Historia Unibertsala»Egungo aroa
Liberalismoa eta nazionalismoa
Errestaurazio garaiko Europan begi txarrez ikusita zeuden liberalismoa eta nazionalismoa.
Izan ere, Europako estatu nagusietako kultura ofiziala kontserbadorea zen erabat,
baita Britainia Handikoa ere, nahiz eta hura zen Europako herrialderik liberalena.
Kontinenteko gorteak eta klase ahaltsuak esne mamitan bizi ziren, Gioachino Rossiniren
operak entzunez adibidez (Il Viaggio a Reims, 1825, Frantziako Karlos X.aren
koroatzea ospatzeko idatzitako obra), eta poz handiz hartu zuten 1817-1819 bitartean
Ingalaterran eskubideak murriztu izana edo alemaniar printzeek 1820ko ikasle
mugimenduak gogor zapaltzeko hartu zuten erabakia, besteak beste. Beste lurralde
batzuetan, Espainian, Portugalen edo Italiar estatuetan esaterako, erregeen erabateko
nagusitasuna ordena bere horretan mantentzeko tresna gisa ikusi zuten herrialde
ahaltsuenek.
Bistan da garai hartako egoera ez zela liberalentzat eta iraultzaileentzat egoera
erosoa, baina, hala ere, antolatu ziren, antolatu, zenbait mugimendu liberal iraultzaile.
Bestalde, liberalez gainera, eta haien ideologiarekin loturik, mugimendu nazionalistak
ere sendotu egin ziren. Mugimendu nazionalistak aztertzeko, zenbait tradizio
hartu behar dira kontuan, adibidez 1789ko iraultza, nazioaren burujabetasuna aldarrikatu
zuena, edo Frantziako inperioarekin zenbait lurraldetara, Alemaniara batez ere,
zabaldutakoa, lurralde bakoitzaren balio nazionalak eta nazio izaera goresten zituena.
Garai hartan gelditu zen agerian estatuen eta nazioen arteko kontraesana Europako
politikan, eta kontraesan hori areagotu egin zen 1830eko eta, bereziki, 1848ko
iraultzetan.
Liberalak
Errestaurazioak liberalismoaren ikuspegi
berezi bat hartu zuen 1815az gero. Aurreko
gaiean ikusi den bezala, Errestaurazioa
ez zen Antzinako Errejimenera itzultzeko
ahalegin bat izan soilik, aitzitik, printzipio
liberaletan oinarrituriko gizarte eredu
baten sistema politikoa ere izan zen, jabego
pribatuan eta lan eta kapital merkatuan
oinarrituriko eredu bat ekarriko zuen
sistema bat alegia. Errestaurazioan, beraz,
printzipio liberalak hartu zituzten Europako
estatu batzuek, baina horrek ez zuen eragin
handirik izan beren politikan. Izan ere,
estatuaren burujabetasunaren eta segurtasunaren
ideiak indarrean iraun zuen handik
aurrera ere, eta horrek askatasunak
murriztea, oposizioaren zapalkuntza eta
politikan parte hartzeko mugak ekarri zituen.
Errejimen haientzat jabegoa zen dohain
sozial nagusia, jabegoa begiratzen eta
gurtzen zuten beste ororen gainetik. Iraultza
garaian nazio ondasun izandakoen salmentarekin
aberastasun handiak eskuratzeaz
gainera, Kode zibila eta beste erakunde
burges batzuk gorde ziren, adibidez pribilejorik
eza eta legearen aurreko berdintasun
printzipioa.Liberalismo klasikoarentzat garrantzi
handiko neurriak ziren horiek guztiak, haien
bidez gizartea eskulanaren salmentan oinarrituriko
merkataritza harremanen arabera
antolatzeko aukera ikusten baitzuen. Jabeen
(kapitala) eta ez jabeen (lana) arteko harremanak
legearen aurreko berdintasuna eta
antzinako gremio sistemetako lanaren eta
merkatuaren babesa deuseztea eskatzen
zuen. Hori dela eta, jabegoa gizabanakoaren
eskubide gisa hartu eta estatuaren burujabetasuna
(ez nazioarena) beste askatasunen
gainetik jarri zuen diskurtsu liberal klasikoak.
Interpretazio kontserbadore horren aldean,
iraultzaren printzipioetatik hurbilagoko
beste joera liberal batzuk ere izan ziren.
Batetik, bai Frantzian eta bai Espainian
liberalen diskurtsua gero eta moderatuagoa
izan zen eta berrikuntza prozesuetan estatuaren
kontrola handiagoa izatea onartu
zuten. Baina, beste alde batetik, 1789ko
Frantziako iraultza eta, batez ere, Espainiako
1812ko iraultza eredugarriak izan ziren Europako
mugimendu liberalentzat, nazio
burujabetasuna eta askatasunak bermatuko
zituen sistema bati buruzko aipamena egiten
zutelako.
