Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Eleberriaren sorrera

Maitasunezko gertaldia. Piazza Amerikako (Sizilia) erromatar hiriko mosaikoa.<br><br>

 

Giro orokorra

Erromak Inperioa bazter guztietara hedatzen duen denboran, greziar literaturak, aro helenistikoaren luzapen gisa, bizirik dirau . Erromako idazleak greziarrengana joaten dira ikastera ; garai hartako buru-jantziek Atenasera ikastera joateko ohitura zuten, edo maisu greziarrak Erromara erakartzekoa. Aldi berean, greziar idazleek beren bideari eutsi zioten, askotan joera arkaikoei eutsiz, Erroman literatura berririk garatu izan ez balitz bezala. Hala ere, Grezia gainbehera zihoan, garai bateko tenplu eta eskola anitz galduta.

Garai horretan, biografiak indar berria hartu zuen, eta gai monografiko laburrak lantzeko joera ere asko hedatu zen. Bestalde, mundu bat amaitzera doanean, sineskeriak eta dotrina bitxiak modan jarri ohi dira, ateismo eta eszeptizismo joera bortitzekin batera. Ekialdetik, beste erlijio ikuspegien artean, kristautasuna ere sartu zen; garai horretako idazleek sineskeria arraro eta esoterikotzat jotzen zituzten kristau irakaspenak.

Kristautasunarekin batera, juduen kultura ere asko hedatu zen Inperioan. Itun Zaharraren eta Itun Berriaren itzulpenak egin ziren, eta idazle batzuk juduen eta kristauen tradizioa erromatarren eta greziarren kulturan txertatzen saiatu ziren. Bide horretatik, Filon juduak platonismoa eta Moisesen erlijioa uztartu zituen ; Flavio Josefo ere, apez juduen leinukoa, pentsamolde judua eta greziarra batzen saiatu zen. Bide horretatik, grekeraz idatziriko testu anitz sortu zuten lehen kristauek.

Inperioaren garaian, greziar literaturaren emaitzarik oparoenak prosaz gertatu ziren ; pentsalari anitz agertu zen; hala filosofoak : Plotino neoplatonikoa, Epikteto estoikoa ; nola geografoak : Ptolomeo, Estrabon ; nola historialariak : Diodoro Sikulo, Halikarnasoko Dionisio, etab. Eta giro horretan gertakizun garrantzitsu bat izan zen : nobelaren sorrera. Grezieraz hasiko da generoa Filostratoren, Plutarkoren, Luziano Samosatakoaren, Afrodisiasko Karitonen, Efesoko Jenofonteren, Janblikoren edo Akiles Tazioren eskutik ; latinez, Petronio eta Apuleio nabarmenduko dira. Heliodorok ixten du saila, hark ere grezieraz, bere Etiopiakoak edo Teagenes eta Klariklea nobela luzearekin.

 

Filostrato (160?-245)

Lemnosen jaioa, kultura handiko gizona izan zen Filostrato. Sofisten bizitzak eta Ikonoak idatzi zituen, baina haren libururik garrantzitsuena Tianako Apolonioren bizitza da ; Apolonio, erdi azti, erdi profeta izandako bat, Filostratok filosofo pitagoriko bihurtzen du, eta botere psikiko handiak egozten dizkio. Filostratoz aparte, Plutarko eta Samosatako Luziano dira, zalantzarik gabe, garai horretako grezierazko prosalaririk handienak.

 

Plutarko (50-120)

Keronean (Beozia) jaio zen Plutarko.

Atenasko aristotelikoen artean hezi zen, eta Asia Txikian barrena ibili zen ; Alexandriara eta Erromara ere iritsi zen. Delfosen apaiz izan zen Apoloren tenpluan, eszeptizismoa eta ateismoa nagusi ziren garaian. Saiakera eta hitzaldi moduko testu anitz idatzi zituen, Moralak izeneko liburuan bilduak. Arlo anitzez mintzo da bertan : filosofiaz, erlijioaz, izadi jakintzaz, kritikaz, moralaz, arkeologiaz ...

Plutarkoren lanik garrantzitsuena eta ospetsuena Bizitza paraleloak izenekoa da.

Biografia anitz parez pare kontatzen ditu, alde batean greziar batena, bestean erromatar batena jarririk. Bakoitzaren sarreran bizitza horien parekotasunak aztertzen ditu.

Poeten eta filosofoen biografiak idatzi omen zituen, baina galdurik daude ; liburuan politikoak eta militarrak ageri dira, denak historikoak, lehenengo biak izan ezik (Teseo eta Romulo, mitoaren arlokoak).

