Historia Unibertsala»Egungo aroa
Kongresuen garaiko Europa
Napoleonek Waterlooko gudua galduagatik ere, haren sistema politikoak ez zuen berehalakoan hondoa jo; aitzitik, Napoleonek finkaturiko sistemaren ezaugarri asko gorde ziren Vienako kongresuan egin zen berrantolaketa politikoan (1815). Vienako kongresuarekin hasi zen garaiari Errestaurazioa esaten zaio, baina izen horrek iraganari erreferentzia egiten dion arren, 1815. urteko Europak ezin izan zuen 1789 aurreko egoerara itzuli. Izan ere, iraultzak goitik behera aldatu zituen Europako gizartea eta ekonomia, eta kontzeptu politiko berriak sortu zituen. Napoleonen sistemak, bestalde, estatuari buruzko ikuspegi berri bat eman zuen, Aro Berriko monarkiek zutenaren oso bestelakoa. Horrenbestez, 1815. urteaz gero Europan iraultzaren kontrako ideologia nagusitu bazen ere, ordena sozial eta politikoa ez zen berriro Antzinako Errejimenaren garaiko egoerara itzuli. Estatuen sistema berria osatu zen, bost herrialde ahaltsuren gidaritzapean –Errusia, Austria, Prusia, Frantzia eta Britainia Handia–, eta Europako estatuek beren barne politikan aintzat hartu beharreko oinarri batzuk ere finkatu ziren. Monarkiaren zilegitasuna eta segurtasunaren ideia ziren sistema haren funtsak. Horretarako alde batera utzi ziren iraultza garaiko gaitz nagusitzat hartzen ziren ideiak, nazio burujabetasunaren eta eskubideen ideiak hain zuzen ere. Gizabanakoen eskubide gorena jabegoa izan zen aurrerantzean, eta eskubide horrekin batera estatuak ere garrantzi handia hartu zuen. Laburbilduz, Vienako kongresuak estatuen sistema bat eratu zuen, ez herrien edo nazioen sistema bat.
Vienako kongresua
Europako printzeek eta ahaldunek, beraz,
sistema berri bat abiarazi zuten Vienan,
baltsen, jauregiko jai ospetsuen eta plazerren
artean. Sistema hark Talleyrand frantses
kantzelariaren zilegitasunari buruzko
ideia zuen oinarri; ideia horren arabera, jabego
zilegia (dinastikoa alegia) eta nazioarteko
zuzenbidea (herrialde ahaltsuenek
agintzen zuten zuzenbidea), ziren aginpide
politikoen funtsak. Clemens von Metternich
austriar ministro ahaltsuak, 1814ko urria eta
1815eko iraila bitartean bildu zen Kongresuaren
aitzindariak, Europarako eredu bat
proposatu zuen printzipio horretatik abiatuta,
eta eredu huraxe onartu zuen Kongresuak.
Vienan Europako dinastia guztien ordezkariak
biltzen ziren, baina ordezkari
batzuek besteek baino indar handiagoa zuten;
ordezkari jakin batzuk ziren benetan
Kongresuaren eragileak. Errusia, Austria,
Prusia eta Britainia Handiak lortu zuten,
elkargo bat osatuz (Lauko aliantza), Napoleonen
asmoak deuseztea eta herrialde
haiek hartu zuten beren gain Napoleonen
ondoko Europa berria diseinatzeko ardura.
Frantzia ere talde hartan sartu zen gerora,
Luis XVIII.ak bere agintea ezarri eta,
Talleyranden diplomazia lan trebeari esker,
1792ko mugak onartu zituenean. Bost estatu
horiek «Europako jendarme» bihurtu
ziren; haiek hartzen zituzten nazioartekoharremanei buruzko erabakiak eta haiek
zuten, orobat, Europako segurtasunaren
ardura.
Vienako kongresuak zilegitasuna eta segurtasuna
zituen helburu nagusiak, esan
bezala, Europa barnean gatazkak galarazteko
eta iraultzak eragozteko. Gerra Europako
periferiako lurraldeetara eraman zen,
Krimeara adibidez –mendearen erdialdean–,
edo kontinenteaz kanpo, kolonien
nagusitasunari zegozkion gerren kasuan.
Europan bakea ezarri zen, herrialde ahaltsuenek
begiraturiko bake bat. Herrialde
horiek, Britainia Handiak izan ezik, Aliantza
Santua osatu zuten tsarraren eskariz,
eta egoerak hala eskatzen zuenean, ez sistematikoki
beraz, kongresuetan biltzea hitzartu
zuten. Horrela, Aachenen bildu ziren
1818an, Tropaun 1820an, Lublianan
1821ean eta Veronan 1823an, beste herrialde
batzuetan esku hartzeko: alemaniar estatuetan,
elkarte iraultzaileei aurre egiteko.
