Giro orokorra
Erromak Inperioa bazter guztietara hedatzen
duen denboran, greziar literaturak,
aro helenistikoaren luzapen gisa, bizirik dirau
. Erromako idazleak greziarrengana joaten
dira ikastera ; garai hartako buru-jantziek
Atenasera ikastera joateko ohitura zuten, edo
maisu greziarrak Erromara erakartzekoa. Aldi
berean, greziar idazleek beren bideari eutsi
zioten, askotan joera arkaikoei eutsiz, Erroman
literatura berririk garatu izan ez balitz
bezala. Hala ere, Grezia gainbehera zihoan,
garai bateko tenplu eta eskola anitz galduta.
Garai horretan, biografiak indar berria
hartu zuen, eta gai monografiko laburrak
lantzeko joera ere asko hedatu zen. Bestalde,
mundu bat amaitzera doanean, sineskeriak
eta dotrina bitxiak modan jarri ohi dira,
ateismo eta eszeptizismo joera bortitzekin
batera. Ekialdetik, beste erlijio ikuspegien
artean, kristautasuna ere sartu zen; garai horretako
idazleek sineskeria arraro eta esoterikotzat
jotzen zituzten kristau irakaspenak.
Kristautasunarekin batera, juduen kultura
ere asko hedatu zen Inperioan. Itun Zaharraren
eta Itun Berriaren itzulpenak egin ziren,
eta idazle batzuk juduen eta kristauen
tradizioa erromatarren eta greziarren kulturan
txertatzen saiatu ziren. Bide horretatik,
Filon juduak platonismoa eta Moisesen erlijioa
uztartu zituen ; Flavio Josefo ere, apez
juduen leinukoa, pentsamolde judua eta
greziarra batzen saiatu zen. Bide horretatik,
grekeraz idatziriko testu anitz sortu zuten
lehen kristauek.
Inperioaren garaian, greziar literaturaren
emaitzarik oparoenak prosaz gertatu ziren ;
pentsalari anitz agertu zen; hala filosofoak :
Plotino neoplatonikoa, Epikteto estoikoa ;
nola geografoak : Ptolomeo, Estrabon ; nola
historialariak : Diodoro Sikulo, Halikarnasoko
Dionisio, etab. Eta giro horretan gertakizun
garrantzitsu bat izan zen : nobelaren
sorrera. Grezieraz hasiko da generoa Filostratoren,
Plutarkoren, Luziano Samosatakoaren,
Afrodisiasko Karitonen, Efesoko Jenofonteren,
Janblikoren edo Akiles Tazioren
eskutik ; latinez, Petronio eta Apuleio nabarmenduko
dira. Heliodorok ixten du saila,
hark ere grezieraz, bere Etiopiakoak edo
Teagenes eta Klariklea nobela luzearekin.
Filostrato (160?-245)
Lemnosen jaioa, kultura handiko gizona izan zen Filostrato. Sofisten bizitzak eta Ikonoak idatzi zituen, baina haren libururik garrantzitsuena Tianako Apolonioren bizitza da ; Apolonio, erdi azti, erdi profeta izandako bat, Filostratok filosofo pitagoriko bihurtzen du, eta botere psikiko handiak egozten dizkio. Filostratoz aparte, Plutarko eta Samosatako Luziano dira, zalantzarik gabe, garai horretako grezierazko prosalaririk handienak.
Plutarko (50-120)
Keronean (Beozia) jaio zen Plutarko.
Atenasko aristotelikoen artean hezi zen, eta
Asia Txikian barrena ibili zen ; Alexandriara
eta Erromara ere iritsi zen. Delfosen apaiz
izan zen Apoloren tenpluan, eszeptizismoa
eta ateismoa nagusi ziren garaian. Saiakera
eta hitzaldi moduko testu anitz idatzi zituen,
Moralak izeneko liburuan bilduak. Arlo
anitzez mintzo da bertan : filosofiaz, erlijioaz,
izadi jakintzaz, kritikaz, moralaz, arkeologiaz
...
Plutarkoren lanik garrantzitsuena eta
ospetsuena Bizitza paraleloak izenekoa da.
Biografia anitz parez pare kontatzen ditu,
alde batean greziar batena, bestean erromatar
batena jarririk. Bakoitzaren sarreran
bizitza horien parekotasunak aztertzen ditu.
Poeten eta filosofoen biografiak idatzi omen
zituen, baina galdurik daude ; liburuan
politikoak eta militarrak ageri dira, denak
historikoak, lehenengo biak izan ezik
(Teseo eta Romulo, mitoaren arlokoak).
