Historia Unibertsala»Egungo aroa
1936ko Gerra Zibila Espainian
Espainiako Gerra Zibila da lehenengo gertakaria Bigarren Mundu Gerra ekarri zuen gertakari ziklo batean. Zentzu horretan, eta gerra hark izan zuen dramatismoagatik, eta oihartzun handia izan baitzuen nazioarteko prentsan, zirrara handia egin zion europarren eta amerikarren belaunaldi oso bati. Bestalde, gertaera hura erabakigarria izan zen Espainiaren historian, aldaketa handia bitarte historiko jakin batean, Espainiak bere inguruko herrialdeen oso bestelako bidea hartu baitzuen. Hori baino lehen, Espainiak ekonomiaren eta gizartearen modernizazio aldi bat izan zuen (XIX. mendearen bukaeratik 1930era), eta, XIX. mendekoaren tankerako estatu liberala nagusi izan zen aldi luze baten ondoren (Errestaurazioa, 1875-1931), Primo de Riveraren diktadura etorri zen (1923-1930), eta azkenik estatu demokratiko eta sozialaren modu ezegonkor samar bat eratu zen (Bigarren Errepublika, 1931-1936), gerrak urratu zuena gero.
Errestaurazioaren garaia
Espainiak Vienako Kongresuan (1815)
utzia zion potentzia handi izateari; 1898ko
gertaeren ondoren (Kuban, Puerto Ricon eta
Filipinetan zuen nagusitasuna galdu zuen
Estatu Batuen oldar hedazalearen eraginez)
nazioarteko politikan baztertuta egon zen
bolada luze batez. Espainiako ekonomiaren
eta diplomaziaren ahuleziaren ondorioz,
eta estuasunak eta kalteak baizik ekarri ez
zizkion gisa horretako gertaldiak (Kubako
gerra) herri iritziak gogotik gaitzetsi izanaren
eraginez, ez zuen bere mugetatik kanpo
inon esku hartu eta neutraltasunari atxiki
zitzaion Europan. Espainia Marokon baizik
ez zen saiatu politika kolonial uzkur bat
egiten, baina ez zuen arrakasta handirik izan
eta ondorio latzak ekarri zizkion barne politikan
(Aste Trajikoa, 1909, eta «erantzukizunen»
auzia Annualeko hondamenaren
ondoren, 1921).
Canovas-ek egin zuen Estatu erarekin
eta 1876ko Konstituzioa eman zenean, Errestaurazioa
esan zaion garaian, Espainiak bat
egin zuen munduak bizi zuen historia aldiarekin:
estatu liberal oligarkikoen aldia zen
garai hura, Bismarcken nagusitasun aldia
Europan, bigarren industria aldaketarena,
inperialismoaren eta potentzia handien aldia
(Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta
Estatu Batuak). Errestaurazioak halako jarraitasun
bat ekarri zuen aurreko garaiarekiko,
jarraitasuna bai moderatuek eta Liberalen
Batasunak eratutako antolamendu
politikoan, bai oinarri ideologikoetan (doktrinarismoa)
eta bai aginpidearen gizarte
oinarrietan beretan. Hala ere, errestaurazioak
garrantzi handiko berrikuntzak ere ekarri
zituen: legebiltzarrerako ordezkaritza eredu
baten egonkortasuna, aginpideak txandakatze
sistema zorrotz antolatu izanari eskereta baita ere eta bezeria harremanei
esker antolamendu politikoari egonkortasuna
eta gizartearen oinarria emateko. Ordu
arte inoiz iritsi ez bezalako gobernu ahalmena
iritsi zen orduan. Bi alderdi dinastikoak
ziren sistema haren oinarria: Cánovasen
alderdi kontserbadorea eta Sagastaren
alderdi liberala. Baina sistema horretatik
kanpo gelditu ziren indar politikoak (nazionalismo
katalana -ez hainbeste euskal
nazionalismoa, sortu berria baitzen-, langile
higikundea eta erdiko klaseen erreformismoa)
indar handia hartzen ari ziren,
hainbesteraino non Espainian nagusitzen ari
zen politikak bazter utzi zuen «txandakatze»
sistema hura (Maurak eta Canalejasek
oraindik horri eusten bazioten ere), harik
eta aldaketaren eta parlamentu bidezko
demokraziaren aldeko joerek bat egin eta
1917ko krisia sortu zen arte. 1917ko haustura
hark porrot egin zuelarik, itxaropenezko,
zalantzazko eta berrikuntza saioek
ezaugarritutako aldi bat hasi zen, Primo de
Riveraren estatu kolpeak eten zuena (Bartzelonako
kapitain jenerala zen). Diktadurak
(1923-1930) berrikuntza nahiak zapuztu
zituen, eta korporazio bidezko estatu
antolamendu hasi-masiko bat egiten saiatu
zen, baina porrot egin zuen. Erregea saio
politiko atzerakoi hari atxiki izanak errepublikazaletasunera
erakarri zituen ordu arte
erreformismoa bultzatu zuten gizaldeak.