Biografia paralelo horietako batzuk hauetxek dira : Perikles eta Fabio Maximo, Koriolano eta Alzibiades, Demostenes eta Zizeron, Dion eta Bruto, Alexandro eta Julio Zesar, Agesilao eta Ponpeio. Plutarkoren ikuspegian, historia gizon handien ekintzen bidez egiten da ; ez dira gertakizunak gizon handien bultzatzaile, alderantziz baizik; "ez naiz historiak idazten ari, bizitzak baizik". Lan horretan, Polibio, Tito Livio, Tuzidides, Salustio edo Homero aipatzen ditu Plutarkok.

 

Luziano Samosatakoa (125-192)

Samosatan (Sirian) jaio zen Luziano. Grekeraz gaztetan ikasi zuen, eta Jonian hartu zuen grezierazko heziketa. Gero, Erromara joan zen eta Galiako hegoaldera, erretorika irakastera ; azkenik, Atenasera erretiratu zen, prosaz idaztera. Luziano oso idazle kritikoa da ; ez doa inolako eskolaren atzetik, eta guztiak urruntasunez aztertzen ditu, ironia zorrotzez. Ez du jarrera moralik hartzen; ez da ari besteen ibilbidea zuzendu nahian, eszeptikoegia baita horretarako. Testu labur asko idatzi zituen, hitzaldi gisakoak.

Bitxia da, adibidez, Euliari laudorio izenekoa, testu zehatza, zorroztasunez betea ; edo Kontsonanteen arteko auzia ; edo Agurtzean eginiko akatsa ; absurduaren literaturatik hurbil dabil, oso gaurkoa gertatzen den jarreraz. Testu serioagoa da Nola idatzi historia deiturikoa, non bere garaiko historialariak kritikatzen dituen.

Luzianoren lanik biribilenak Elkarrizketak dira. Platonen eragina nabari da, baina komediarekin nahastua. Aipagarriak dira Emagalduen arteko elkarrizketak, non arazorik intimoenak eguneroko gorabeherarik azalekoenekin nahasten dituen. Itsasoko elkarrizketak pertsonaia ospetsuen (Homerorenak, adibidez : Polifemo eta Ulises) arteko elkarrizketak dira, egoerarik arruntenean eta ikuspegi ironikoz emanak. Jainkoen arteko elkarrizketak mitologiako jainkoez trufa egiteko erabiltzen ditu. Heriotza ere ez da salbatzen Luzianoren ironiatik, Hildakoen elkarrizketak deituriko lanak erakusten digun bezala.

Bestalde, Luzianok idatziriko Erromesaren heriotzaz liburuan kontatzen duen istorioa interesgarria da. Hiltzaile fanatiko batek bere inguruan jendetza handia biltzea lortzen du, bere burua Olinpiako su batera botata denen aurrean hiltzeko. Liburu horretan, kristautasunaz mintzo da ; sekta arrarotzat hartzen du, eta kristauak inozo samarrak iruditzen zaizkio.

Benetako istorioak da Luzianoren lanik luzeena eta fantastikoena. Bidaia baten kontaketa da, egileak eta berrogeita hamar lagunek egina, Herkulesen Zutabeetatik harantzago . Haize bolada batek harrapatu, eta Ilargira iristen dira... eta bide fantastiko horretatik doa kontakizun guztia. Historialariez eta geografoez trufa egiteko asmaturiko liburua da, asko baitziren leku eta egoera fantastikoak asmatu eta jendeari sinestarazi nahi zizkiotenak.

 

Petronio

Kaius Petronius Arbiter, ez dago garbi noiz jaio eta noiz hil zen. Pertsonaiaz dauden berriak ere ez dira argiak. Kristo ondorengo lehenengo mendekoa da, eta badirudi kontsul izatera iritsi zela Neronen garaian. Pisonen konplotean parte harte zuela jakin zenean, bere buruaz beste egitera behartu zuten, Tazitok kontatzen duenez . Bazkari handi bat antolatu, eta gero zainak ebaki zituen denen aurrean. Petroniok latinez idatzi zuen : Petronio eta Apuleio greziar erako prosan aritu ziren, nobelarensorreraren eragile, baina latinez idatzi zuten biek ala biek.

