Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Liberalismoa eta nazionalismoa

Lord Byronen erretratua.<br><br>

Errestaurazio garaiko Europan begi txarrez ikusita zeuden liberalismoa eta nazionalismoa.

Izan ere, Europako estatu nagusietako kultura ofiziala kontserbadorea zen erabat, baita Britainia Handikoa ere, nahiz eta hura zen Europako herrialderik liberalena.

Kontinenteko gorteak eta klase ahaltsuak esne mamitan bizi ziren, Gioachino Rossiniren operak entzunez adibidez (Il Viaggio a Reims, 1825, Frantziako Karlos X.aren koroatzea ospatzeko idatzitako obra), eta poz handiz hartu zuten 1817-1819 bitartean Ingalaterran eskubideak murriztu izana edo alemaniar printzeek 1820ko ikasle mugimenduak gogor zapaltzeko hartu zuten erabakia, besteak beste. Beste lurralde batzuetan, Espainian, Portugalen edo Italiar estatuetan esaterako, erregeen erabateko nagusitasuna ordena bere horretan mantentzeko tresna gisa ikusi zuten herrialde ahaltsuenek.

Bistan da garai hartako egoera ez zela liberalentzat eta iraultzaileentzat egoera erosoa, baina, hala ere, antolatu ziren, antolatu, zenbait mugimendu liberal iraultzaile.

Bestalde, liberalez gainera, eta haien ideologiarekin loturik, mugimendu nazionalistak ere sendotu egin ziren. Mugimendu nazionalistak aztertzeko, zenbait tradizio hartu behar dira kontuan, adibidez 1789ko iraultza, nazioaren burujabetasuna aldarrikatu zuena, edo Frantziako inperioarekin zenbait lurraldetara, Alemaniara batez ere, zabaldutakoa, lurralde bakoitzaren balio nazionalak eta nazio izaera goresten zituena.

Garai hartan gelditu zen agerian estatuen eta nazioen arteko kontraesana Europako politikan, eta kontraesan hori areagotu egin zen 1830eko eta, bereziki, 1848ko iraultzetan.

 

Liberalak

Errestaurazioak liberalismoaren ikuspegi berezi bat hartu zuen 1815az gero. Aurreko gaiean ikusi den bezala, Errestaurazioa ez zen Antzinako Errejimenera itzultzeko ahalegin bat izan soilik, aitzitik, printzipio liberaletan oinarrituriko gizarte eredu baten sistema politikoa ere izan zen, jabego pribatuan eta lan eta kapital merkatuan oinarrituriko eredu bat ekarriko zuen sistema bat alegia. Errestaurazioan, beraz, printzipio liberalak hartu zituzten Europako estatu batzuek, baina horrek ez zuen eragin handirik izan beren politikan. Izan ere, estatuaren burujabetasunaren eta segurtasunaren ideiak indarrean iraun zuen handik aurrera ere, eta horrek askatasunak murriztea, oposizioaren zapalkuntza eta politikan parte hartzeko mugak ekarri zituen.

Errejimen haientzat jabegoa zen dohain sozial nagusia, jabegoa begiratzen eta gurtzen zuten beste ororen gainetik. Iraultza garaian nazio ondasun izandakoen salmentarekin aberastasun handiak eskuratzeaz gainera, Kode zibila eta beste erakunde burges batzuk gorde ziren, adibidez pribilejorik eza eta legearen aurreko berdintasun printzipioa.Liberalismo klasikoarentzat garrantzi handiko neurriak ziren horiek guztiak, haien bidez gizartea eskulanaren salmentan oinarrituriko merkataritza harremanen arabera antolatzeko aukera ikusten baitzuen. Jabeen (kapitala) eta ez jabeen (lana) arteko harremanak legearen aurreko berdintasuna eta antzinako gremio sistemetako lanaren eta merkatuaren babesa deuseztea eskatzen zuen. Hori dela eta, jabegoa gizabanakoaren eskubide gisa hartu eta estatuaren burujabetasuna (ez nazioarena) beste askatasunen gainetik jarri zuen diskurtsu liberal klasikoak.

Interpretazio kontserbadore horren aldean, iraultzaren printzipioetatik hurbilagoko beste joera liberal batzuk ere izan ziren.

Batetik, bai Frantzian eta bai Espainian liberalen diskurtsua gero eta moderatuagoa izan zen eta berrikuntza prozesuetan estatuaren kontrola handiagoa izatea onartu zuten. Baina, beste alde batetik, 1789ko Frantziako iraultza eta, batez ere, Espainiako 1812ko iraultza eredugarriak izan ziren Europako mugimendu liberalentzat, nazio burujabetasuna eta askatasunak bermatuko zituen sistema bati buruzko aipamena egiten zutelako.

