Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1936ko Gerra Zibila Espainian

Gernika 1937an, Espainan matxinatutako militarren zerbitzura zeuden hegazkin alemaniarren erasoaren ondoren.<br><br>

Espainiako Gerra Zibila da lehenengo gertakaria Bigarren Mundu Gerra ekarri zuen gertakari ziklo batean. Zentzu horretan, eta gerra hark izan zuen dramatismoagatik, eta oihartzun handia izan baitzuen nazioarteko prentsan, zirrara handia egin zion europarren eta amerikarren belaunaldi oso bati. Bestalde, gertaera hura erabakigarria izan zen Espainiaren historian, aldaketa handia bitarte historiko jakin batean, Espainiak bere inguruko herrialdeen oso bestelako bidea hartu baitzuen. Hori baino lehen, Espainiak ekonomiaren eta gizartearen modernizazio aldi bat izan zuen (XIX. mendearen bukaeratik 1930era), eta, XIX. mendekoaren tankerako estatu liberala nagusi izan zen aldi luze baten ondoren (Errestaurazioa, 1875-1931), Primo de Riveraren diktadura etorri zen (1923-1930), eta azkenik estatu demokratiko eta sozialaren modu ezegonkor samar bat eratu zen (Bigarren Errepublika, 1931-1936), gerrak urratu zuena gero.

 

Errestaurazioaren garaia

Espainiak Vienako Kongresuan (1815) utzia zion potentzia handi izateari; 1898ko gertaeren ondoren (Kuban, Puerto Ricon eta Filipinetan zuen nagusitasuna galdu zuen Estatu Batuen oldar hedazalearen eraginez) nazioarteko politikan baztertuta egon zen bolada luze batez. Espainiako ekonomiaren eta diplomaziaren ahuleziaren ondorioz, eta estuasunak eta kalteak baizik ekarri ez zizkion gisa horretako gertaldiak (Kubako gerra) herri iritziak gogotik gaitzetsi izanaren eraginez, ez zuen bere mugetatik kanpo inon esku hartu eta neutraltasunari atxiki zitzaion Europan. Espainia Marokon baizik ez zen saiatu politika kolonial uzkur bat egiten, baina ez zuen arrakasta handirik izan eta ondorio latzak ekarri zizkion barne politikan (Aste Trajikoa, 1909, eta «erantzukizunen» auzia Annualeko hondamenaren ondoren, 1921).

Canovas-ek egin zuen Estatu erarekin eta 1876ko Konstituzioa eman zenean, Errestaurazioa esan zaion garaian, Espainiak bat egin zuen munduak bizi zuen historia aldiarekin: estatu liberal oligarkikoen aldia zen garai hura, Bismarcken nagusitasun aldia Europan, bigarren industria aldaketarena, inperialismoaren eta potentzia handien aldia (Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta Estatu Batuak). Errestaurazioak halako jarraitasun bat ekarri zuen aurreko garaiarekiko, jarraitasuna bai moderatuek eta Liberalen Batasunak eratutako antolamendu politikoan, bai oinarri ideologikoetan (doktrinarismoa) eta bai aginpidearen gizarte oinarrietan beretan. Hala ere, errestaurazioak garrantzi handiko berrikuntzak ere ekarri zituen: legebiltzarrerako ordezkaritza eredu baten egonkortasuna, aginpideak txandakatze sistema zorrotz antolatu izanari eskereta baita ere eta bezeria harremanei esker antolamendu politikoari egonkortasuna eta gizartearen oinarria emateko. Ordu arte inoiz iritsi ez bezalako gobernu ahalmena iritsi zen orduan. Bi alderdi dinastikoak ziren sistema haren oinarria: Cánovasen alderdi kontserbadorea eta Sagastaren alderdi liberala. Baina sistema horretatik kanpo gelditu ziren indar politikoak (nazionalismo katalana -ez hainbeste euskal nazionalismoa, sortu berria baitzen-, langile higikundea eta erdiko klaseen erreformismoa) indar handia hartzen ari ziren, hainbesteraino non Espainian nagusitzen ari zen politikak bazter utzi zuen «txandakatze» sistema hura (Maurak eta Canalejasek oraindik horri eusten bazioten ere), harik eta aldaketaren eta parlamentu bidezko demokraziaren aldeko joerek bat egin eta 1917ko krisia sortu zen arte. 1917ko haustura hark porrot egin zuelarik, itxaropenezko, zalantzazko eta berrikuntza saioek ezaugarritutako aldi bat hasi zen, Primo de Riveraren estatu kolpeak eten zuena (Bartzelonako kapitain jenerala zen). Diktadurak (1923-1930) berrikuntza nahiak zapuztu zituen, eta korporazio bidezko estatu antolamendu hasi-masiko bat egiten saiatu zen, baina porrot egin zuen. Erregea saio politiko atzerakoi hari atxiki izanak errepublikazaletasunera erakarri zituen ordu arte erreformismoa bultzatu zuten gizaldeak.