Europako mapa berria
Vienako kongresuak Europako lurraldeen
banaketa lehengoratzeko ahalegina
egin zuen; iraultza eta Napoleonen inperioa
baino lehenagoko banaketa ezarri nahi
izan zuen berriro. Europako mapa diseinatzeko
erabili ziren irizpideak Vienako sistema
osatu zuten ideia kontserbadoreen aldeko
izan ziren. Kontserbadoreek Europakolurraldeen artean oreka lortu nahi zuten, bi
ezaugarri hauek beteko zituen oreka bat:
herrialde ahaltsuenen interesak begiratu
behar zituen, batetik, eta Napoleonenaren
tankerako inperioen sorrera galarazi behar
zuen, bestetik. Horretarako dinastien zilegitasunaren
printzipioa aplikatu zen eta
antzinako etxeak ezarri ziren berriro Italiako
agintari (Piemonte-Sardinia, Toskana eta
erdialdeko dukerriak, Napoli), Fernando
VII.ak Espainiako agintea berreskuratu zuen
Cadizko Konstituzioaren errejimen liberala
eraitsiko zuen itxaropenean, eta Frantzian,
Luis XVIII.arekin borbondarrak izan ziren
berriro errege.
Arazo nagusia, hala ere, Europa erdialdeko
lurraldeetan zegoen. Lurralde haiek
Erroma eta Germanietako inperio santuari
atxikita egon ziren antzina, baina Napoleonen
erasoen eta Austriako Habsburgotarren
hondamenaren ondorioz inperio
hura desegin egin zen 1804 eta 1806 bitartean.
Humboldten ustez alemaniar estatu
bateratu bat osatu behar zen, Austria etxearen
lurraldea ez beste germaniar lurralde
guztietarako erakunde komunak ezartzeko.
Metternich austriar kantzelariak, ordea,
ez zuen proposamen hura onartu, eta azkenean
bere asmoa nagusitu zen: estatuen
batasun gisa egituratu zen Alemania, eta
ez nazio bateratu gisa. Berrogei bat estatuk
osatu zuten Germaniar konfederazioa
(1815); neurriari eta ahalmenari zegokionez
alde handia zuten elkarren artean alemaniar
lurraldeen nazioarteko batasun hartan
bilduek. Konfederazioan zeuden Austria
eta Prusia, esaterako, hamaika bat milioi
biztanlerekin, baina haren barruan zegoen
Liechtenstein ere, bost mila biztanle
besterik ez zituena.
Errestaurazioko pentsamendu politikoa
Nazioarteko harremanen alorrean Errestaurazioa
segurtasuna eta oreka lortzen saiatu
zen arren, estatuen barne politikaren alorrean
iraultza galaraztea izan zuen kezkarik
handiena. Horretarako bideak bilatu nahi zituen
garai hartako pentsamendu politikoak,
bai joera ultrakontserbadoreak, eta baita jarrera
liberalagoek ere. Joera ultrakontseradorearen
aitzindarien artean aipagarriak izan
ziren Louis-Ambroise De Bonald eta, batez
ere, Joseph De Maistre idazleak; iraultzaren
eragina murrizteko erregeen eta erlijio ordenaren
nagusitasun erabatekoa ezarri behar
zela esan zuten XVIII. mende amaieran. Haien
ideietan oinarritu ziren, neurri batean, printzipio
monarkikoak, Errestaurazioko ordena
politikoaren printzipioak. Errestaurazioak
printzeen esku utzi zuen aginpidea, nazio
burujabetasunaren ideia baztertu zuen, eta
printzea estatu organo bihurtu zuen printzeak
berak herriari emandako konstituzio baten
bidez. Sistema horretako eredu aipagarriena
Luis XVIII.aren (1814) «Karta emana» eredu
frantsesa izan zen. Agiri horretan erregeak
gobernu molde bat iragartzen zuen, besterik
gabe; ez zuen eskubiderik ezagutzen, eta ez
zen aipatu ere egiten nazio burujabetasuna.
Legegintzarako aginpidea bi ganbaren esku
zegoen eta oso mugatua zen; ganbara horietako
bat erregeak berak hautatzen zuen, oro
har, zuzenean, eta bestea hauteskunde bidez
hautatzen zen, baina hauteskunde sistemaren
araudia zela eta, Frantziako biztanleen
%1ek, aberatsenek hain zuzen ere, baizik ez
zuen hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea.
Aginpide judiziala, bestalde, desagertu
egin zen, sistema politiko hark ez baitzuen
eskubiderik aitortzen, eta aginpide judiziala
aginpide betearazlearen mendekotzat hartua
zenez, karrera judizial berezia eratu zen.