1931n erreformen eta errepublikaren aldeko
joerak gailendu ziren, eta Bigarren Errepublika
sortu zen.
Espainiako kulturak oso aldi oparoa izan
zuen garai hartan; Zilarrezko Aroa esan zitzaion,
jakintzak eta arteak goraldia izan
baitzuten. Ez bakarrik ospe handiko pertsona
asko zeudelako garai hartako kulturan
(Unamuno, Baroja, Lorca, J.R. Jiménez,
Falla, Albéniz, Picasso, Zuloaga, VázquezDíez, Menéndez Pidal, Ortega, D’Ors, Benavente,
Ramón y Cajal, Marańón), baizik
eta baita gizartean eta kulturan oinarrizko
sare zabal bat sortu zelako ere (prentsa,
hezkuntza erakundeak, aldizkariak, ateneoak,
elkarteak, etab.), Espainia Europatik
hurbilago jarri zuen sare bat sortu zelako
alegia.
Hori guztia ekonomiak eta gizarteak
garai hartan izan zituzten aldaketa handiei
esker gertatu zen, eta hala antolamendu
berri garrantzi handiko bat sortu zen: hiri
sarea eta hiriko bizitza. Madril, Bilbo eta
Bartzelona hiri berritu eta handitu haiek gizarte
bizitza indar handiko bat sortu zuten
Espainian: zabaluneak, aldiriak, denda eta
saltoki berriak, garraio kolektiboak, fabrikak
eta haietan sorturiko liskar berriak, tabloide
formatoko egunkariak, eta ikuskari berri
jendetsuak (futbola eta errebista).
Berrikuntza aldia
XIX. mendearen bukaeraren eta 1930 bitartean,
aurreneko gizarte aldaketa handia
izan zen Espainian, oinarri sendoa batez ere
industrian zuen ekonomia baten eraginez.
Oro har, gizarte eta ekonomia eragile
guztiek gizarte modernorako iragate bat
adierazten zuten. 1910etik 1922ra industriako
produkzioak %1eko eta %5,5eko hazkundea
izan zuen urtero 1930 arte; nekazaritza
sektoreak gainerako sektoreen aldean
ordu arte izandako eragina galdu zuen
(1900ean zuen %65etik 1930ko %45,5ra);
hiriak asko hazi ziren: Bilbo, Madril, Bartzelona,
Valentzia hiri handi bihurtu ziren,
eta hiriko biztanle kopurua igo egin zen:
1900ean sei milioi ziren, eta 1930ean, berriz,
hamar milioitik gora; heriotza tasak ere
nabarmen egin zuen behera aldi horretan
bertan (%28tik %18ra) eta jaiotze tasa mugatu
egin zen (%35tik %28,5era). Hala bada,
datu horiek argi adierazten zutenez, Espainiako
gizartea asko modernizatu zen garai
hartan (1930eko gainbehera arte).
