Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Kongresuen garaiko Europa

Metternich-Winneburgeko printzeak Vienako Kongresua deitu zuen Europako ordena berria antolatzeko.<br><br>Liberalismoa eragozten eta habsburgotarren nagusitasuna iraunarazten saiatu ziren haren bitartez.<br><br>

Napoleonek Waterlooko gudua galduagatik ere, haren sistema politikoak ez zuen berehalakoan hondoa jo; aitzitik, Napoleonek finkaturiko sistemaren ezaugarri asko gorde ziren Vienako kongresuan egin zen berrantolaketa politikoan (1815). Vienako kongresuarekin hasi zen garaiari Errestaurazioa esaten zaio, baina izen horrek iraganari erreferentzia egiten dion arren, 1815. urteko Europak ezin izan zuen 1789 aurreko egoerara itzuli. Izan ere, iraultzak goitik behera aldatu zituen Europako gizartea eta ekonomia, eta kontzeptu politiko berriak sortu zituen. Napoleonen sistemak, bestalde, estatuari buruzko ikuspegi berri bat eman zuen, Aro Berriko monarkiek zutenaren oso bestelakoa. Horrenbestez, 1815. urteaz gero Europan iraultzaren kontrako ideologia nagusitu bazen ere, ordena sozial eta politikoa ez zen berriro Antzinako Errejimenaren garaiko egoerara itzuli. Estatuen sistema berria osatu zen, bost herrialde ahaltsuren gidaritzapean –Errusia, Austria, Prusia, Frantzia eta Britainia Handia–, eta Europako estatuek beren barne politikan aintzat hartu beharreko oinarri batzuk ere finkatu ziren. Monarkiaren zilegitasuna eta segurtasunaren ideia ziren sistema haren funtsak. Horretarako alde batera utzi ziren iraultza garaiko gaitz nagusitzat hartzen ziren ideiak, nazio burujabetasunaren eta eskubideen ideiak hain zuzen ere. Gizabanakoen eskubide gorena jabegoa izan zen aurrerantzean, eta eskubide horrekin batera estatuak ere garrantzi handia hartu zuen. Laburbilduz, Vienako kongresuak estatuen sistema bat eratu zuen, ez herrien edo nazioen sistema bat.

 

Vienako kongresua

Europako printzeek eta ahaldunek, beraz, sistema berri bat abiarazi zuten Vienan, baltsen, jauregiko jai ospetsuen eta plazerren artean. Sistema hark Talleyrand frantses kantzelariaren zilegitasunari buruzko ideia zuen oinarri; ideia horren arabera, jabego zilegia (dinastikoa alegia) eta nazioarteko zuzenbidea (herrialde ahaltsuenek agintzen zuten zuzenbidea), ziren aginpide politikoen funtsak. Clemens von Metternich austriar ministro ahaltsuak, 1814ko urria eta 1815eko iraila bitartean bildu zen Kongresuaren aitzindariak, Europarako eredu bat proposatu zuen printzipio horretatik abiatuta, eta eredu huraxe onartu zuen Kongresuak.

Vienan Europako dinastia guztien ordezkariak biltzen ziren, baina ordezkari batzuek besteek baino indar handiagoa zuten; ordezkari jakin batzuk ziren benetan Kongresuaren eragileak. Errusia, Austria, Prusia eta Britainia Handiak lortu zuten, elkargo bat osatuz (Lauko aliantza), Napoleonen asmoak deuseztea eta herrialde haiek hartu zuten beren gain Napoleonen ondoko Europa berria diseinatzeko ardura.

Frantzia ere talde hartan sartu zen gerora, Luis XVIII.ak bere agintea ezarri eta, Talleyranden diplomazia lan trebeari esker, 1792ko mugak onartu zituenean. Bost estatu horiek «Europako jendarme» bihurtu ziren; haiek hartzen zituzten nazioartekoharremanei buruzko erabakiak eta haiek zuten, orobat, Europako segurtasunaren ardura.

Vienako kongresuak zilegitasuna eta segurtasuna zituen helburu nagusiak, esan bezala, Europa barnean gatazkak galarazteko eta iraultzak eragozteko. Gerra Europako periferiako lurraldeetara eraman zen, Krimeara adibidez –mendearen erdialdean–, edo kontinenteaz kanpo, kolonien nagusitasunari zegozkion gerren kasuan.

