Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Borbondarrak Espainian

Filipe V.a, Luis XIV.a Frantziakoaren biloba eta Borbon Etxeko dinastiaren lehenengo kidea. 1700.. rtean Espainiako koroa hartu zuen oinordetzan.<br><br>1724an, Luis XV.a gaixorik zegoela, hura hiltzen bazen Frantziako koroa hartzeko aukera zuela eta, bere seme Luisi utzi zion erregetza. Frantziako erregea, ordea, sendatu egin zen eta hil, berriz, Luis I.a Espainiakoa hil zen, koroa eskuratu eta hilabete gutxira. Filipe V.ak eskuratu zuen atzera koroa eta erregea izan zen hil arte (1746).<br><br>

Dinastia aldatzea baino askoz ere gehiago izan zen Borbondarren etorrera Espainiako tronura. Alde batetik, Europa osora ekarri zuen gatazka, herri nagusien arteko oreka nola-halakoa arriskuan jarri zuena, espaniar politikaren joera frantses interesen alde aldatu baitzuen, eta, horren ondorio gisa, Espainiako Koroak. Europan zituen lurraldeak galdu zituen Barne politikan ere aldaketak izan ziren, monarkia estatu moderno bihurtzearen alde, administrazio eraginkorragoa, ekonomia jardun biziagoa, eta sistema fiskal eta juridiko bateratuagoarekin, eskualdeen berezitasunek erregei jartzen zizkieten zailtasunak ezabatuz, aginpidea monarkia zentralizatu baten helburuaren arabera zertu ahal izateko.

 

Dinastia frantses berria: Erregetzarako gerra (1700-1715)

Dinastia berria Espainiako erregetzara iristsi izanaren lehen ondorioa, Europan, ordu arteko oreka aldatzea izan zen, frantses erregearen alde egin baitzuen egoerak.

Horregatik, ez da gauza harrigarria dinastia berria Espainiako tronura iritsi eta gerra piztu izana, atzerrian ere ondorioak izango zituen gerra luzea.

Karlos II.aren heriotzaren ondoren amaitu zen Austriako etxeko adar espainiarra.

Frantses erregeak, espainiar monarkiaren betidaniko arerioa zenak, oinordekotza eskubide preziatua lortu zuen bere biloba Anjouko dukearentzat, hots, gero Filipe V.a izango zenarentzat. Austriako etxeak, bere aldetik, Karlos artxidukearen eskubideak eskatu zituen, eta, horren ondorioz, elkarren kontra jarri ziren alde batekoak eta bestekoak, aldi berean gerra zibila eta nazioarteko gatazka zen hartan; borrokak bi fronteetan gertatu ziren: Europan eta Espainian.

Erregetzarako gerraren garaipena, Espainian, borbondar osteek lortu zuten, baina Europan galtzaile gertatu ziren, gatazkaren ondorioz Espainia bereizi egin baitzen XVI.. endeaz geroztik, baita XIV. mendez geroztik ere, Iberiako penintsulatik gobernatzen ziren lurretatik. Utrecht eta Rastatteko itunen ondoren, Europako jabetzak galdu zituen espainiar monarkiak: Belgika, Milan, Napoli, Sizilia eta Sardinia. Egoera horretan, Britainia Handia izan zen irabazle nagusia; izan ere, orduan lortu baitzuen Frantziaren indarra mugatuz oreka politikoa segurtatzea, eta baita merkataritzarako abantaila estrategiko handiak ere, hala adibidez, besteak beste, Menorca eta Gibraltarko guneak.

 

Estatuaren ordenamenduaren oinarrien aldaketa

Dinastia berriak Frantziako estiloko gobernua eta Administrazioa ezarri zituen. Filipe V.a gobernu pertsonalagoa bideratzen saiatu zen, zentralizatua, ordu arte, Karlos II.a errege ahularen garaian, nagusi izan zen aginpide aristokratiko kolektiboaren estiloaren ordez, eta, horretarako, bere ondorengoek sendotuko zituzten berrikutzak egin zituen.Sinodo anitzeko sistemak behera egin zuen; desagertu egin ziren lurraldeko kontseilu gehienak: Flandria eta Italiakoak Europako lurraldeen galeraren ondorioz, eta monarkiaren ordenamendu berriaren ondorioz Aragoiko Kontseilua, ordenamendu berriak foruak eta itundutako gobernu sistema ezabatu baitzituen. Gaztelako Kontseilua baztertua geratu zen, eta, eginkizun askotan, Gabineteko edo Bulegoko Kontseiluak hartu zuten haren lekua. Esan daiteke, ezen, Kontseiluek iraganaren adierazgarri baitziren, Austriakoen herentzia alegia, Bulegoko Idazkaritzetan zegoela espainiar administrazioaren bidearen etorkizuna.

Berrikuntza horiek kontrakotasun gogorra sortu zuten goi mailako aristokrazian, azken Austriakoen erreinaldian izan zuten eragin handia kentzen baitzien aristokratei.

Penintsulako monarkiaren ordenamenduari dagokionez, oso aldaketa handiak izan ziren. Gogorregiak gertatu ziren hainbat saioren ondoren, Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Mallorcak beren foruak galdu zituzten, eta, 1716tik aurrera, gobernuarekin egindako itunean oinarritzen zen sistema desagertu zen; haren ordez, errege akordioa eta intendenteak, eta sistema fiskal berri bat bihurtu ziren administrazioaren euskarri; horrez gainera, foruak kentzearekin, barneko aduanak desagertu ziren, eta era horretara erreinu horiek guztiek ordura arte izandako independentziaerabat galdu zuten.Aragoiko Koroaren gobernu berezitasunak desagertarazi zituzten aldaketen ondorioz, Euskal Herriko eta Nafarroako lurraldeen egoera guztiz berezia gertatu zen.