 

Nazionalismoa

Iraultzarekin nazioa bihurtu zen oinarrizko subjektu politikoa. «Burujabetasuna nazioaren baitan dago batez ere» zioten 1791ko konstituzio frantsesak eta 1812ko espainiarrak. Horrekin esan nahi zen nazio bat gizabanakoez osaturiko subjektu kolektibo bat zela, eta kolektibo horretan gizabanako guztiek lege bera bete behar zutela (berdintasuna) eta ordezkarien bidez kolektibo hori osatzen lagundu behar zutela (askatasuna).

Nazioa edo aberria askatasuna praktikatzeko espazio bat, gizabanakoaren eta aginpidearen arteko bereizketak eta orekak gizabanakoaren askatasunak bermatzen zituen espazio bat zen iraultzaileentzat, ezaugarri kultural eta historiko jakin batzuk zituen egitura bat baino gehiago.

1792az gero iraultza lurralde gehiagotara zabaltzeak, hala ere, iraultzaren ideien kontrako erreakzioa ere ekarri zuen.

Erreakziorik gogorrena Alemaniako lurraldeetan izan zen, Georg Friederich Herder eta Justus Möserren obrek erakusten duten bezala. Pentsalari horiek eta beste batzuek ziotenez, iraultzaren printzipioak ezartzea, edo Napoleonen sistema inperiala ezartzea, despotismoz jokatzea zen, herrien historia, hizkuntza eta tradizioek biltzen zituzten nazio identitateak deusezten baitziren ustezko unibertsalismo baten izenean. Volkgeist izena eman zitzaion izaera nazionalari, iraultzaileek kontuan hartzen ez zuten nazio izaera bereziari.

Bi joera horien ekarpenetan oinarrituta mugimendu nazionalistak sortu ziren Europan XIX. mendearen hasieran. Horrela bada, liberalak eta nazionalistak ziren, aldi berean, Giuseppe Mazzini eta Italia Gaztea, Deutsche Burschenschaft alemaniar ikasleen mugimendua, belgiarrena edo Greziaren burujabetasunaren aldeko mugimendua, esaterako.

Joera errepublikazale erradikala eta nazionalista izan ziren garai hartako nazio mugimenduen ezaugarri nagusiak, eta ezaugarri horiek bereiziten dituzte, halaber, garai hartako mugimendu nazionalista XIX.. ende amaierako mugimendu nazionalistetatik.

 

1820ko iraultzak

1820 eta 1830 urteen inguruan zenbait mugimendu iraultzaile agertu ziren Europan.

Lehenengoa Mediterraneo arroan sortu zen, eta bigarrenak, berriz, Paris izan zuen gune nagusia; ondoren Belgikara, Italiara eta Europa erdialdera eta ekialdera zabaldu zen iraultza. Europa hegoaldeko lurretan, Portugaldik Sizilia Bietako erreinura (Napoli eta Sizilia) politika sistema neoabsolutistak ezarri ziren Napoleonen gerren ondoren, eta gogor eraso zieten liberalei. Liberalek Espainiako 1812ko konstituzioa hartu zuten eredu, hark biltzen baitzituen ondoen liberalen printzipio politikoak: nazio burujabetasuna, ordezkaritza zabala (gizonezko jabeena, noski) eta eskubide eta askatasunen begiramena. Nazioari izaera konfesionala eman zioten; erlijio katolikoa zen nazio erlijioa, eta tradizio katolikoko herrialdeetan indar handia eman zion horrek liberalismoari.

1820an Quiroga y Riegoren altxamenduaren ondoren beste militar batzuk matxinatu ziren eta Fernando VII.ak 1812ko konstituzioa onartu behar izan zuen berriro; ondoko hiru urteetan gobernu konstituzional liberalak osatu ziren (Liberalen Hiru Urteak). Jabegoari, liberalizazioari, eliza-estatua harremanei eta gobernu lokal eta probintzialei buruz hasitako erreformak sakondu ziren gobernu haiekin.

1812ko konstituzioaren testua hainbat hizkuntzatara itzuli zen, eta arrakasta handia izan zuen, Italian batez ere. Izan ere, Napoli eta Piemonteko mugimendu iraultzaileek espainiar konstituzioaren ia hitzez hitzezko itzulpena erabili zuten beren konstituzioa osatzeko. Portugalen ere altxamendu militarraren ondoren Espainiako konstituzioan oinarrituriko idatzi bat onartzera behartu zuten Joan VI.a (1822), baina hurrengo urtean (1823) indargabe utzi zuten, iraultzaren zenbait lorpen deuseztu eta errejimenaeraberritu zenean. Errusian ere egin zen iraultza ahaleginik (Abenduko mugimendua, 1825) baina ez zuen halako arrakastarik izan; altxamendu ahalegin bat izan zen iraultza baino gehiago.