Bigarren Errepublika
Bigarren Errepublika ez zen une egokienean iritsi; ekonomiaren krisia indar betean zegoenean iritsi zen. Nolanahi ere, itxaropen handiak sortu zituen herriarengan, monarkiak estututa baitzeukan. Nahasmendu handiko urte baten ondoren (1930), udal hauteskundeek (1931ko apirilak 12) ekarri zuten errejimen aldaketa, monarkiaren aldeko ala kontrako erreferendum gisa aurkeztu baitzitzaien hautesleei; monarkiak galdu egin zuen hiriburu nagusietan. Alfontso XIII.a erbesteratu egin zen, eta 1931ko abenduan eman zen errepublikaren konstituzioa.1931ko errejimena egitasmo erreformazalearen eta sozialistek estatu demokratiko eta sozial bat lortzeko zituzten nahien sintesia zen. Era horretako lehenengo saio ganorazkoa izateaz gainera, Espainia errotik modernizatzeko helburua zuen: nekazaritza erreformatzea, lurraldea antolatzea, elizaren eta estatuaren arteko harremana aldatzea eta gudarostea eraberritzea. Hala ere, gehienentzat garai hura ez zen egitasmo jakin bat finkatzeko izan, aitzitik, beste gobernu modu batzuk iristeko tarteko aldia iritzi zioten. Ezkerreko eta eskuineko errepublikazaleek baizik ez zuten leial sinetsi errepublikan. Errepublikaren garaian lau aldi bereiz daitezke: 1.- Eratze aldia (1931ko apirila-abendua); errepublikazaleen eta sozialisten koaliziozko gobernua (1932-1933ko azaroa); erradikalen eta CEDAkoen bi urteko aldia (1934-1935); Frente Popularraren aldia (1936ko otsaila-1939ko martxoa).
1936ko Gerra Zibila
Espainiako Gerra Zibila mundu osoko
prentsan oso aipatua izan zen bi urte t’erdi
baino gehiagotan. Gerra hartan Ardatzeko
potentziek garbi utzi zuten Europa menderatzeko
zuten nahia (indar handiz lagundu
baitzieten altxatuei); potentzia demokratikoak,
berriz, «gerran ez esku hartzeko»
politikari atxiki zitzaizkion.
Gerra horrek, Errepublika garaian politikan
eta gizartean sortu ziren tirabiretan ez
ezik, 1936 inguruan joera autoritario eta
faxistaren alde indarrez ekiteko proposamenei
biztanle askok egindako harrera onean
du jatorria, armen bidez aurre egin baitzioten
parlamentu bidezko demokrazia hura
edo kutsu sozialistako ikusmoldeak defendatzeko
-armen bidez hauek ere- prest zeudenei.
Gerra zibilaren ideologiak garaitu
zuen azken batean -nork bere helburu politikoak
iristeko bestea indarrez ezereztea,
alegia- jende asko erakarri baitzuen erdiko
klase kontserbadore nabarraren artean (Manuel
Azańak ere hala ikusi zuen geroago).
Indarrak ustez orekatuta bazeuden ere,
garrantzi handiko bi eragile erabakigarriak
izan ziren gerraren nondik norakoan eta
amaieran: alde batetik, Errepublikaren aldekoen
artean oinarri-oinarrizko antolamendu
saio bat lehenengo hilabeteetan desegin
izana (horrek ahultasuna zekarrelarik alderdi
militarrean), eta horren ondorioz kasu batzuetan
prozesu iraultzaile bat sortu izana;
eta, bestetik, Italiak eta Alemaniak matxinatuei
eman zieten laguntza materiala (matxinatuak
diziplina militarraren pean zeuden,
eta diziplina hori indartu egin zuen
1936ko urriaren 1ean Franco «Estatu Espainoleko
gobernuko buruzagi» izendatu izanak).