Europan bakea ezarri zen, herrialde ahaltsuenek begiraturiko bake bat. Herrialde horiek, Britainia Handiak izan ezik, Aliantza Santua osatu zuten tsarraren eskariz, eta egoerak hala eskatzen zuenean, ez sistematikoki beraz, kongresuetan biltzea hitzartu zuten. Horrela, Aachenen bildu ziren 1818an, Tropaun 1820an, Lublianan 1821ean eta Veronan 1823an, beste herrialde batzuetan esku hartzeko: alemaniar estatuetan, elkarte iraultzaileei aurre egiteko.

 

Europako mapa berria

Vienako kongresuak Europako lurraldeen banaketa lehengoratzeko ahalegina egin zuen; iraultza eta Napoleonen inperioa baino lehenagoko banaketa ezarri nahi izan zuen berriro. Europako mapa diseinatzeko erabili ziren irizpideak Vienako sistema osatu zuten ideia kontserbadoreen aldeko izan ziren. Kontserbadoreek Europakolurraldeen artean oreka lortu nahi zuten, bi ezaugarri hauek beteko zituen oreka bat: herrialde ahaltsuenen interesak begiratu behar zituen, batetik, eta Napoleonenaren tankerako inperioen sorrera galarazi behar zuen, bestetik. Horretarako dinastien zilegitasunaren printzipioa aplikatu zen eta antzinako etxeak ezarri ziren berriro Italiako agintari (Piemonte-Sardinia, Toskana eta erdialdeko dukerriak, Napoli), Fernando VII.ak Espainiako agintea berreskuratu zuen Cadizko Konstituzioaren errejimen liberala eraitsiko zuen itxaropenean, eta Frantzian, Luis XVIII.arekin borbondarrak izan ziren berriro errege.

Arazo nagusia, hala ere, Europa erdialdeko lurraldeetan zegoen. Lurralde haiek Erroma eta Germanietako inperio santuari atxikita egon ziren antzina, baina Napoleonen erasoen eta Austriako Habsburgotarren hondamenaren ondorioz inperio hura desegin egin zen 1804 eta 1806 bitartean.

Humboldten ustez alemaniar estatu bateratu bat osatu behar zen, Austria etxearen lurraldea ez beste germaniar lurralde guztietarako erakunde komunak ezartzeko.

Metternich austriar kantzelariak, ordea, ez zuen proposamen hura onartu, eta azkenean bere asmoa nagusitu zen: estatuen batasun gisa egituratu zen Alemania, eta ez nazio bateratu gisa. Berrogei bat estatuk osatu zuten Germaniar konfederazioa (1815); neurriari eta ahalmenari zegokionez alde handia zuten elkarren artean alemaniar lurraldeen nazioarteko batasun hartan bilduek. Konfederazioan zeuden Austria eta Prusia, esaterako, hamaika bat milioi biztanlerekin, baina haren barruan zegoen Liechtenstein ere, bost mila biztanle besterik ez zituena.

 

Errestaurazioko pentsamendu politikoa

Nazioarteko harremanen alorrean Errestaurazioa segurtasuna eta oreka lortzen saiatu zen arren, estatuen barne politikaren alorrean iraultza galaraztea izan zuen kezkarik handiena. Horretarako bideak bilatu nahi zituen garai hartako pentsamendu politikoak, bai joera ultrakontserbadoreak, eta baita jarrera liberalagoek ere. Joera ultrakontseradorearen aitzindarien artean aipagarriak izan ziren Louis-Ambroise De Bonald eta, batez ere, Joseph De Maistre idazleak; iraultzaren eragina murrizteko erregeen eta erlijio ordenaren nagusitasun erabatekoa ezarri behar zela esan zuten XVIII. mende amaieran. Haien ideietan oinarritu ziren, neurri batean, printzipio monarkikoak, Errestaurazioko ordena politikoaren printzipioak. Errestaurazioak printzeen esku utzi zuen aginpidea, nazio burujabetasunaren ideia baztertu zuen, eta printzea estatu organo bihurtu zuen printzeak berak herriari emandako konstituzio baten bidez. Sistema horretako eredu aipagarriena Luis XVIII.aren (1814) «Karta emana» eredu frantsesa izan zen. Agiri horretan erregeak gobernu molde bat iragartzen zuen, besterik gabe; ez zuen eskubiderik ezagutzen, eta ez zen aipatu ere egiten nazio burujabetasuna.

Legegintzarako aginpidea bi ganbaren esku zegoen eta oso mugatua zen; ganbara horietako bat erregeak berak hautatzen zuen, oro har, zuzenean, eta bestea hauteskunde bidez hautatzen zen, baina hauteskunde sistemaren araudia zela eta, Frantziako biztanleen %1ek, aberatsenek hain zuzen ere, baizik ez zuen hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea.

