Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Henry W. Longfellow (1807-1882) Nathaniel Hawthorne (1804-1864)

 

EEBBetako literaturaren hasiera

XIX. mendearen hasieran, Estatu Batuek ez zuten kultura berezirik. Literatura, artea eta musika Europatik zetozen, Ingalaterratik bereziki. Ez zirudien Europatik ez zetozen gauzek batere merezi zutenik. Baina 1815-1865 urteetan, kulturaren loraldi bat gertatu zen Ingalaterra Berrian, N. Hawthorne, H. W. Longfellow, R.W. Emerson, H.D. Thoreau, O.W. Holmes, eta W. Prescott idazleen lanarekin. Idazleok adiskideak ziren ; Longfellow eta Hawthorne ikaskideak izan ziren Bowdoin College-n, eta Hawthornek eman zion Longfellowri Evangeline bere poema famatuenetako baten ideia. Biak ziren Ingalaterra Berriko historiaren protagonisten ondorengoak. Alabaina, pertsona eta idazle ezin desberdinagoak izan ziren, beren obra bezalaxe. Longfellow eta bere obra baikorrak dira ; bizitzaren - Amerikaren- pozari eta edertasunari kantatzen diote, eta horrek eman dio arrakasta ; Hawthornek, Salerago sorginen epaile baten ondorengoa bera, Salemen bertan jaioa, bizitzaren -berriz ere Amerikaren, Ingalaterra Berri puritanoaren- alderdi ezkutua, iluna, beldurgarria erakusten du, idazle amerikar handienek, E.A. Poek eta W.

Faulknerrek jarraituko zuten bidetik, eta horrexegatik dago Hawthorne, eta bereziki haren Letra eskarlata, oraindik indarrean.

 

Longfellow

Henry Wadsworth Longfellow da amerikar poeta ezagun eta maitatuenetako bat, Ipar Ameriketan bereziki. Estatu Batuetan askok eta askok buruz dakizki Longfellowren poemetako batzuk. Bi arrazoi dira Longfellow-ren poesiaren ospea eta esanahia argitzen dutenak. Lehenbizi, errima errazaren dohaina zuen. Behin edo bitan irakurri -eta, batez ere, entzun-, eta buruan geratzen dira haren errima eta konpasa, baita hitzak aspaldian ahaztu direnean ere. Bigarren, Longfellowren gaiak era guztietako irakurleak erakartzen dituztenetakoak dira, eta guztiz errazak dira ulertzen. Ororen gainetik, Longfellowren poemetan bizi poza eta baikortasuna nagusitzen dira, eta sentimendu horiek segituan iristen zaizkio irakurleari . Amerikar idazleen artean aurrenekoetakoa izan zen bertako gaiak lantzen.

Ameriketako gertalekuen eta paisaien gainean idatzi zuen, amerikar indiarren gainean (The Song of Hiawatha LHiawatharen kantua]), eta amerikar historia eta usadioen gainean Uhe Courtship ofMiles Standish [Miles Standisb-en ezkongai aldia], Evangeline) .

Longfellow 1807an jaio zen Portland-en, Maine-n. Txiki-txikitandatik ikusi zitzaion idazketa eta hitzen soinuekin jolastea zituela dohain eta zaletasun nagusiak. Amak ozen irakurri ohi zien berari eta bere anai-arrebei Ossian heroi gaelikoaren erromantzea. Henry gazteak Don Kixote zuen liburu gogokoenetako bat ; baina Washington Irving-en Sketch Book maite zuen guztien gainetik.

Longfellowren aitak semea, bera bezala, legegizona izatea nahi zuen. Baina Longfellowek hemeretzi urte zituenean, Bowdoin College-n ikasten ari zela, hizkuntza modernoetako katedra bat sortu zen bertan. Graduatu berria baitzen, berari eskaini zioten lehen irakasle postua, eta denboraldi bat eman zioten Europan bidaiatu eta ikasteko.

1826ko maiatzean abiatu zen Europara . Unibertsitateetan garrantzi handiko ikastaroak egin zituen arren, nahiago izan zuen, nekazariekin eta merkatariekin nahastu eta haiexekin jarduten zuen. Espainian, Italian, Frantzian, Alemanian eta Ingalaterran barrena ibili ondoren, 1829an itzuli zen Ameriketara . Hogeita bi urterekin hasi zen irakasle lanetan. Ikasleei, eta oro har amerikarrei, Europako literatura ondorengotzazabaldu zien. Beste modu batera ikusarazi zien, amerikarrak zordun ziren neurrian, Espainiako, Frantziarko eta Italiako literatura, eta bereziki alemaniar, Europa Iparraldeko eta islandiar kulturak.

