Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Gogol (1809-1852) Turgeniev (1818-1883)

 

Nikolas V. Gogol

Oharmen eta begi zorrotz baten jabe, Gogol-i zor zaio, erromantizismoa puri-purian zegoen garaian, errusiar literaturan halako ospea izango zuen tradizio errealistaren oinarriak finkatu izana.

Nikolas Vassilievitx Gogol 1809ko martxoaren 31n jaio zen Sorotxintsi-n, Poltavatik hurbil, Ukrainan. Gurasoak lur jabe txikiak zituen eta Nikolas gaztetxoak Nezhin-go lizeoan egin zituen bigarren mailako ikasketak . Berehalaxe nabarmendu zen lizeoan bere mihi zorrotzagatik, aldizkari batean argitaratu zituen kontakizun eta olerkiengatik, eta eskola-antzerkian antzeztu zituen agure eta atso barregarrien paperengatik.

Hemeretzi urte zituela, San Petersburgora jo zuen administrazioan lanposturen bat eskuratuko zuelakoan, baina laster ohartu zen, dirurik eta "aitapontekorik" gabe, ez zeukala zer egin handirik. Aktoretzan egin zuen hurrengo ahalegina, baina ez zuen lanbide horretan ere arrakastarik izan.

Poeta gisa ospea lortzeko asmotan, lizeoan zebilela idatzitako erdipurdiko olerki sentimental-idiliko bat argitaratu zuen, bere kontura, baina hartarainoko porrota izan zuen, ezen, kopia guztiak erre eta Estatu Batuetara emigratzeko zorian egon baitzen. Gaizki ordaindutako administrazioko lanposturen batean edo bestetan lan egin zuen gero, eta, geratzen zitzaion denbora librean, aldizkarietarako idazten hasi zen, Ukrainako haurtzaroko oroitzapenetatik gai hartuta.

Kontakizun erromantiko horiek guztiak bildu eta bi liburukitan argitaratu zituen Vechera na khutore bliz Dikanki (1831-1832, Dikanka inguruko etxalde bateko arratsak) izenburupean, eta oso harrera ona izan zuten. Deskripzio zehatzez hornitutako prosa bizi eta, batzutan, lagunartekoan idatziak, arnasa freskoa eta berria ekarri zuten errusiar literaturara. Folklorean oinarrituak zeuden asko, Ukrainako hitzak eta esaldiak barne zirela, eta molde hartako idazkerakberehala erakarri zuen Errusiako literatura munduaren arreta.

1831n, administrazioko bigarren lanpostua bertan behera utzi eta historiako irakasle hasi zen neskentzako barnetegi batean.

Handik hiru urtera, San Petersburgoko unibertsitatean, Erdi Aroko Historiako irakasle laguntzaile izendatu zuten, haina ez zuen bere burua kargu horretarako prestatua ikusten eta, urtebete egin ondoren, utzi egin zuen lanpostua. Arratsek izandako arrakastarekin adoreturik, beste bi obra argitaratu zituen 1935ean : Mirgorod eta Arabeski (Arabeskoak) . Lehenengoa, Mirgorod, Arratsen jarraipena da eta lau istorioz osatua dago, Taras Bulba ospetsua tartean dela: kosakoen tradizioetan oinarritutako kontakizun indartsu bat. Arabeski liburuko eleberri laburretan, herriz, umorezkoa dirudien azalaren azpian, histasun sakona ezkutatzen da. Liburu berean argitaratu ziren, orobat, Zapiski sumasshedshego (Ero baten egunkaria), Nevsky prospekt (Nevsky ibilbidea), Portret (Erretratua), eta Nos (Sudurra).

Kontakizun batzuetan antzematen den gizarte salaketa oso ongi hartua izan zen garai hartako Errusiako zirkulu liberaletan, Bielinski kritikaria tartean zela, baina Gogolek berak -izaera oinazetua eta zalantzatsua zuen- ez zuen inola ere identifikatu nahi izan bere obra subertsio politikoarekin . Kontraesan handi baten mende eman zuen Gogolek ia bizitza osoa. Alde batetik, barren-barrenetik jaiotzen zitzaion jeinu literarioak inguruan zituen politikarien, funtzionarioen eta eliz gizonen ustelkeria eta gainbehera morala satirizatzera bultzatzen zuen, haina, bestetik, erlijioan eta politika kontserbadorean oinarritutako heziketa erromantikoak ez zion uzten tsarraren erregimenaren aurka altxatzen. 1836an, Revizor (Ikuskaria) antzezlana argitaratu zuen. Komedia bikain horretan, satira errealista bat egin zuen burokraziaren ustelkeria gaitzat hartuta, eta tsarraren aldeko agintariei gustatu ez bazitzaien ere, ezin izan zuten eragotzi jendaurrean antzeztea eta arrakasta handia izatea. Nolanahi ere, zentsurarekin arazoak izan zituen eta egileak atzerriratu egin behar izan zuen denboraldi batez. Lehenik Alemaniara joan zen, gero Suitzara eta Frantziara, eta, azkenik, Erroman igaro zuen 1939ko udaberria.