1931n erreformen eta errepublikaren aldeko joerak gailendu ziren, eta Bigarren Errepublika sortu zen.

Espainiako kulturak oso aldi oparoa izan zuen garai hartan; Zilarrezko Aroa esan zitzaion, jakintzak eta arteak goraldia izan baitzuten. Ez bakarrik ospe handiko pertsona asko zeudelako garai hartako kulturan (Unamuno, Baroja, Lorca, J.R. Jiménez, Falla, Albéniz, Picasso, Zuloaga, VázquezDíez, Menéndez Pidal, Ortega, D’Ors, Benavente, Ramón y Cajal, Marańón), baizik eta baita gizartean eta kulturan oinarrizko sare zabal bat sortu zelako ere (prentsa, hezkuntza erakundeak, aldizkariak, ateneoak, elkarteak, etab.), Espainia Europatik hurbilago jarri zuen sare bat sortu zelako alegia.

Hori guztia ekonomiak eta gizarteak garai hartan izan zituzten aldaketa handiei esker gertatu zen, eta hala antolamendu berri garrantzi handiko bat sortu zen: hiri sarea eta hiriko bizitza. Madril, Bilbo eta Bartzelona hiri berritu eta handitu haiek gizarte bizitza indar handiko bat sortu zuten Espainian: zabaluneak, aldiriak, denda eta saltoki berriak, garraio kolektiboak, fabrikak eta haietan sorturiko liskar berriak, tabloide formatoko egunkariak, eta ikuskari berri jendetsuak (futbola eta errebista).

 

Berrikuntza aldia

XIX. mendearen bukaeraren eta 1930 bitartean, aurreneko gizarte aldaketa handia izan zen Espainian, oinarri sendoa batez ere industrian zuen ekonomia baten eraginez.

Oro har, gizarte eta ekonomia eragile guztiek gizarte modernorako iragate bat adierazten zuten. 1910etik 1922ra industriako produkzioak %1eko eta %5,5eko hazkundea izan zuen urtero 1930 arte; nekazaritza sektoreak gainerako sektoreen aldean ordu arte izandako eragina galdu zuen (1900ean zuen %65etik 1930ko %45,5ra); hiriak asko hazi ziren: Bilbo, Madril, Bartzelona, Valentzia hiri handi bihurtu ziren, eta hiriko biztanle kopurua igo egin zen: 1900ean sei milioi ziren, eta 1930ean, berriz, hamar milioitik gora; heriotza tasak ere nabarmen egin zuen behera aldi horretan bertan (%28tik %18ra) eta jaiotze tasa mugatu egin zen (%35tik %28,5era). Hala bada, datu horiek argi adierazten zutenez, Espainiako gizartea asko modernizatu zen garai hartan (1930eko gainbehera arte).

