maupassanten Boule de Suif (Mari Gizen) dakarrena. Flaubertek, ordu arte Maupassanten lanei buruzoso zorrotz agertu baitzen, maisu lantzat goraipatu zuen lan berria. Orduantxe, ordea, 1880ko ekainaren 8an Flaubert hil zen.

Mari Gizen bat-bateko arrakasta izan zen. Argitalpen saila izan zuen oso aste gutxitan. Maupassantek Ministerioko lana utzi ahal izan zuen. Bat-batean ospetsu egin zen ; egunkariek eskuetatik kentzen zizkioten ipuinak eta kronikak. Handik aurrera literaturak, kazetaritzak eta bidaiek hartuko zuten Maupassanten denbora guztia.

Kronikagile Le Gaulois egunkarian, 1880tik 1888ra, Gil Blas egunkarian, 1881etik aurrera, aldian behin Figaro egunkarian . Ipuin eta eleberri guztiak egunkarietan argitaratu ziren liburu gisa argitaratu aurretik.

Maupassantek arrakasta zuen gizarte bizitzan : aberastua, ongi ordaindua (200-300 libera ordaintzen dizkiote kronikak 1885az gero), ate guztiak zabalik.

Osasunak ordea, ez zion lagundu : sasoiko gizona izana elbarritzen ari zen, gaztarotik zetorkion sifilisak eta amaren aldetik herentziaz zetorkion neurosirako joerak elkar indartuta. Perlesiaren izumenak, begietako arazoak, hotzerako sentiberatasunak, gaitzen kontra hartzen zituen bromuroen, eterren, opioaren gehiegikeriek ahultzen zuten eta etsimenera eramaten.

Beheraldi horren guztiaren, eromenera bide horren kronika analitiko zehatz ohartuak dira garai horretan idatziz zihoan geroz eta kontaera ilunagoak, etsimenez beteagoak.

Bere sormena agortzen ari zitzaiola iruditu zitzaionean egiaz erotu zen. 1882ko urtarrilaren lean bere buruaz beste egiten ahalegindu zen, hilaren 7an Passyko erietxean sartu zuten, eta ez zen bere onera itzuliko hurrengo urteko ekainaren 6an, gorputz guztia perlesiak hartuta, hil zen arte.

Zolak egin zuen haren hiletetan agur hitzaldia, Idazleen elkartearen izenean.

 

Obra

Hamabost ipuin bilduma (hirurehundik gora ipuin), sei eleberri, hiru bidaia liburu, bi antzerki obra, ehundaka kronika, hamabi urtetan. Eta hori guztia gizarte harreman etengabeen, bidaien artean. Datu soil horiek erakuts dezakete Maupassanten sormena, lanerako lehia zenbaterainokoa zen.

Esan daiteke Maupassanten bizitzak berak baldintzatzen duela haren obra. Ez da zuzenean Maupassanten autobiografia, oso gutxitan adierazten baititu zuzenean bere bizikizunak. Baina Maupassanten obra gehienak haren barne bidearen isla dirudi : ia hasieratik dituen gaien inguruan geroz eta estuago korapilatua.

Obra laburrak dira, zati laburrak, oso antzekoak, estiloaren bilakaera sumatzen ez zaienak, gai bertsuen inguruan moldatuak gehienak : gizakien arteko komunikazioaren ezintasuna, zoritxarreko maitasunak, familiaren desegitea, gerra, eromena, heriotza, gizarte hipokritaren kritika erruki gabea.

Gertaldien inguruneak ere ez dira asko : Normandiako laborariak, Parisko gizartea, bere handiki, funtzionario eta prostitutekin.

Azkeneko urteetan, ordea, zertxobait aldatzen hasi zen Maupassanten produkzioa . Mesprezuaren lekua halako erruki-edo batek hartzen du, kritika sozial gutxiago ageri da, eta leku gehiago uzten zaie pertsonaien barne dramei. Eta horrexen ondorioz, agian, ipuinen lekua eleberriek hartzen dute geroz eta gehiago : Une vie (1883, Bizitza bat), Bel-Ami (1885), Mont- Oriol (1887), Pierre et Jean (1888 Pierre eta jean), Fort comme la mort (1889, Heriotza bezain indartsu), Notre Cceur (1890, Gure bihotza).

Aldaketa horiek guztiak azalekoak dira, ordea, mamiarenak baino gehiago. Mami bera baitago Maupassanten obra guztietan : gizonak gainetik kendu ezin duen eta beti zori txarrera eramango duen patu gaiztoaren etsimen geroz eta argiagoa. Maupassantek uste oso-osoa du tranpa bat dela itxaropena . Ezin da galdu harrapaturik gauzkan ilunbetik, barrunbe itxitik, libre irten eta askatuko garen esperantza, horretan ahalegintzen gara geure baliabide apurrez, baina lortu dugula uste duguneantxe, bat-batean eta bortizki ixten zaigu itoko gaituen lakio absurdua.