Garaitsu hartan idatzi zituen Shiniel (1842, Longaina) izenburuko kontakizun aparta eta Zhenitba (1842; Senar-emazteak)komedia alaia. Erroman bizitzen zegoela amaitu zuen idazten bere maisu lana izangozena : Miortvie dushi (1842, Arima hilak) . Eleberri horretan, garai hartako Errusiako nekazarien bizitza negargarriari buruzko ikuspegi goibela ematen da, ironia garratzaren azpian idazlearen pentsaera ezkorraislatzen dela. Arima hilak eleberriaren lehen partea amaitu zuenean, Moskura itzuli zen, 184leko irailean. Zentsurak atzera bota zion idazlana eta aldaketa batzuk egin behar izan zizkion, 1842an argitaratuko bazen. Gogol Erromara itzuli zen eta han jakin zuen zer nolako kritikak eta erreakzioak piztu ziren Errusian eleberriaren lirismoa eta errealismoa zirela-eta. Erreakzio horiek biziki hunkitu zuten idazlea, ez baitzen haren asmoa izan tsarraren erregimena kritikatzea. Arrazoi horregatik eleberriaren bigarren parte argitsu bat idatzi nahiizan zuen, eta, aurkariei ahoa ixteko, Vybrannye mesta izperepiski s druzyami (1847, Lagunekiko gutunetatik hautatutako pasarteak) idatzi zuen, joputasun sistema, Eliza Ortodoxoa, heriotza zigorra, burokrazia, etab.. efendatuz. Argitalpen hori zela medio, ordu arte lagun izan zituen asko haserretu zitzaizkion, eta idazleak, azkenean, erre egin zuen Arima hilak-en bigarren partea.

Jerusalema erromesaldia egin ondoren, Moskura itzuli zen 1848an, eta han pope fanatiko baten eraginpean erori zen. Garai horretatik aurrera guztiz bizimodu desorekatua eraman zuen : egundoko exaltazio mistikoen ondoren etsialdi ikaragarriak izaten zituen, eta aszeta bizitzari eman zitzaion.Hala ere, lortu zuen Arima hilak-en bigarren partea berriro idaztea, baina hura ere erre egin zuen 1852ko otsailean. Egiten zituen barau luzeen eraginez gaixoturik eta burua erdi galdurik zuela, urte hartako martxoaren 4an hil zen Moskun. Handik urteetara Fiodor Dostoievski eleberrigile handiak aitortu zuen errusiar idazle errealista guztiak "Gogolen Longaina-ren pean" hazi zirela.

 

Ivan S. Turgeniev

Bere prosaren estiloa eta kalitatea zirela-eta -gizarte elementuak, psikologia eta deskripzioak harmoniaz orekatzen ahalegindu zen beti-, nazioartean ospea izan zuen lehen errusiar eleberrigilea izan zen.

1818ko azaroaren 9an jaio zen Ivan Sergeievitx Turgeniev Oriolen, Errusian. Aita aitoren semea eta gudarosteko ofizial ohia zuen, eta ama familia lur jabe aberats bateko alaba. Ivanek 16 urte zituela aita hilik, amak askoz eragin handiagoa izan zuen idazlearen bizitzan. Lehen ikasketak etxean egin bazituen ere, gero Moskuko eta San Petersburgoko unibertsitateetan ikasi zuen eta azken hiri honetan murgildu zen literatura munduan, Puxkin eta Gogol gidari zituela.

1838an Berlina joan zen filosofia ikasketak egitera eta han Alemaniako idealismoaren eragina jaso zuen. 1841ean, europazale eta liberal deliberatu bilakaturik, Errusiara itzuli zen eta administrazioan hasi zen lanean.