Aginpide judiziala, bestalde, desagertu egin zen, sistema politiko hark ez baitzuen eskubiderik aitortzen, eta aginpide judiziala aginpide betearazlearen mendekotzat hartua zenez, karrera judizial berezia eratu zen.

Sistema politiko hark printzipio liberal batzuk onartzen zituen eta politikaren kontrol zorrotza bideratzen zuen aldi berean. Horregatik, ez da harritzekoa indarrean irautea Kode Zibilak esaterako (1804), gizarte burgesetan halako garrantzia izan zuen arren, edo legearen aurreko berdintasuna bermatzea eta pribilejioak desagertzea. Sistema hura ongi egokitzen zitzaion gizarte merkantilari, gizarte horrek merkatu libreko salgaitzat hartzen baitzituen lana eta kapitala. Estatua indartzea eta haren burujabetasuna bermatzea baliagarria iruditzen zitzaien aberatsei negozioetarako behar zuten oreka lortzeko, eta horregatik agertu ziren sistema haren alde.

Jarrera liberalagoak ere agertu ziren, adibidez Benjamin Constanterena; legegintzarako aginpideari eskumen handiagoa ematea eta erdi mailako klaseei aginpide horretara iristeko aukera ematea eskatzen zuen Constantek, baina jarrera liberalegia zen Errestaurazioko sistemarentzat, eta iraultza zuen arrakasta lortzeko modu bakarra.

 

Metternich eta bere sistema

Aro Berriaz gero Habsburgotarren dinastiak izan zuen Europako lurralde handienaren kontrola. Haienak ziren Belgikatik Ukrainara eta Bohemiatik Milanera eta Dalmaziako kostaldera bitarteko lurrak. Erroma eta Germanietako enperadore ziren alemaniar printze hautesleek etxe hura aukeratu zuten behin eta berriro, eta Habsburgotarrek esku handia zuten Europako erdialdean eta ekialdean.

Iraultzak eta Napoleonen inperioak, ordea, nagusitasun hura hautsi zuten, lurralde batzuetan (gaur egungo Belgikan, Italiako lurraldeetan edo Istrian) zuzenean esku hartuz edo Napoleonen kontrolpean estatu alemaniarren konfederazioa osatu (Rineko konfederazioa, 1806) eta Germaniar inperio zaharra deuseztu zelarik. Vienako kongresuan, Clemens von Metternich austriar kantzelariak, aurretik Frantzian enbaxadore izanak, egoera hura zuzentzeko ahaleginak egin zituen; Austriari indar gehiago eman zion eta Frantzisko I.a enperadorearen eta Metternich ministroaren beraren mendeko gobernu sistema bat eratu zuen.

1804an, Germanietako inperioa gainbehera zetorrela ikusirik, Frantzisko II.ak inperio berria sortu zuen, Austriako inperioa, eta Frantzisko I.a Austriakoa titulua hartu zuen. 1815ean herri, hizkuntza eta etnia asko biltzen zituen lurralde bat zen Austria. Austriaetxearen antzinako lurraldeak, Bohemiako koroarenak eta Hungariakoarenak hartzen zituen bere baitan. Horrez gainera, Italiako jabegoak (Lonbardia eta Beneto), Dalmaziakoak eta Istriakoak, eta Turkiar inperioarekin zituen muga lurretakoak (Kroazia, Bosnia eta Serbiako parte bat) ere hartzen zituen, eta baita Polonian konkistatutakoak ere (Galitzia).

Metternichek bi printzipio baliatu zituen lurralde puzzle hura gobernatzeko. Batetik germaniarren nagusitasuna bermatu zuen herri, hizkuntza eta etnia guztien gainetik, hau da Vienaren kontrol zorrotza ezarri zuen. Bestetik, alde batera utzi zituen printzipio konstituzional guztiak. Inperioko herri guztien gainetik germaniarrak nagusi izateak administrazio, gudaroste, polizia, justizia eta irakaskuntza alemanieraz eta funtzionario austriarrek egiten zutela esan nahi zuen. Horrek ondoeza sortu zuen inperioko gainerako herrietan eta ondoez horrek 1830 eta 1848an iritsi zuen gorena, Hungarian eta Bohemian batez ere. Bigarren printzipioak, konstituziorik ezak, ministroek kontrolaturiko administrazio ahaltsu batean baizik oinarritzen ez zen sistema bat eta gobernuaren mendeko funtzionario kasta bat (Beamtestand) eratzeko aukera eman zuen.

Horiek izan ziren, polizia sistema eraginkorrarekin batera, Metternichen sistemaren osagai aipagarrienak; Metternichen obsesioa iraultza zen, eta iraultzak eraitsi zuen azkenik bere kargutik 1848an.