Frantzia eta Britainia Handia gerra
haren «eremua mugatzen» saiatu ziren, «gerranez esku hartzeko» hitzarmena ezarriz
(1936ko abuztuaren 8ko hitzarmena), baina
Alemaniak eta Italiak -hitzarmena sinatu
zuten arren-, hasiera-hasieratik hautsi zuten,
eta laguntza materiala, aholkulariak eta
soldaduak bidali zizkieten matxinatuei. Errepublikak
SESBen laguntza pixka bat izan
zuen.
Espainiaren eta gerraren bi uste elkarren
oso bestelako nagusitu ziren berehala
bi alderdietan. Matxinatuentzat, Espainia komunismotik
salbatzeko eta Espainiari bere
izate katoliko berezkoa emateko gurutzada
zen hura, eta errepublikazaleentzat berriz
herriaren eta langileriaren erresistentzia
saioa zen Europan barrena zabaltzen ari zen
piztia faxistaren aurka.
Madrilen lehenengo setioak 1937ko
otsaileraino iraun zuen (matxinatuek Bizkaian
erasoa jo zuten arte). Miaja jenerala
buru zuen Defentsa Batzordeak izan zuen
Madril defendatzeko ardura. Irailean Largo
Caballerori egokitu zitzaion Errepublikako
gobernua eratzea; bi ministro komunista
izan zituen gobernu horrek, eta, aurrerago,
CNTko lau ministro. Hura izan zen lehenengo
urratsa administrazioa antolatzeko eta
Errepublikako gudarosteak eratzeko ahaleginean.
Guadalajarako erasoaldiak porrot egin
ondoren (italiar gudaroste motorizatuen erasoa),
Francok iparraldeari bere indar guztiaz
erasotzea erabaki zuen (1937ko martxoa).
Udazkenean, siderurgia guztia, meatzeak,
eta Espainiako porturik handiena
(Bilbo) matxinatuen esku zeuden. Erasoaldi
haren barruan Gernika bonbardatu zuten
(1937ko apirilaren 26a), eta eraso hark
oihartzun handia izan zuen nazioartean.
Arma eta material berriz hornituta zeudenez,«erabateko gerra» izan zen bi gudaroste
horien estrategia.
Francoren inguruak totalitarismo militarraren
eredua ezarri zuen bere aginpidean
zegoen eremuan, dotrina nazional-katolikoaren
babespean. «Estatu berri» bat egiteko
saioa zen hura, alderdi bakarrarekin
(1937ko apirileko Bateratze Dekretua), eta
korporatibismoa zuela oinarri (Lanaren Forua,
1938ko apirila).
Errepublika, aldiz, zatikatuz joan zen bai
alderdi politikoan eta bai alderdi militarrean
(Euzkadi, Aragoiko Defentsa Kontseilua,
Generalitat eta Kataluniako Milizia Antifaxisten
Batzorde Nagusia). Hain zuzen ere,
azken bi horiek borrokan aritu ziren 1937ko
maiatzean; eragin material eta politiko handiak
izan zituen gerra bat izan zen beste
gerra baten barnean. Largo Caballerok dimisioa
eman zuen, eta haren ordez Juan
Negrín izendatu zuten agintari; Negrínek
komunisten eragin handiko gobernua eratu
zuen. Aldi hartan izan zuen errepublikak
gerra bitartean antolamendu onena, zerbitzuak
zentralizatu ziren, etab.; baina aldi
hartan galdu zuen gerrak askorentzat haren
osagai erromantikoa ere.
1938ko martxotik 1938ko abenduraino bi
alderdien arteko gudu erabakigarria izan zen
Ebron. Matxinatuek irabazi zuten Ebroko
gudua, abenduan Kataluniako erasoa jo zuten,
eta 1939ko urtarrilaren 26an Bartzelona
hartu zuten. Martxoaren 28an Francok Madril
hartu zuen, eta 30ean, berriz, Alicante;
hala bukatu zen gerra Errepublikaren «erabateko
hondamenaz» (ez ziren negoziazioak
onartu). Ondorioak ikaragarriak izan ziren,
eta handik aurrerako aldia, frankismoarena,
Espainiak gaurko egunetan izan duen aldirik
ilunenetako bat izan zen.