1831n eskola garaitik ezagutzen zuen Mary Storer Potter-ekin ezkondu zen.

1834an, katedra bat eskaini zioten Harvarden, eta berriz ere Europara joan zen lan hartarako prestatzera, emaztearekin oraingoan ; bidaia hura ordea trajedian amaitu zen, emaztea hil baitzitzaion Rotterdamen. Bakarrik itzuli zen Cambridgera ; handik zazpi urtera, berriz ezkondu zen, Frances Appleton-ekin . Urte haietan lan asko egin zuen : Hyperion prosazko erromantzea argitaratu zuen, eta Voices of the Night (Gaueko ahotsak), lehen poema liburua. Berriz Europara joanda, The Spanish Student (Espainiar ikaslea) idatzi zuen.

Evangeline 1847an argitaratu zen, eta oso harrera ona izan zuen. Arrakasta hura zela eta, 1854. urtean irakasle lanak utzi zituen huts-hutsik idazten aritzeko. Urte hartantxe hasi zuen Hiawatharen kantua.

Oso harrera ona izan zuen. Aurreneko aldiz amerikar literaturan, indiar gai batek, bere irudimenagatik, indarragatik eta orijinaltasunagatik, irakurlea erakarri zuen.

1858an argitaratu zen Miles Standish-en ezkongai aldia. Izugarrizko arrakasta izan zuen : lehen astean, hogeita bost mila ale saldu ziren.

1861ean, istripu batean, bigarren emaztea hil zitzaion. Handik aurrera erlijioak leku inportanteagoa izango zuen Longfellowren lanean, eta Danteren Divinna Comedia itzuli zuen ingelesera. Hurrengo urteetanohore asko jaso zuen : Honoris causa sariak eman zizkioten Oxforden eta Cambridgen, Errusiako Zientzia Akademiako eta Espainiako Errege Akademiako kide egin zuten, besteak beste. 1882. urtean hil zen Cambridgen, Massachusettsen.

 

Hawthorne

 

Bizitza eta obrak

Nathaniel Hawthorne, Estatu Batuetako lehen eleberrigile belaunaldikoa, XIX. mendeko amerikar kontalari nagusia da, gertaera eta pertsonaia aldi berean misteriotsu, beldurgarri eta anbiguoak sortzeko zuen trebetasun bereziagatik, eta baita bere estiloaren edertasunagatik ere.

Nathaniel Hawthorne 1804ko uztailaren 4an jaio zen Salem-en (Massachusetts), antzinako familia puritano batean. Tradizioak zioenez, Ameriketara heldutako lehen Hawthornetarrak, William epaileak, kuakeroen eta sorginen erasotzaile izan zen hark, bere biktimetako baten madarikazioa jaso omen zuen : "Jaungoikoak emango ahal dizu odola edaten!". Nathaniel-ek iztripu bat izan zuen zangoak aldi batez elbarrituak utzi zizkiona, eta badirudi urkabetik jaurtikitako oihuaren urruneko ondorioa ikusi zuela hartan, harrigarria ez dena erruaren eta predestinazioaren teologian bizi zen batengan. Eskolan, Longfellow poeta eta Franklin Pierce ezagutu zituen, Estatu Batuetako lehendakari izatera iritsiko zena bigarrena. Eskolatik itzulita, 1825etik aurrera, etxean sartuta egon zen hamabi urtez ia : klasikoak eta literatura ingeleseko idazle nagusiak irakurtzen jardun zuen, aldi berean bere literatura propioa landuz. Lan horren guztiaren emaitza ipuinen generoko zenbait maisulan izan ziren, aldi berean direnak ipuin kritikoak, alegorikoak eta beldurgarriak.

Horien artean aipagarriak dira My Kinsman MajorMolineux (Molineux maiorra nire a- haidea) eta Young Goodman Brown (Goodman Brown gaztea), aurrenekoz, arrakasta handiz, egunkarietan argitaratu zirenak. Urte batzuk geroago egileak Twice-Told Tales (1837, Bi aldiz kontatutako ipuinak) liburuan bildu zituen ipuin haiek.Hawthorneren eleberririk ezagunena, eta seguraski hoberena, The Scarlet Letter (Letra eskarlata), 1850ean agertu zen.