 

Bigarren Errepublika

Bigarren Errepublika ez zen une egokienean iritsi; ekonomiaren krisia indar betean zegoenean iritsi zen. Nolanahi ere, itxaropen handiak sortu zituen herriarengan, monarkiak estututa baitzeukan. Nahasmendu handiko urte baten ondoren (1930), udal hauteskundeek (1931ko apirilak 12) ekarri zuten errejimen aldaketa, monarkiaren aldeko ala kontrako erreferendum gisa aurkeztu baitzitzaien hautesleei; monarkiak galdu egin zuen hiriburu nagusietan. Alfontso XIII.a erbesteratu egin zen, eta 1931ko abenduan eman zen errepublikaren konstituzioa.1931ko errejimena egitasmo erreformazalearen eta sozialistek estatu demokratiko eta sozial bat lortzeko zituzten nahien sintesia zen. Era horretako lehenengo saio ganorazkoa izateaz gainera, Espainia errotik modernizatzeko helburua zuen: nekazaritza erreformatzea, lurraldea antolatzea, elizaren eta estatuaren arteko harremana aldatzea eta gudarostea eraberritzea. Hala ere, gehienentzat garai hura ez zen egitasmo jakin bat finkatzeko izan, aitzitik, beste gobernu modu batzuk iristeko tarteko aldia iritzi zioten. Ezkerreko eta eskuineko errepublikazaleek baizik ez zuten leial sinetsi errepublikan. Errepublikaren garaian lau aldi bereiz daitezke: 1.- Eratze aldia (1931ko apirila-abendua); errepublikazaleen eta sozialisten koaliziozko gobernua (1932-1933ko azaroa); erradikalen eta CEDAkoen bi urteko aldia (1934-1935); Frente Popularraren aldia (1936ko otsaila-1939ko martxoa).

 

1936ko Gerra Zibila

Espainiako Gerra Zibila mundu osoko prentsan oso aipatua izan zen bi urte t’erdi baino gehiagotan. Gerra hartan Ardatzeko potentziek garbi utzi zuten Europa menderatzeko zuten nahia (indar handiz lagundu baitzieten altxatuei); potentzia demokratikoak, berriz, «gerran ez esku hartzeko» politikari atxiki zitzaizkion.

Gerra horrek, Errepublika garaian politikan eta gizartean sortu ziren tirabiretan ez ezik, 1936 inguruan joera autoritario eta faxistaren alde indarrez ekiteko proposamenei biztanle askok egindako harrera onean du jatorria, armen bidez aurre egin baitzioten parlamentu bidezko demokrazia hura edo kutsu sozialistako ikusmoldeak defendatzeko -armen bidez hauek ere- prest zeudenei.

Gerra zibilaren ideologiak garaitu zuen azken batean -nork bere helburu politikoak iristeko bestea indarrez ezereztea, alegia- jende asko erakarri baitzuen erdiko klase kontserbadore nabarraren artean (Manuel Azańak ere hala ikusi zuen geroago).

Indarrak ustez orekatuta bazeuden ere, garrantzi handiko bi eragile erabakigarriak izan ziren gerraren nondik norakoan eta amaieran: alde batetik, Errepublikaren aldekoen artean oinarri-oinarrizko antolamendu saio bat lehenengo hilabeteetan desegin izana (horrek ahultasuna zekarrelarik alderdi militarrean), eta horren ondorioz kasu batzuetan prozesu iraultzaile bat sortu izana; eta, bestetik, Italiak eta Alemaniak matxinatuei eman zieten laguntza materiala (matxinatuak diziplina militarraren pean zeuden, eta diziplina hori indartu egin zuen 1936ko urriaren 1ean Franco «Estatu Espainoleko gobernuko buruzagi» izendatu izanak).