Biografia paralelo horietako batzuk hauetxek
dira : Perikles eta Fabio Maximo, Koriolano
eta Alzibiades, Demostenes eta
Zizeron, Dion eta Bruto, Alexandro eta
Julio Zesar, Agesilao eta Ponpeio. Plutarkoren
ikuspegian, historia gizon handien
ekintzen bidez egiten da ; ez dira gertakizunak
gizon handien bultzatzaile, alderantziz
baizik; "ez naiz historiak idazten ari,
bizitzak baizik". Lan horretan, Polibio, Tito
Livio, Tuzidides, Salustio edo Homero
aipatzen ditu Plutarkok.
Luziano Samosatakoa (125-192)
Samosatan (Sirian) jaio zen Luziano. Grekeraz
gaztetan ikasi zuen, eta Jonian hartu
zuen grezierazko heziketa. Gero, Erromara
joan zen eta Galiako hegoaldera, erretorika
irakastera ; azkenik, Atenasera erretiratu zen,
prosaz idaztera. Luziano oso idazle kritikoa
da ; ez doa inolako eskolaren atzetik, eta
guztiak urruntasunez aztertzen ditu, ironia
zorrotzez. Ez du jarrera moralik hartzen; ez
da ari besteen ibilbidea zuzendu nahian,
eszeptikoegia baita horretarako. Testu labur
asko idatzi zituen, hitzaldi gisakoak.
Bitxia da, adibidez, Euliari laudorio izenekoa,
testu zehatza, zorroztasunez betea ; edo
Kontsonanteen arteko auzia ; edo Agurtzean
eginiko akatsa ; absurduaren literaturatik
hurbil dabil, oso gaurkoa gertatzen den
jarreraz. Testu serioagoa da Nola idatzi historia
deiturikoa, non bere garaiko historialariak
kritikatzen dituen.
Luzianoren lanik biribilenak Elkarrizketak
dira. Platonen eragina nabari da, baina
komediarekin nahastua. Aipagarriak dira
Emagalduen arteko elkarrizketak, non arazorik
intimoenak eguneroko gorabeherarik
azalekoenekin nahasten dituen. Itsasoko elkarrizketak
pertsonaia ospetsuen (Homerorenak,
adibidez : Polifemo eta Ulises) arteko
elkarrizketak dira, egoerarik arruntenean
eta ikuspegi ironikoz emanak. Jainkoen arteko
elkarrizketak mitologiako jainkoez trufa
egiteko erabiltzen ditu. Heriotza ere ez da
salbatzen Luzianoren ironiatik, Hildakoen
elkarrizketak deituriko lanak erakusten digun
bezala.
Bestalde, Luzianok idatziriko Erromesaren
heriotzaz liburuan kontatzen duen istorioa
interesgarria da. Hiltzaile fanatiko batek bere inguruan jendetza handia biltzea
lortzen du, bere burua Olinpiako su batera
botata denen aurrean hiltzeko. Liburu horretan,
kristautasunaz mintzo da ; sekta arrarotzat
hartzen du, eta kristauak inozo samarrak
iruditzen zaizkio.
Benetako istorioak da Luzianoren lanik
luzeena eta fantastikoena. Bidaia baten kontaketa
da, egileak eta berrogeita hamar lagunek
egina, Herkulesen Zutabeetatik harantzago
. Haize bolada batek harrapatu, eta
Ilargira iristen dira... eta bide fantastiko horretatik
doa kontakizun guztia. Historialariez
eta geografoez trufa egiteko asmaturiko
liburua da, asko baitziren leku eta
egoera fantastikoak asmatu eta jendeari sinestarazi
nahi zizkiotenak.
Petronio
Kaius Petronius Arbiter, ez dago garbi
noiz jaio eta noiz hil zen. Pertsonaiaz dauden
berriak ere ez dira argiak. Kristo ondorengo
lehenengo mendekoa da, eta badirudi
kontsul izatera iritsi zela Neronen
garaian. Pisonen konplotean parte harte
zuela jakin zenean, bere buruaz beste egitera
behartu zuten, Tazitok kontatzen duenez
. Bazkari handi bat antolatu, eta gero
zainak ebaki zituen denen aurrean. Petroniok
latinez idatzi zuen : Petronio eta Apuleio
greziar erako prosan aritu ziren, nobelarensorreraren eragile, baina latinez idatzi
zuten biek ala biek.
Petronioren liburu bakarra iritsi zaigu,
Satiricon titulupean ; latin prosako libururik
harrigarrienetako bat da, zalantzarik
gabe. Liburua ez zaigu osorik iritsi, zatika
baizik. Zati batzuek lotura handia dute elkarren
artean, baina beste askotan haria
etenik geratzen da, eta, beraz, kontakizun
osoaren trama ilun samar dago.
