Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

San Joan Gurutzekoa (1542-1591)

San Joan Gurutzekoa da, Santa Teresa Avilakoarekin batera, espainiar poeta mistiko nagusia, eta orobat da literatura unibertsaleko mistiko handienetako bat. Joera desberdinak bateratu eta aldi berean gainditu zituelarik, mistiko handietan azkena da kronologiari dagokionez ; beragan zehazten dira eta betiko agortzen erlijiozko poesiaren aukerak. Poeta hutsa bezala harturik ere, inoiz izan den ahots liriko sakonenetako bat da San Joanena.<br><br>

 

Bizitza nahasi bat

Jaiotza izena Juan de Yepes y Alvarez zuen, eta 1542. urtean munduratu zen, Avilako probintziako Fontiverosen. Familia noblea zuen, baina pobretua, eta gazte zelarik aita hil baitzitzaion, Medina del Campoko ospitale batean lan egin behar izan zuen ohatilari moduan. Bitartean hiri hartako jesuitekin ikasten jardun zen, eta hemeretzi urterekin Karmeldarren Ikastetxean sartu zen nobizio. Profesa egin ondoren Salamancan jarraitu zuen ikasten, eta apaiztuta gero (1567) Medinara itzuli zen. Urte hartan bertan gertatu zen Santa Teresarekiko topaketa famatua, San Joanen bizitzan erabakigarria izango zena. Hark bezala, San Joanek ere ordena berriztatu nahi zuen, eta behinola izandako soiltasuna eta zorroztasuna berreskuratu, Aita Santuaren erabaki berezi bati esker baztertuak baitzituen ordenak. Santa Teresaren akuilurik gabe, San Joan, izpiritu delikatukoa eta osasun ahulekoa, ez zen segur aski oso urrutira joango bere asmo berriztatzaileetan. Baina Santa Teresaren indarrak bultzatu zuen, mojen parez pare, Karmeloko fraideen erreforma egitera.

San Joanek, oso bitarteko gutxirekin, Karmeldar Berriztatuen edo Karmeldar Oinutsen lehen monasterioa sortu zuen Duruelon, eta orduan hartu zuen Gurutzeko Anaia Joan izena. Beste monasterio batzuk fundatu ondoren, 1527an, Santa Teresa Avilako etxe nagusiko abadesa egin zutenean, San Joan izendatu zuten komentu hartako zuzendari izpirituala. Baina berehala hasi zen oinetakodunen erasoa, erreforma gerarazi nahi baitzuten. 1577ko abenduko gau batean fraide talde batek, jende armatuaren laguntzaz, preso hartu zuen San Joan Avilako komentuan ; Toledora eraman zuten eta karmeldar komentuko lurpeko ziega batean itxi. Han santuak era guztietako nekeak, umiliatzeak eta bortxa espiritual eta fisikoakpairatu behar izan zituen. Zortzi hilabete preso eman ondoren, ihes egitea lortu, eta Santa Teresaren laguntzarekin Almodovar del Campoko monasterio batean babesa aurkitu zuen. Garai hartantxe onetsi zituzten Oinutsak karmeldarren ordenako sail independente moduan ; hala, amaitu egin zen San Joanen esetsaldia, eta lan egin ahal izan zuen komentu herriak antolatzen eta zuzentzen, eta orobat izan zuen orduan idazteko beta. Andaluziara joan, eta hantxe egin zituen azkeneko urteak. Oraindik ere arazo asko izan zuen ordea : erreformari buruzko iritzi desberdinak zirela-eta, 1591n karguak kendu zizkioten eta herriz ere neke gogorrak jasan behar izan zituen, eritasun larri batek jota zegoela gainera. Aldi batez giltzapean eduki zuten Peñuelan.

Handik Ubedara joan zen, eta hantxe hil zen, 1591. urtean. 1675 arte ez zuten dohatsu egin, eta 1726an santutu zuten. Elizako doktore egin zuten 1926an.