Egiaz gizon eta libre izaten uzten digun patu gaizto hori bazter guztietan ageri da Maupassanten obran ; ez da definitzen, ordea, ez du itxura jakinik, Horla-ko lausotasuna bera izatera iristen da : norberaz kanpokoa baldin bada ezin da ulertu, barnekoa baldin bada ezin da menderatu.

Ezkortasun hori ezin pareka daiteke, ordea, bere garaiko gizarteak nozitu zuen "mal du siecle" harekin, gizartearen patua, gizartearenizaera eta etorkizuna eskuetatik joanak zituela sentitzen zuen gizarte hark nozitzen zuen etsimenarekin. Bestelako etsimen sakonagoa ageri da Maupassanten obretan, egilearen beraren nortasunean errotua.

Leku askotan arrazoitzen du Maupassantek patu irrazional hori, Schopenhauerren eragin aitortu batez. Hain zuzen ere, itxaropena tranpa den bezala, logika ere tranpa da. Harrapaturik gaude, ezin dugu ezagutu (Magnetismoa, SaintMichel Mendiko elezaharra, Horla). L'inutile Beaute-n laburbiltzen du, beharbada, ongien Maupassantek munduaz eta izateaz duen pentsamendua : Badakizu nola irudikatzen dudan nik Jainkoa : inork ezagutzen ez duen organo sortzaile munstrozko bat, arrain besterik ez bezalako batek itsasoan arrautzak egingo lituzkeen bezala, espazioan zehar milioika mundu ereiten dituena. Jainko izatez duen eginkizuna horixe delako sortzen ditu gauzak: baina ez daki zer egiten duen, emankor zentzu gabea, bere hazi barreiatuek eratzen dituzten era guztietako konbinazioen ezjakinean . Giza pentsamendua haren ernaldien ustekabe zorioneko bat baizik ez da, zoko batean gertatutako ustekabe igarokor, antzemanezin, lurrarekin batera desagertzera kondenatua (...) Hari zor diogu guretzat egina ez den mundu honetan honen gaizki egotea.

 

Ipuinak

Maupassantek ez zituen inoiz bereizi "conte" eta "nouvelle" ; istorio labur guztiei "nouvelle" deitu zien beti, hemen "ipuin" deituko diegu, erosotasunagatik. Hamahiru bilduma argitaratu zituen : La maison Tellier (1881, Tellier etxea), Mademoiselle Fifi (1882, Fifi andereñoa), Contes de la becasse (Oilagorraren ipuinak), Clair de lune (1883, Ilargiaren argia), Miss Harriett, Les soeurs Rondoli (Rondolli ahizpak), Yvette (1884), Contes du jour et de la nuit (1885, Eguneko eta gaueko ipuinak), La petite Roque, MonsieurParent, Toine (1886), Le Horla (1887), Le rosier de Madame Husson (1888, Madamme Hussonen larrosa), La main gauche (1889, Ezker eskua), L'inutile beaute (1890, Alfer edertasuna). 306 ipuin, guztira ; kopuru horrek, besterik gabe, literaturaren historiako ipuingile oparoenen artean jartzen du Maupassant.

Esan den bezala egunkarietan argitaratu ahala egindako bildumak dira aipatu diren hauek. Ez dira, beraz, bilduma tematikoak.

Europako ipuin modernoa egunkariekin sortu zen, egunkarietan argitaratzeko idazten ziren gehienbat ipuinak (XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran batez ere). Horrek baditu bere ondorioak, jakina . Egunkariak luzera jakin bat eskatzen du,irakurle jakin bat jartzen du, eta gai jakin batzuk proposatzen.

Exotismoa da arau nagusia. Maupassantek normandiarren ipuinak idazten zituenean, Parisen zituen irakurleak. Atzerria eta mundu arrotza ere mundu exotikoak dira.

Fantasiazko mundua, hain zuzen, mundu normalaren ertz-ertzean dagoen errealitate bat da. Maupassanten ipuinak oso modu errealistan aurkezten du eguneroko mundua, eta poliki-poliki arrotz bihurtzen du.

Ziurtasun guztiak zalantzan jartzen ditu.

Maupassanten ipuinetako gaiak hiru multzo handitan sailkatu ohi dira : Normandiako ipuinak, Parisko ipuinak (Parisko erdi mailako klaseei eta funtzionarioei buruz) eta fantasiazko ipuinak (izumenezko, ankerkeriazkoak) . Gaiez, kokalekuz, anekdotaz desberdinak ; a posteriori irakurrita, sortzez iturburu beretik sortuak, antolamenduz helburu berera bideratuak : etsimenetik etsimena adieraziz etsimena gainditzeko ekimen etengabeak.