Satiricon kontakizun bitxia da, gertakizun
anitzez eta ondorio harrigarriz betea.
Deskripzio komiko zein satiriko asko ageri
da, eta ekintza ustegabeko egoeraz josirik
dago, gero eta erritmo biziagoz. Pertsonaia
nagusiak hiru dira : Enkolpio, gertakizunak
lehen pertsonan kontatzen dituena ; Giton,
Enkolpioren maitale gaztetxoa ; eta Aszilto,
bien adiskidea ; azkeneko hau desagertu
egiten da, eta haren ordez Eumolpo poeta
agertzen. Italia hegoaldean dabiltza, bizimodua
ateratzen, eta, batez ere, gozamen bila ;
horretarako edonoiz eta edonon iruzurra,
trikimailua, besteen nortasuna hartzea, eta
era guztietako nahaskeriak erabiliko dituzte
. Egoera anitzetan gertatzen da hori : filosofia
eskola batean, Trimalzion aberats berriaren
gehiegikeriaz beteriko oturuntza
batean, ontzia hondoratuz amaituko den
itsas bidaian... ; pasadizo asko korapilatzen
dira, umorea eta karikatura giroan, eta maiz
sinesgarritasunaren mugatik oso harantz
doa. Lizunkeria, inolako lotsarik eta mugarik gabe ageri da, gehiegikeriarik handienetaraino
eramanez.
Petroniok parodia egiten du hein handi
batean ; hots, maitasun garbia erakusten
duen greziar nobela txukunaren kontrako
parodia, eta beste zenbait idazlerena. Azkenik,
kontakizunaren barruan poemak tartekatzen
ditu, eta baita istorio herrikoiak ere
(otso bihurtzen den gizonarena, likantropoarena,
adibidez).
Apuleio (125-170?)
Apuleio Madauran jaio zen, Afrika iparraldean
. Kartagon eta Atenasen ikasi zuen,
eta Inperioan zehar bidaiatu, hitzaldiak emanez.
Erroman legegizon ere aritu zen. Azken
urteetan Kartagora itzuli zen. Kultura zabala
zuen, eta magiaz eta jakintza ezkutuez asko
zekien. Neoplatonikoa zen eta ekialdeko erlijio
anitz ezagutu zituen. Alargun aberats bat
bereganatzeko aztikeria erabiltzeaz salatu
zuten, eta bere buruaren alde Apologia izeneko
testua egin zuen. Apuleiok liburu asko
idatzi zituen gai anitzen inguruan, baina haren
lanik ederrena Metamorfosiak da, gero
Urrezko astoa deituriko liburua (A. Lertxundik
eta J. K. Igerabidek itzulia). Oinarrizko
kontakizuna Luzio Patras izeneko greziar bati
hartu zion, baina barruan pasarte asko tartekatzen
ditu ; oinarrizko istorioa aztikerian
oinarritzen da, gizaki bat asto bihurtzen
delarik ; gero, liburu osoan zehar, aztikeria
hori desegiteko basalarrosen bila ibiliko da
astoa, eta etengabeko gorabeherak gertatuko
zaizkio ; ipuina ipuinaren barruan, teknika
hori maisu baten gisan erabiltzen du
Apuleiok. Kontakizunaren amaieran, umorez
eta ironiaz beteriko tonua erabat aldatzen
du, eta mistizismoaren bidetik jotzen.
Longo
Ez dago garbi zein urtetan bizi izan zen Longo, bigarren edo hirugarren mende aldera . Lesbosen jaio zen, nonbait, eta Dafnis eta Kloe amodio nobela idatzi zuen grezieraz . Liburu hori, XVI. mendetik honantz oso ospetsua bilakatu da. Artzain girokoa da, Teokritoren eta Virgilioren ereduen arabera . Bi gazte horien bizitza gozoa itsaslapur batzuek eteten dute, eta gerra labur batek. Gainerakoan, bizimodu lasaia ageri da, urtaroen aldaketen erritmoan. Dafnis eta Kloe artzain gaztetxoak dira, ia umeak, eta bien arteko maitasunaren atsegin eta ardurak kontatzen zaizkigu. Samurtasuna da nagusi, ia gehiegikeriaraino, eta bi gaztetxoen inozotasuna. Horren aurrean, auzoko emakume baten lizunkeria indarturik agertzen da, amodio gordinaren lehen pausoak erakusten baitizkio Dafnis gazteari.