Nazionalismoa
Iraultzarekin nazioa bihurtu zen oinarrizko
subjektu politikoa. «Burujabetasuna
nazioaren baitan dago batez ere» zioten
1791ko konstituzio frantsesak eta 1812ko
espainiarrak. Horrekin esan nahi zen nazio
bat gizabanakoez osaturiko subjektu kolektibo
bat zela, eta kolektibo horretan gizabanako
guztiek lege bera bete behar zutela
(berdintasuna) eta ordezkarien bidez kolektibo
hori osatzen lagundu behar zutela (askatasuna).
Nazioa edo aberria askatasuna
praktikatzeko espazio bat, gizabanakoaren
eta aginpidearen arteko bereizketak eta orekak
gizabanakoaren askatasunak bermatzen
zituen espazio bat zen iraultzaileentzat,
ezaugarri kultural eta historiko jakin batzuk
zituen egitura bat baino gehiago.
1792az gero iraultza lurralde gehiagotara
zabaltzeak, hala ere, iraultzaren ideien
kontrako erreakzioa ere ekarri zuen.
Erreakziorik gogorrena Alemaniako lurraldeetan
izan zen, Georg Friederich Herder
eta Justus Möserren obrek erakusten duten
bezala. Pentsalari horiek eta beste batzuek
ziotenez, iraultzaren printzipioak ezartzea,
edo Napoleonen sistema inperiala ezartzea,
despotismoz jokatzea zen, herrien historia,
hizkuntza eta tradizioek biltzen zituzten nazio
identitateak deusezten baitziren ustezko
unibertsalismo baten izenean. Volkgeist izena eman zitzaion izaera nazionalari, iraultzaileek
kontuan hartzen ez zuten nazio izaera
bereziari.
Bi joera horien ekarpenetan oinarrituta
mugimendu nazionalistak sortu ziren Europan
XIX. mendearen hasieran. Horrela bada,
liberalak eta nazionalistak ziren, aldi berean,
Giuseppe Mazzini eta Italia Gaztea, Deutsche
Burschenschaft alemaniar ikasleen mugimendua,
belgiarrena edo Greziaren burujabetasunaren
aldeko mugimendua, esaterako.
Joera errepublikazale erradikala eta
nazionalista izan ziren garai hartako nazio
mugimenduen ezaugarri nagusiak, eta ezaugarri
horiek bereiziten dituzte, halaber, garai
hartako mugimendu nazionalista XIX.. ende amaierako mugimendu nazionalistetatik.
1820ko iraultzak
1820 eta 1830 urteen inguruan zenbait
mugimendu iraultzaile agertu ziren Europan.
Lehenengoa Mediterraneo arroan sortu zen,
eta bigarrenak, berriz, Paris izan zuen gune
nagusia; ondoren Belgikara, Italiara eta Europa
erdialdera eta ekialdera zabaldu zen
iraultza. Europa hegoaldeko lurretan, Portugaldik
Sizilia Bietako erreinura (Napoli eta
Sizilia) politika sistema neoabsolutistak ezarri
ziren Napoleonen gerren ondoren, eta
gogor eraso zieten liberalei. Liberalek Espainiako
1812ko konstituzioa hartu zuten
eredu, hark biltzen baitzituen ondoen liberalen
printzipio politikoak: nazio burujabetasuna,
ordezkaritza zabala (gizonezko jabeena,
noski) eta eskubide eta askatasunen
begiramena. Nazioari izaera konfesionala
eman zioten; erlijio katolikoa zen nazio erlijioa,
eta tradizio katolikoko herrialdeetan
indar handia eman zion horrek liberalismoari.
1820an Quiroga y Riegoren altxamenduaren
ondoren beste militar batzuk matxinatu
ziren eta Fernando VII.ak 1812ko konstituzioa
onartu behar izan zuen berriro;
ondoko hiru urteetan gobernu konstituzional
liberalak osatu ziren (Liberalen Hiru
Urteak). Jabegoari, liberalizazioari, eliza-estatua
harremanei eta gobernu lokal eta probintzialei
buruz hasitako erreformak sakondu
ziren gobernu haiekin.
1812ko konstituzioaren testua hainbat
hizkuntzatara itzuli zen, eta arrakasta handia
izan zuen, Italian batez ere. Izan ere,
Napoli eta Piemonteko mugimendu iraultzaileek
espainiar konstituzioaren ia hitzez
hitzezko itzulpena erabili zuten beren konstituzioa
osatzeko. Portugalen ere altxamendu
militarraren ondoren Espainiako konstituzioan
oinarrituriko idatzi bat onartzera
behartu zuten Joan VI.a (1822), baina hurrengo
urtean (1823) indargabe utzi zuten,
iraultzaren zenbait lorpen deuseztu eta errejimenaeraberritu zenean. Errusian ere egin
zen iraultza ahaleginik (Abenduko mugimendua,
1825) baina ez zuen halako
arrakastarik izan; altxamendu ahalegin bat
izan zen iraultza baino gehiago.