 

San Joanen obrak

Laburra da San Joan Gurutzekoaren poesiazko emaitza. Baina poesia hori hain da trinkoa, hain da ederra, halako intentsitate handia du, non ezinbestean sortzen baitu irakurtzen duten guztien miresmena eta atxikimendua. Bestalde, bere poema batzuen komentarioak edo glosak eginez, teoriazko lanak ere osatu zituen (glosen parte bat bakarrik iritsi zaigu) ; komentario horiek balio handia dute, eta hori dela-eta "doktore mistiko" nagusitzat hartzen da. San Joanen obra, beraz, bere garrantzi espiritual eta filosofikoagatik, kristau literaturaren gailurretako bat da. Berpizkundeko poesia espainolaren panoraman -ospe handiko idazleak ditu : Ercilla, Boscan, Garcilaso de la Vega, Fray Luis de Leon, Fernando de Herrera San Joan Gurtzekoak leku guztiz berezia hartzen du : lehena.San Joanen poesia lana bi sailetan bana daiteke : aurrenekoan erromantzearen eta forma tradizionaleko kantuen metroa erabiltzen duten lanak sartzen dira, Berpizkundeko lirikaren moldea baliatzen dutenak, hau da, Garcilasoren edo Fray Luis de Leonen lira (bost bertsok osaturiko estrofa mota, jatorriz italiarra), eta baita metro konbinazio berriak ere ; guztira bost kanta dira, 10 erromantze eta bi "jainkozkoari egindako glosak". Beste sailean dago berez poesia mistikoa dena, bere obraren gailurra ; hiru lan besterik ez dira, Noche obscura del alma (Arimaren gau iluna; "Perfekzioaren egoera gorena iritsi izanaz loriatzen den arimaren kantuak, Jainkoarekin bat egitea baita perfekzio hori, negazio espiritualaren bidetik" ; trinkotasunagatik, gartsutasunagatik eta iradokizun indarragatik, hauxe da aditu askorentzat San Joanen obra nagusia) ; Ckntico espiritual (Kantika izpirituala ; "Arimaren eta Senarraren arteko kantuak"), eta Llama de amor viva (Amodiozko gar bizia ; "Arimaren kantuak Jainkoaren maitasunezko batasunaren komunikazio minean").

Obra horiek, hurrenez hurren, zortzi, berrogei eta lau estrofa dituzte. Lehenengo biek Garcilasoren lirak baliatzen dituzte, eta hirugarrenak sei bertsoko estrofak. Elkarrekin lotura estua dute hirurek, eta goraldi mistikoari buruzko lan bakarra osatzen dute : Nocb e-n arimaren ihesa kontatzen du poetak, gauaren erdian, zentzuen presondegitik, eta, libre azkenean, bat egiten du Maitearekin ; Cdntico-n jainkoarengana iristeko bidearen prozesu mistikoa agertzen du : lehen bi estrofetan, bide garbigarriarena, bide argigarriarena erdiko bederatzietan, eta, gainerakoetan, bat egiteko bidea ; azkeneko lauetan batasunaren egoera deskribatzen du. Llama-ren lau estrofetan, bozkarioz eta maitemindurik, atsegin gorena kantatzen du poetak.

Bestalde, bere bertsozko lanak argitzeko, glosa modura, hitz lauzko komentarioak -aski poetikoak horiek ere- idatzi zituen San joanek. Gaua-ri hi lan eskaini zizkion : bat, Subida del mozzte Carmelo (Karmelo mendiko igoera), eta beste bat poemaren izen berekoa, baina bukatu gabea, bi estrofa eta hirugarren parte bat hesterik ez baitu komentatzen ; heste bi poemei dagozkien glosek zeinek bere poemaren izena du.

Obra horiek ez zituen bizirik zegoela argitaratu nahi izan egileak, agian heterodoxotzat joko zituztelako. Poeta hil eta handik hogeita zazpi urtera argitaratu ziren gehienak, 1618an, eta 1627an argitaratu zen Kantika.

 

San Joanen mistika

Alde batera uzten badira Eskriturak eta patristikako edo eskolastikako ohiko gaiak, San joanen lanean ez dago ia aipamenik batere, eta mistikaren autodidaktatzat-edo hartu dute luzaroan adituek. Alabaina, duela gutxi egindako ikerketek agerri dute bazuela alor honetan kultura aski zabala. Pseudo-Dionisio Areopagita VI. mendeko teologo grekoaren eragin sakona du, eta era berean ondo ezagutzen zituen Erdi Aroko mistiko renaniar-flandriarrak, latinezko itzulpenetan irakurri zituenak. Bereziki nabarmena da Joannn Tauler alsaziar mistikoari egozten zaizkion obra benetako edo apokrifoen lanen oihartzuna, zeinen bitartez Eckart aleman maisuarenganaino iristen den pentsamendu joera bat ezagutu zuen San joanek.