Frantzia eta Britainia Handia gerra haren «eremua mugatzen» saiatu ziren, «gerranez esku hartzeko» hitzarmena ezarriz (1936ko abuztuaren 8ko hitzarmena), baina Alemaniak eta Italiak -hitzarmena sinatu zuten arren-, hasiera-hasieratik hautsi zuten, eta laguntza materiala, aholkulariak eta soldaduak bidali zizkieten matxinatuei. Errepublikak SESBen laguntza pixka bat izan zuen.

Espainiaren eta gerraren bi uste elkarren oso bestelako nagusitu ziren berehala bi alderdietan. Matxinatuentzat, Espainia komunismotik salbatzeko eta Espainiari bere izate katoliko berezkoa emateko gurutzada zen hura, eta errepublikazaleentzat berriz herriaren eta langileriaren erresistentzia saioa zen Europan barrena zabaltzen ari zen piztia faxistaren aurka.

Madrilen lehenengo setioak 1937ko otsaileraino iraun zuen (matxinatuek Bizkaian erasoa jo zuten arte). Miaja jenerala buru zuen Defentsa Batzordeak izan zuen Madril defendatzeko ardura. Irailean Largo Caballerori egokitu zitzaion Errepublikako gobernua eratzea; bi ministro komunista izan zituen gobernu horrek, eta, aurrerago, CNTko lau ministro. Hura izan zen lehenengo urratsa administrazioa antolatzeko eta Errepublikako gudarosteak eratzeko ahaleginean.

Guadalajarako erasoaldiak porrot egin ondoren (italiar gudaroste motorizatuen erasoa), Francok iparraldeari bere indar guztiaz erasotzea erabaki zuen (1937ko martxoa).

Udazkenean, siderurgia guztia, meatzeak, eta Espainiako porturik handiena (Bilbo) matxinatuen esku zeuden. Erasoaldi haren barruan Gernika bonbardatu zuten (1937ko apirilaren 26a), eta eraso hark oihartzun handia izan zuen nazioartean.

Arma eta material berriz hornituta zeudenez,«erabateko gerra» izan zen bi gudaroste horien estrategia.

Francoren inguruak totalitarismo militarraren eredua ezarri zuen bere aginpidean zegoen eremuan, dotrina nazional-katolikoaren babespean. «Estatu berri» bat egiteko saioa zen hura, alderdi bakarrarekin (1937ko apirileko Bateratze Dekretua), eta korporatibismoa zuela oinarri (Lanaren Forua, 1938ko apirila).

Errepublika, aldiz, zatikatuz joan zen bai alderdi politikoan eta bai alderdi militarrean (Euzkadi, Aragoiko Defentsa Kontseilua, Generalitat eta Kataluniako Milizia Antifaxisten Batzorde Nagusia). Hain zuzen ere, azken bi horiek borrokan aritu ziren 1937ko maiatzean; eragin material eta politiko handiak izan zituen gerra bat izan zen beste gerra baten barnean. Largo Caballerok dimisioa eman zuen, eta haren ordez Juan Negrín izendatu zuten agintari; Negrínek komunisten eragin handiko gobernua eratu zuen. Aldi hartan izan zuen errepublikak gerra bitartean antolamendu onena, zerbitzuak zentralizatu ziren, etab.; baina aldi hartan galdu zuen gerrak askorentzat haren osagai erromantikoa ere.

1938ko martxotik 1938ko abenduraino bi alderdien arteko gudu erabakigarria izan zen Ebron. Matxinatuek irabazi zuten Ebroko gudua, abenduan Kataluniako erasoa jo zuten, eta 1939ko urtarrilaren 26an Bartzelona hartu zuten. Martxoaren 28an Francok Madril hartu zuen, eta 30ean, berriz, Alicante; hala bukatu zen gerra Errepublikaren «erabateko hondamenaz» (ez ziren negoziazioak onartu). Ondorioak ikaragarriak izan ziren, eta handik aurrerako aldia, frankismoarena, Espainiak gaurko egunetan izan duen aldirik ilunenetako bat izan zen.