Garai hartakoa da Errusiako irakurleen arreta erakarri zuen Turgenieven lehen idazlana : Parasha (1843) izenburuko narrazioolerki luzea. Vissarion Belinsky literatura kritikaria berehalaxe ohartu zen zenbaterainoko gaitasuna zuen olerki haren egileak eta Turgenieven lagun min eta babesle bilakatu zen. Belinskyren iritzian literaturaren lehen xedea bizitzako egiak islatzea eta injustiziaren aurkako postura kritikoa hartzeazen, eta horiexek bilakatu ziren, hain zuzen ere, Turgenieven goiburu. Baina ez zituen inoiz gizarte kezkak artearen gainetik jarri.

Eta Belinskyren eragina gorabehera, beti izan zen idazle inpartziala, bizitza objektibotasun hotz eta -batzutan- ironikoz deskribatzen zekiena. 1843an argitaratu zuen orobat Zuhurgabekeria antzezlana, eta hurrengo urtean Andrei Kolosov (1844) eleberri laburra . Garaitsu hartan ahalegindu zen San Petersburgoko unibertsitatean irakasle har zezaten, haina ez zuen nahi zuena lortu, eta hala, 1845ean, administrazioan zuen lanpostua bertan behera utzirik, literaturara erabat emana bizi izan zen data hartatik aurrera. Pauline Viardot-Garcia kantari ezagunaz maitemindurik, 1847tik 1850era Errusiatik kanpo joan zen haren ondoren.

1852an, ospea eta ezagutza ekarri zizkion Zapiski ojotnika (Ehiztari baten kontakizunak) argitaratu zuen. Liburu horretan jopuen bizitza gogorraren lekukotasuna eman zuen idazkera argi eta errealistaz. Urte berean -hau da, 52an-, Spasskoie-ko bere etxaldetik irten gabe egotera behartu zuen gobernuak, Gogolen heriotza zela-eta, Turgenievek idatzitako artikulu ustez "subertsibo" bat aitzakia harturik, nahiz eta azpitik zegoen arrazoia beste bat izan : Ehiztari baten kontakizunak-en joputasun sistemari eta, ondorioz, tsarraren erregimenari egiten zitzaion kritika gogorra, alegia.

Ordu arte, batik bat, olerkia eta antzerki lanak idatzi bazituen ere -Dirurik gabe (1846), Mutil zaharra (1849), Hilabete bat landan (1850), Turgenieven antzezlan hoberentzat jotzen dena, eta idazlea hil ondoren argitaratu eta antzeztu zena, Gau bat Sorrente-n (1852), etab.-, handik aurrera poesiaz beteriko eleberri laburrak ondu zituen : Bi lagun (1854), Iakov Pasinkov (1855), Lehen amodioa (1860), etab. Hala ere, Turgeniev-i Errusiako idazle onenen artean toki bat eman diotenak, batez ere, hark idatzitako eleberriak izan dira. Rudin (1856) eleberrian, bere garaiko intelektual giroa erretratatu zuen ; Dvorianskoiegniezdo (1859, Aitoren semeen habia) obran, berriz, noblezia zaharraren ohiturak deskribatu zituen ; 1860an argitaratu zuen Nakanune (Bezperan) eta 1862an, segur aski, haren eleberri biribilena izan zena : Otsi i dieti (Aitak eta semeak). Azken lan honetako protagonista aristokrazia kontserbadorearen aurka jazartzen den pertsonaia aktibo eta materialista bat da, eta nahiz eta belaunaldi aurrerakoiak borroka horretan irabazle suertatzen diren, ezeren aurrean gelditzen ez den materialismo ukatzaile eta nihilista horren mende hiltzen da protagonista.

Aitak eta Semeak-ek gizarte klase guztietatik jaso zituen kritikengatik sumindurik eta nazkaturik, atzerrian hartu zuen bizilekua, Baden-Badenen lehenik (1862-1870), eta Paristik hurbileko Bougivalen gero (1871-1883),Pauline Viardot-Garciarekin batera, baina Errusiara urtero joaten zen eta egonaldi laburrak egiten zituen han. Bizitzaren azkenaldera bi eleberri -Ditu (1867, Kea) eta Nov (1877, Luberriak)-, zenbait eleberri labur eta obra lirikoak ondu zituen, eta denetan, existentziaren ezerezkeria islatzen zuen ezkortasun geroz eta handiagoa nabaritzen da.

Ivan Turgeniev, Europako intelektual zirkuluetan estimazio handia zuela , 1883ko irailaren 3an hil zen, Bougival-en, Frantzian.