Mugimendu horien guztien buruzagiak ezkutuko erakunde liberalak ziren (masoiak, karbonarioak), baina toki gehienetan huts egin zuen haien asmoak, barne arazoen ondorioz kasu batzuetan (Portugal), Aliantza Santuak berriro errejimen neoabsolutistak ezartzeko esku hartu izanaren ondorioz besteetan (Frantziaren esku hartzea Espainian, Austriarena Italian). Iraultzak Grezian bakarrik izan zuen hala-holako arrakastarik, turkiar inperiotik askatzea lortu baitzuten greziar liberalek.

 

1830eko iraultzak

1830 eta 1832 bitartean Europan gertatu ziren aldaketak 1830eko iraultzak deitu ohi dira oro har. Kasu gehienetan –batez ere alemaniar lurraldeetan eta Italian– altxamenduak izan ziren, ez besterik, eta ez zuten aldaketa handirik eragin ordena politikoan.

Ohi zen bezala, Paristik zabaldu zen mugimendu horien isla gainerako lurraldeetara, uztaileko iraultzaren bidez; dena dela, historialariak ez datoz bat gertaera hura iraultza bat izan ote zen esateko, gauzak nola gertatu ziren kontuan harturik, batez ere.

Iraultza edo dena delako haren lehenengo urratsak Karlos X.ak agintea eskuratu zuenean egin ziren (1825). Karlos X.ak errejimen autoritario ultrakontserbadorea ezarri nahi zuen eta Polignac ministroaren eta Frantziako aristokraziaren laguntza bilatu zuen horretarako. Horrela, bere agintaldiaren hasieran mila milioi liberako «oparia» egin zien aristokratei, 1789ko iraultzan izandako galeren kalte ordain gisa. Horrez gainera, 1830ean eta ordezkarien ganbaran liberalek irabazi izanaren ondorioz, zenbait ordenantza eman zituen prentsa askatasuna murriztuz, ganbera liberal hori deseginez eta botoa are gehiago mugatuz.

Liberalek berehala egin zieten aurre neurri absolutistei, gudarosteko ofizialen eta paristarren laguntzarekin. Uztaileko egunak (27tik 29ra) izeneko tartean jendetza handia atera zen kalera Parisen, besteak beste eskulangileak eta menu peuple delakoa, baina baita erdi mailako klaseetako jendea ere, De La Croix margolariak Askatasuna herriaren gidari koadroan adierazi zuen bezala.

Iraultza erregeak ihes egin zuenean amaitu zen. Erregeak ihes egin zuelarik desagertu egin zen liberalek beren sistema politiko ideala –1814ko Karta emana– indarrean jartzeko zuten eragozpen nagusia eta iraultza amaitarazten ahalegindu ziren hori dela eta. Luis Filipe Orleanskoak, «erregeburgesa» deituak, 1814ko konstituzioa aldatu zuen kargua hartu bezain laster (Europako gorteek berehala eman zioten onespena errege berriari); aginpide betearazlearen ahalak areagotzea zen errege berriaren helburua, prentsa askatasuna bermatzeko zenbait neurri hartu ziren eta hauteskunde zentsoa zabaltzeko aukera ere eman zuen.

Horiek izan ziren uztaileko mugimenduaren lorpen bakarrak, eta lorpen eskas horiengatik dago benetan iraultza bat izan ote zen zalantza. Ingalaterran inolako iraultza mugimendurik gabe Frantziako mugimenduak ezarritako berrikuntza berdin-berdinak lortu ziren: Ingalaterrako 1832an parlamentuak, wigh alderdikoak buru zirela, Erreforma legea onartu zuen eta industrian eta merkataritzan ari ziren klaseei boto eskubidea eman zitzaien.

Suitzan eta Belgikan eragin handiagoa izan zuen iraultzak. Suitzan 1815eko Konfederazioaren karta eraberritu zen 1830ean eta 1832an; kantonamenduetako konstituzioak berritu ziren eta Helvetiako Konfederazioari nazio batasun sendoagoa eman zitzaion. Belgikan, bestalde, talde liberal batzuek eliza katolikoarekin bat egin zuten eta Holandak burujabetasuna lortu zuen, 1815an Vienako kongresuak Luxenburgorekin batera anexionatu eta haren esku egon ondoren.