Eleberri hori aldi berean da Estatu Batuen kulturaren oinarrietako bat izan zen sistema puritanoaren azterketa eta salaketa gogorra.

Haren ondoren etorri ziren The House of the Seven Gables (1851, Zazpi teilatuko etxea), The Blithedale Romance (1852, Blithedale erromantzea) eta The Marble Faun (1860, Marmolezko faunoa). Guztietan ere, bikaina da kontaeraren estiloa eta oso xehea pertsonaien psikologiaren azterketa . Haurrentzako kontakizunak ere idatzi zituen. Hawthorne Plymouth-en hil zen, New Haven-en, 1864ko maiatzaren l9an.

 

EEBBetako kontalari handia

Hiru ezaugarritan oinarritzen da Hawthornek amerikar fikzio idazleen artean betetzen duen leku nagusia. Aurrena, esan beharra dago formaren eta egituraren zentzu berezia zuela. Letra eskarlata-ren egitura, adibidez, hain estu dago osatua, non ezin baita kapitulu bat ezabatu, ezta paragrafo bat ere, osotasuna hondatu gahe. Liburuko lau pertsonaia nagusiak (Hester, emakume protagonista, adulterio egilea eta zigor gisa bizitza osoan A letra bat -adulteress-, bularrean josia eraman behar duena ; senarra, Chillingworth, mendeku bila etorritako gizon zitala ; adulteriotik sortutako alaba txikia, Pearl, sorgina dirudiena ; eta Arthur Dimmesdale apaiz ia santua, Hester-en ezkutuko maitale izana), hain daude elkarri lotuak sare nahasi batean, non ematen baitu irtenbiderik ez dutela ; kontaeraren haria berriz, ekintzaren batasunean, halabeharrez bilbatzen da harik eta klimaxera, Dimmesdaleren aitortza publikora, iristen den arte, Hester-en besoetan hil aurretik. Eraikuntza trinko hori hera dute Hawthorneren beste idatziek ere, bereziki kontakizun laburragoek, ipuinek. Era berean, Hawthornek maisutasunez menderatzen zuen idazkera klasikoa, zuzena, argia, sendoa eta ziurra.

Hawthorneren lanaren bigarren ezaugarria moraltasuna da. Idazlea moraltasun zorrotzenaren tradizio puritanoaren ondorengoa zen, eta ororen gainetik sortzezko bekatuaren eta erruaren kontzeptuak, eta legearen eta kontzientziaren betebeharrak arduratzen zuten. Hawthornek ukatu egin zuen transzendentalistek bere ustez gizatasunaren ahalmenei buruz zuten gehiegizko optimismoa -transzendentalismoa Ingalaterra Berriko higikunde erlijioso demokraziazalea zen, Amerika modernoaren sorreran erabakigarria izan zena-, eta haiek ez bezala, idazleak bizitzaren alderdi sakonenei begiratzen zien, eta sufrimendua eta gatazka aurkitzen zituen, baina baita maitasunaren erredentzio indarra ere : maitasunak salbatuko ditu Letra eskarlata-n salbatzendiren bakarrak, Hester eta bere alaba. Baina Hawthorneren lanetan ez dago ihesbide erromantikorik, gizatasunaren gertaera psikologiko eta moralen ikerketa xehea baizik.

Hawthorneren garrantzia agertzen duen hirugarren arrazoia alegoriaren eta sinbolismoaren erabilera bikaina da. Fikziozko pertsonaiek eta gatazkek gizakiaren existentziaren arazo orokorragoak adierazten dituzte.

Baina ez dira inondik inora sinbolo hutsak : benetako trajediaren indarra, sendotasuna eta garapen ezin saihestuzkoa dute Hawthorneren pertsonaia eta gertaera nahasi ilunek . Letra eskarlata-n bereziki eraginkorra da sinbolismoaren erabilera, letra gorriak berak hartzen duen esanahiak eta eremuak guztiz gainditzen baitu oihal zati baten literaltasuna .

Honengatik guztiagatik, Hawthorneren lanak eraiki zuen Estatu Batuetako fikzioaren tradizio iraunkorrena, hau da, erruaren unibertsaltasuna beretzen eta gizakiaren aukeren zailtasuna eta anbiguotasuna aztertzen dituen eleberri sinbolikoarena.

Amerikar idazleek gutxitan berdindu dute, eta ez dute inoiz gainditu, Hawthorneren istorio labur batzuen eta Letra eskarlata-ren sakontasun moral eta psikologikoa.