Mugimendu horien guztien buruzagiak
ezkutuko erakunde liberalak ziren (masoiak,
karbonarioak), baina toki gehienetan huts
egin zuen haien asmoak, barne arazoen ondorioz
kasu batzuetan (Portugal), Aliantza
Santuak berriro errejimen neoabsolutistak
ezartzeko esku hartu izanaren ondorioz
besteetan (Frantziaren esku hartzea Espainian,
Austriarena Italian). Iraultzak Grezian
bakarrik izan zuen hala-holako arrakastarik,
turkiar inperiotik askatzea lortu baitzuten
greziar liberalek.
1830eko iraultzak
1830 eta 1832 bitartean Europan gertatu
ziren aldaketak 1830eko iraultzak deitu ohi
dira oro har. Kasu gehienetan –batez ere
alemaniar lurraldeetan eta Italian– altxamenduak
izan ziren, ez besterik, eta ez zuten
aldaketa handirik eragin ordena politikoan.
Ohi zen bezala, Paristik zabaldu zen mugimendu
horien isla gainerako lurraldeetara,
uztaileko iraultzaren bidez; dena dela, historialariak
ez datoz bat gertaera hura iraultza
bat izan ote zen esateko, gauzak nola
gertatu ziren kontuan harturik, batez ere.
Iraultza edo dena delako haren lehenengo
urratsak Karlos X.ak agintea eskuratu zuenean
egin ziren (1825). Karlos X.ak errejimen
autoritario ultrakontserbadorea ezarri
nahi zuen eta Polignac ministroaren eta
Frantziako aristokraziaren laguntza bilatu
zuen horretarako. Horrela, bere agintaldiaren
hasieran mila milioi liberako «oparia»
egin zien aristokratei, 1789ko iraultzan izandako
galeren kalte ordain gisa. Horrez gainera,
1830ean eta ordezkarien ganbaran liberalek
irabazi izanaren ondorioz, zenbait
ordenantza eman zituen prentsa askatasuna
murriztuz, ganbera liberal hori deseginez eta
botoa are gehiago mugatuz.
Liberalek berehala egin zieten aurre neurri
absolutistei, gudarosteko ofizialen eta paristarren
laguntzarekin. Uztaileko egunak
(27tik 29ra) izeneko tartean jendetza handia
atera zen kalera Parisen, besteak beste eskulangileak
eta menu peuple delakoa, baina
baita erdi mailako klaseetako jendea ere,
De La Croix margolariak Askatasuna herriaren
gidari koadroan adierazi zuen bezala.
Iraultza erregeak ihes egin zuenean
amaitu zen. Erregeak ihes egin zuelarik desagertu
egin zen liberalek beren sistema
politiko ideala –1814ko Karta emana– indarrean
jartzeko zuten eragozpen nagusia
eta iraultza amaitarazten ahalegindu ziren
hori dela eta. Luis Filipe Orleanskoak, «erregeburgesa» deituak, 1814ko konstituzioa
aldatu zuen kargua hartu bezain laster (Europako
gorteek berehala eman zioten onespena
errege berriari); aginpide betearazlearen
ahalak areagotzea zen errege berriaren
helburua, prentsa askatasuna bermatzeko
zenbait neurri hartu ziren eta hauteskunde
zentsoa zabaltzeko aukera ere eman zuen.
Horiek izan ziren uztaileko mugimenduaren
lorpen bakarrak, eta lorpen eskas horiengatik
dago benetan iraultza bat izan ote
zen zalantza. Ingalaterran inolako iraultza
mugimendurik gabe Frantziako mugimenduak
ezarritako berrikuntza berdin-berdinak
lortu ziren: Ingalaterrako 1832an parlamentuak,
wigh alderdikoak buru zirela, Erreforma
legea onartu zuen eta industrian eta merkataritzan
ari ziren klaseei boto eskubidea
eman zitzaien.
Suitzan eta Belgikan eragin handiagoa
izan zuen iraultzak. Suitzan 1815eko Konfederazioaren
karta eraberritu zen 1830ean
eta 1832an; kantonamenduetako konstituzioak
berritu ziren eta Helvetiako Konfederazioari
nazio batasun sendoagoa eman
zitzaion. Belgikan, bestalde, talde liberal
batzuek eliza katolikoarekin bat egin zuten
eta Holandak burujabetasuna lortu zuen,
1815an Vienako kongresuak Luxenburgorekin
batera anexionatu eta haren esku egon
ondoren.