San joanen mistika guztiz anti-intelektuala da, edo, zehatzago esanda, anti-kontzeptuala . Meditazioa berez ez zitzaion interesatzen, eta hasiberriaren ariketa moduan bakarrik lantzen zuen. Kontenplaziozko egoerak erakartzen zuen ororen gainetik.

San joanen metodoa negozioan oinarritzen da batez ere, sortutakoaren ukoan, ezerezean. Haren Jainko absolutuak ez du zerikusirik batere sorkariekin, eta, horren ondorioz, ez dago ezer ez zentzuen munduan, ez adimenarenean, ez dago ezagutzarik -berdin dio nondik etorrita, baita mirarizko argitasun batek ekarria bada ere-, jainkozko batasunera eramango duenik. Arimak beraz ezereztu egin behar du, sorkari oro ukatu eta baita arima bera ere, bere gaitasunez osorik hustu, borondatea, adimena eta oroimena ere ezabatu, gauean erabat sartu -metafora horren bidez, San joanek erabateko gabetzea adierazten du-. Egoera horretara iristeko arimak egiten duen ahalegina, poetak "gau aktiboa" deritzanari dagokio, zentzuaren eta izpirituaren gauari. Arimak ordea, bere ahalegin hutsez, ezin du bere gaitasun oro ezabatu, eta, horregatik, jainkoaren premia du guztiz biluzteko : ekintza hori "gau pasiboa" da, eta zentzuetan eta izpirituan gertatzen da, froga oinazetsuen bidez. Honi guztiari dagokionez, garbikuntza pasiboen teorialari benetan koherentea eta aurrenekoa izan zen San joan ; garbikuntza hori, harentzat, oinarrizko gertaera da Jainkoarekin bat egitera daraman bidean.

Mistikoaren ibilbidea, beraz, ilunbettun murgildua dago San joanentzat ; ez dator bat beraz ibilbide horri nolakotasun argitsua egozten dioten beste mistiko batzuen ikusmoldeekin . Bide ilunbetsu hori fedean berean egiten da, fedea ere ilunbetsua gertatzen baitzaio adimenari, gaua bezalaxe ; izan ere, bide horrek ezagutzaren giza moduak baztertzea eskatzen baitu, jainkoaren nozio orokorra eta nahasia baita bidearen helburua ; hala, ezagutza zehatz oroz gainetik, formulazio, ikusmolde, sentimendu guztien gainetik dagoen Izaki batekin bateratu behar du arimak. Zoritxarrez, ez dauzkagu eskura San joanen orririk sakonenak, bizitza izpiritualaren amaierako jainkozko batasunaz, hau da, espezialistek "egoera teopatikoa° deitzen duten horretaz, mintzatzen direnak. Zenbait komentario-egileren arabera, egoera hori absolutuaren bizikizun dogmaren gainekotzat eta panteistatzat hartzen zuen poetak. Izan ere, zenbait daturen arabera, San joanek ibilbide mistikoaren gailurra modu hirukoitzean ulertzen zuen, bere aurretik, XIII. mendean, panteismoz salatu zuten Ruysbroek flandriar teologoak bezalaxe.

Karmelo mendiko igoera eta Arimaren gau iluna lanek batez ere jainkozko esentziarekiko batasunari dagokionez planteatzen dute arazo izpirituala ; Kantika izpirituala eta Amodiozko gar bizia poemek berriz, Kristorekiko batasun pertsonalaren gunean kokatzen dira, Kristo Hitz haragiztatutzat, arimaren Senartzat hartuta : azken bi obra horiek hortaz beste pentsabide bati jarraitzen diote. Beti ere eginkizun nagusia fedeari emanez, hasiera-hasieratik agertzen da maitasuna ibilbide mistikoaren eragile nagusitzat. Amodiozko harreman hori deskribatzeko, ezteiez mintzatzen da San joan, ezkontzaz, eta era horretan eztei mistikaren tradizioan kokatzen da, zenbaitetan oso metafora ausartak erabiliz (Salomon erregearen Kantiken kantika-ren oihartzun argia dute metafora horiek). Ikuspuntu horretatik, Kantika da kristau literaturak eman duen sintesi izpiritual indartsuenetako bat.