Nafarroak Erregetzarako gerran Borbondarren alde erakutsitako leialtasuna zela-eta, foruak gorde zituen, eta, haiekin batera, Nafarroako Gorteen eta Junta eta Diputazioen bidez itundutako gobernu sistema, eta orobat aduana propioak, zergak ordaintzetik ere salbuetsita zegoelarik.

Monarkia moderno baten antolamenduak armada ere, oso zaharkitua zegoena, aldatu beharra zeukan. Nazioarteko egoeraren beharkizunak zirela-eta, Filipe V.arekin hasi eta Karlos III.aren bukatu, armada bat antolatu behar izan zen, hutsetik ia.

Filipe V.aren garaian frantses estiloko armada bat sortu zen, ordu arte ez bezala, bizimodu militarra osorik erregulatzen zuen arautegi bat zeukana, eta, ordenantza berriekin, Karlos III.ak hobetuko zuena. Fernando VI.aren erreinaldian, Ensenadak izugarrizko lana egin zuen arren, ez zen aldaketa handirik egin armadan. Karlos III.a ordea asko arduratu zen gai militarrez: urteroko kintak ezarri zituen, Segoviako Artilleria Militarreko Akademia sortu zuen, eta probintzietako miliziak zabaldu eta berrantolatu zituen. Berrikuntza horietan guztietan Ordenantza, 1768koa, izdaztea izan zen nagusia.

 

Azienda eta ekonomia

Espainiako biztanleriak gora egin zuen XVIII. mendean: 1700. urtean 7 milioi izatetik, 11,5 izatera igaro zen 1.800ean. Datu horiek, besterik gabe, gizaldiaren garapenekonomikoaren seinale dira. Hazkunde hori ez zen berdina izan zentroan eta periferian: Erdiko Mesetan eten egin zen, eta biztanle kopuruak behera egin zuen; inguruko lurraldeetan berriz, Galiziatik Andaluziara, gora egin zuen. Horrela, beraz, biztanle eta ekonomia pisua lekuz aldatu zen, Gaztelatik, modernoagotzen hasiak ziren beste lekuetarantz.

XVIII. mendean ekonomia arrazionalizatzeko saioak egin ziren, lehendik zegoenaren errendimendua hobetzeko berrikuntzak sartuz, edo egitura berriak ezarriz. Merkantilismoaren dotrinak bultzaturik, protekzionismoa bultzatuko da ekonomian. Garrantzi handia ematen zaio nekazaritzari; laborantzaren erreforma egiten da, laboregai berriak sartuz, patata adibidez; berrizaleak lurjabeek lurra erabiltzen ote duten ere kezkatzen dira, eta, hortaz, zalantzan jartzen dituzte lur pilatze mugagabea eta saltzea eragozten zuten legezko oztopoak, maiorazkoak adibidez.

Nekazaritzaren ondoren, industriarenganako interesa etorri zen. Saio batzuk egin ziren –Karlos III.aren erreinaldian batez ere–, errege fabrikak eredu jarriz; Estatuaren babesa zuten, eta zenbaitetan hark ordaintzen zituen, Talaverako zeramika fabrika, La Granjako kristalarena, eta Sevilla tabako fabrika adibidez. Nolanahi ere, saio horiek huts egin zuten gehienek; hutsegite hori izan zen, hein handi batean, XIX. mendeko atzerapen ekonomikoaren eta Espainiako industria iraultzaren atzerapenaren abiapuntua.

Estatu moderno bat eraikitzeko, nahitaezkoak ziren diru baliapideak, zergen bitartez bildu beharrekoak, eta, hortaz, Azienda ere berrantolatu beharra zegoen, eta tresna eraginkorra bihurtu. Izan zen asmo oneko ekimenik, Kontribuzio Bakarra zeritzana adibide baterako, baina ezin aplikatu izan zen, pribilejiodunek eta udal oligarkiek egindako erresistentziagatik. Ondorengo egitasmoak, kontribuzio bakarraren ordezkoak, ez ziren oso sistematikoak izan, sarritan unean uneko beharkizunetatik sortu baitziren, eta ez zuten fruitu askorik eman. Nolanahi dela ere, antolamendu sozialaren isla besterik ez ziren Aziendaren arazoak; izan ere, gizarteak onar zezakeena baino gehiago ez baitzituen eredu hark zergapekoak kargatzen.

Berrikuntzazaleak ez ziren inoiz modu erabakiorrez ausartu nobleak eta kleroa berez zegozkien zergez kargatzera; era berean, ez zituzten nekazari masak ez hiri langileak haserrearazi nahi, eta, horren ondorioz, zerga sarrerek gora egin zuten, merkataritzaren gaineko errenta finkoei edo Indietatik iritsitako dirutzei esker, ordea.

Azienda berriztatzeak testuinguru sozioekonomikoa aldatzea eskatzen zuen, eta aldaketa hori gobernariek ezin izan zuten egin, edo ez zuten egin nahi izan. Horregatik guztiagatik, esan daiteke Azienda ez zela oztopo izan ekonomia garapenarentzat, edo erreformentzat, aitzitik, XVIII. mendeko Espainian haiek izan zituzten mugen isla izan zen.