Petronioren liburu bakarra iritsi zaigu, Satiricon titulupean ; latin prosako libururik harrigarrienetako bat da, zalantzarik gabe. Liburua ez zaigu osorik iritsi, zatika baizik. Zati batzuek lotura handia dute elkarren artean, baina beste askotan haria etenik geratzen da, eta, beraz, kontakizun osoaren trama ilun samar dago.

Satiricon kontakizun bitxia da, gertakizun anitzez eta ondorio harrigarriz betea.

Deskripzio komiko zein satiriko asko ageri da, eta ekintza ustegabeko egoeraz josirik dago, gero eta erritmo biziagoz. Pertsonaia nagusiak hiru dira : Enkolpio, gertakizunak lehen pertsonan kontatzen dituena ; Giton, Enkolpioren maitale gaztetxoa ; eta Aszilto, bien adiskidea ; azkeneko hau desagertu egiten da, eta haren ordez Eumolpo poeta agertzen. Italia hegoaldean dabiltza, bizimodua ateratzen, eta, batez ere, gozamen bila ; horretarako edonoiz eta edonon iruzurra, trikimailua, besteen nortasuna hartzea, eta era guztietako nahaskeriak erabiliko dituzte . Egoera anitzetan gertatzen da hori : filosofia eskola batean, Trimalzion aberats berriaren gehiegikeriaz beteriko oturuntza batean, ontzia hondoratuz amaituko den itsas bidaian... ; pasadizo asko korapilatzen dira, umorea eta karikatura giroan, eta maiz sinesgarritasunaren mugatik oso harantz doa. Lizunkeria, inolako lotsarik eta mugarik gabe ageri da, gehiegikeriarik handienetaraino eramanez.

Petroniok parodia egiten du hein handi batean ; hots, maitasun garbia erakusten duen greziar nobela txukunaren kontrako parodia, eta beste zenbait idazlerena. Azkenik, kontakizunaren barruan poemak tartekatzen ditu, eta baita istorio herrikoiak ere (otso bihurtzen den gizonarena, likantropoarena, adibidez).

 

Apuleio (125-170?)

Apuleio Madauran jaio zen, Afrika iparraldean . Kartagon eta Atenasen ikasi zuen, eta Inperioan zehar bidaiatu, hitzaldiak emanez.

Erroman legegizon ere aritu zen. Azken urteetan Kartagora itzuli zen. Kultura zabala zuen, eta magiaz eta jakintza ezkutuez asko zekien. Neoplatonikoa zen eta ekialdeko erlijio anitz ezagutu zituen. Alargun aberats bat bereganatzeko aztikeria erabiltzeaz salatu zuten, eta bere buruaren alde Apologia izeneko testua egin zuen. Apuleiok liburu asko idatzi zituen gai anitzen inguruan, baina haren lanik ederrena Metamorfosiak da, gero Urrezko astoa deituriko liburua (A. Lertxundik eta J. K. Igerabidek itzulia). Oinarrizko kontakizuna Luzio Patras izeneko greziar bati hartu zion, baina barruan pasarte asko tartekatzen ditu ; oinarrizko istorioa aztikerian oinarritzen da, gizaki bat asto bihurtzen delarik ; gero, liburu osoan zehar, aztikeria hori desegiteko basalarrosen bila ibiliko da astoa, eta etengabeko gorabeherak gertatuko zaizkio ; ipuina ipuinaren barruan, teknika hori maisu baten gisan erabiltzen du Apuleiok. Kontakizunaren amaieran, umorez eta ironiaz beteriko tonua erabat aldatzen du, eta mistizismoaren bidetik jotzen.

 

Longo

Ez dago garbi zein urtetan bizi izan zen Longo, bigarren edo hirugarren mende aldera . Lesbosen jaio zen, nonbait, eta Dafnis eta Kloe amodio nobela idatzi zuen grezieraz . Liburu hori, XVI. mendetik honantz oso ospetsua bilakatu da. Artzain girokoa da, Teokritoren eta Virgilioren ereduen arabera . Bi gazte horien bizitza gozoa itsaslapur batzuek eteten dute, eta gerra labur batek. Gainerakoan, bizimodu lasaia ageri da, urtaroen aldaketen erritmoan. Dafnis eta Kloe artzain gaztetxoak dira, ia umeak, eta bien arteko maitasunaren atsegin eta ardurak kontatzen zaizkigu. Samurtasuna da nagusi, ia gehiegikeriaraino, eta bi gaztetxoen inozotasuna. Horren aurrean, auzoko emakume baten lizunkeria indarturik agertzen da, amodio gordinaren lehen pausoak erakusten baitizkio Dafnis gazteari.