Sistema politiko hark printzipio liberal batzuk
onartzen zituen eta politikaren kontrol
zorrotza bideratzen zuen aldi berean. Horregatik,
ez da harritzekoa indarrean irautea
Kode Zibilak esaterako (1804), gizarte burgesetan
halako garrantzia izan zuen arren,
edo legearen aurreko berdintasuna bermatzea
eta pribilejioak desagertzea. Sistema hura
ongi egokitzen zitzaion gizarte merkantilari,
gizarte horrek merkatu libreko salgaitzat hartzen
baitzituen lana eta kapitala. Estatua indartzea
eta haren burujabetasuna bermatzea
baliagarria iruditzen zitzaien aberatsei negozioetarako
behar zuten oreka lortzeko, eta
horregatik agertu ziren sistema haren alde.
Jarrera liberalagoak ere agertu ziren, adibidez
Benjamin Constanterena; legegintzarako
aginpideari eskumen handiagoa ematea eta
erdi mailako klaseei aginpide horretara iristeko
aukera ematea eskatzen zuen Constantek,
baina jarrera liberalegia zen Errestaurazioko
sistemarentzat, eta iraultza zuen
arrakasta lortzeko modu bakarra.
Metternich eta bere sistema
Aro Berriaz gero Habsburgotarren dinastiak
izan zuen Europako lurralde handienaren
kontrola. Haienak ziren Belgikatik Ukrainara
eta Bohemiatik Milanera eta Dalmaziako
kostaldera bitarteko lurrak. Erroma eta Germanietako
enperadore ziren alemaniar printze
hautesleek etxe hura aukeratu zuten behin
eta berriro, eta Habsburgotarrek esku
handia zuten Europako erdialdean eta ekialdean.
Iraultzak eta Napoleonen inperioak,
ordea, nagusitasun hura hautsi zuten, lurralde
batzuetan (gaur egungo Belgikan, Italiako
lurraldeetan edo Istrian) zuzenean esku hartuz
edo Napoleonen kontrolpean estatu alemaniarren
konfederazioa osatu (Rineko konfederazioa,
1806) eta Germaniar inperio zaharra
deuseztu zelarik. Vienako kongresuan,
Clemens von Metternich austriar kantzelariak,
aurretik Frantzian enbaxadore izanak,
egoera hura zuzentzeko ahaleginak egin zituen;
Austriari indar gehiago eman zion eta
Frantzisko I.a enperadorearen eta Metternich
ministroaren beraren mendeko gobernu sistema
bat eratu zuen.
1804an, Germanietako inperioa gainbehera
zetorrela ikusirik, Frantzisko II.ak inperio
berria sortu zuen, Austriako inperioa,
eta Frantzisko I.a Austriakoa titulua hartu
zuen. 1815ean herri, hizkuntza eta etnia asko
biltzen zituen lurralde bat zen Austria. Austriaetxearen antzinako lurraldeak, Bohemiako
koroarenak eta Hungariakoarenak
hartzen zituen bere baitan. Horrez gainera,
Italiako jabegoak (Lonbardia eta Beneto),
Dalmaziakoak eta Istriakoak, eta Turkiar
inperioarekin zituen muga lurretakoak
(Kroazia, Bosnia eta Serbiako parte bat) ere
hartzen zituen, eta baita Polonian konkistatutakoak
ere (Galitzia).
Metternichek bi printzipio baliatu zituen
lurralde puzzle hura gobernatzeko. Batetik
germaniarren nagusitasuna bermatu zuen
herri, hizkuntza eta etnia guztien gainetik,
hau da Vienaren kontrol zorrotza ezarri
zuen. Bestetik, alde batera utzi zituen printzipio
konstituzional guztiak. Inperioko herri
guztien gainetik germaniarrak nagusi izateak
administrazio, gudaroste, polizia, justizia
eta irakaskuntza alemanieraz eta funtzionario
austriarrek egiten zutela esan nahi
zuen. Horrek ondoeza sortu zuen inperioko
gainerako herrietan eta ondoez horrek
1830 eta 1848an iritsi zuen gorena, Hungarian
eta Bohemian batez ere. Bigarren printzipioak,
konstituziorik ezak, ministroek
kontrolaturiko administrazio ahaltsu batean
baizik oinarritzen ez zen sistema bat eta gobernuaren
mendeko funtzionario kasta bat
(Beamtestand) eratzeko aukera eman zuen.
Horiek izan ziren, polizia sistema eraginkorrarekin
batera, Metternichen sistemaren
osagai aipagarrienak; Metternichen obsesioa
iraultza zen, eta iraultzak eraitsi zuen azkenik
bere kargutik 1848an.