Historia Unibertsala»Aro berria
Utrechteko Europa
Espainiako monarkiaren ondorengotasunaren arazoa
Austria etxeko azken errege Karlos
II.arekin dinastia hark hondoa jo zuen, ?Austria
etxekoen odolkidetasuna handia? baitzen
Marañónen ustez. Karlos II.a bi aldiz
ezkondu zen (Maria Luisa Orleanskoarenkin
lehenbizi eta Maria Ana Neoburgokoarekin
ondoren); hala ere, laurogeita hamargarren
hamarraldian galduta zuen ondorengoak
izateko esperantza. Beraz, zalantzan
zegoen zein izango zuen Karlosek ondorengo
monarkia katolikoan.
Hiru hautagai hauek zuten eskubide
gehien: Filipe Anjoukoa, Luis XIV.aren iloba;
Karlos Austriakoa, enperadorearen semea;
eta Jose Fernando gaztea, Bavariako
printze hauteslea. Lehenengo biek nagusitasuna
lor zezaketen Europan, eta Westfaliako
itunean hitzartutakoaren kontrakoa
zen. Ingalaterra bestalde, hirugarren aukeraren
aldekoa zen, baina aurreko bi hautagaiei
zegozkien ordainak emanda.
Karlos II.ak 1596an izenpetu zuen lehenengo
testamentua; testamentu hartan Jose
Fernando Bavariakoa izendatzen zuen ondorengo
unibertsala. 1698an, Europako
botereek isilpeko ituna izenpetu zuten espainiar
erregearen herentzia banatzeko:
Bavariako Jose Fernando onartzen zuten
Espainiako erregetzaren ondorengotzarako
(hark Espainia eta Amerika eta Herbehereak
jasoko zituen); enperadoreak Milan
hartuko zuen, eta Luis XIV.ak Espainiak Italian
zituen ondasunak bereganatuko zituen
batetik, eta bestetik, Gipuzkoa. Itun hartatik
urtebetera, ordea, Jose Fernando hil zen
eta ezin gauzatu izan ziren asmo haiek. Hala,bi aukera besterik ez ziren gelditzen, elkarren
aurkakoak gainera: Frantziaren nagusitasuna
batetik, eta inperioarena bestetik.
Espainian, Bavariaren aldeko izandakoek
?Portocarrero buru zutela? uste osoa zuten
ondorengotza frantsesa zela Espainiaren
herentziaren batasuna gordetzeko aukera
bakarra; azkenean Karlos II.ak Karlos Anjoukoa
ondorengo izendatzea lortu zuten.
Espainiako Erregetzarako gerra
Luis XIV.ak ontzat eman zuen Karlos
II.aren testamentua, hala ere, bazekien herentzia
haren ondorioz borbondarren etxea
nagusituko zela Europan, baina jakin ere
bazekien gerra sor zitekeela. Baina, hori
jakinda ere, Luisek ez zuen gerra hura geldiarazteko
ahaleginik egin, eta Herbehereetako
gobernuko prokuradore izendatu zutenean,
erronka jo zion Europari. Holanda
eta Ingalaterra ustekabean hartu zituen eta
Filipe V.a onartzea beste biderik ez zuten
izan; handik gutxira, ordea, (1701eko iraila)
Hagako Itun Handia izenpetu eta Borbondarren
kontra egin zuten.
Filipe V.a Espainiakoak Gaztelako Gorteetan
eta Aragoiko erreinuetako Gorteetan
zin egin zuen errege kargua. Ondoren Napolira
joan eta erregeordearen kontrako
matxinada geldiarazi zuen. Iberiako Penintsulan,
1704. urtea arte ez zen Filipe V.aren
kontrako gertaerarik izan: urte horretan, aliatuak
Portugalen lehorreratu ziren Espainia
konkistatzeko asmotan. Asmo haiek, ordea,
hutsean gelditu ziren. Orduan, gudaroste
aliatuek Gibraltar hartu zuten mendean.
1705ean aliatuen ontzidiak Valentzia eta
Bartzelona mendean hartu zituen. Filipe V.ak
ahalegin guztiak egin zituen hiri haiek eskuratzeko,
baina alferrekoak izan ziren ahalegin
haiek. 1706an oste aliatuek Madril
hartu zuten. Gaztela, Nafarroa, Galizia eta
Andaluzia Borbon etxeari leial egon ziren.
Aliatuek Madril utzi eta Valentziatik erretiratu
behar izan zuten, gerrillek horretara
behartuta. 1707an Filipe V.ak Almansako
garaipen handia lortu zuen, eta hari esker
Valentzia, Zaragoza eta Lleida berreskuratu
zituen. Urte horretan bertan Filipe V.ak Aragoiko
Foruak deuseztu zituen, eta horrek
bultzatu zituen katalanak bereari irmo eustera.
1708 eta 1709. urteetan Espainian ez zen
ia borrokarik izan; 1710ean, berriz, garrantzihandiko gertaerak izan ziren: Almerian
eta Zaragozan Filipe V.a garaitu zuten, eta
artxidukea Madrilen sartzen saiatu zen bigarrenez,
baina gaztelarrek erretiratzera
behartu zuten. Handik gutxira, errege borbondarra
garaile irten zen Brihuegan eta
Villaviciosan, eta haren gudarostea Bartzelona
ingurura ere iritsi zen.
Jose I.a hil zenean (1711), Espainiako
erregegai zen Karlos artxidukearen eskuetara
igaro ziren Austria eta Inperioa. Baina
aliatuek ez zuten ?Karlos V.aren inperiora?
itzuli nahi. Bartzelona eta bertako Diputazioa
errenditu zirenean, Austriako Karlosek
erabat abandonaturik baitzeuzkan (1714),
amaitu zen gerra Espainian. Haren ondoren
etorri ziren Mallorcaren eta Ibizaren
errendizioa (1715).
Gerra Europan
Aurretik esan bezala, Luis XIV.ak ez zuen
egin ez negoziazorik ezta gerra galarazteko
ahaleginik ere. Aitzitik, bazirudien zirika ari
zela gerra has zedin; esate baterako, Filipe
V.ak Frantziako erregetzarako eskubide
guztiak zituela esan zuenean, edo Espainiaren
eta Indien arteko merkataritzarako
hainbat eta hainbat eskubide lortu zituenean.
Luis XIV.aren jarrerak Hagako Ituna
izenpetzea eragin zuen lehenbizi, eta borbondarren
kontrako gerra ondoren.
Europan hiru aldi izan zituen gerrak, elkarren
oso desberdinak hirurak. Lehenengoan
(1704. urtea arte iraun zuen) bi alderdiek
garaipenak eta porrotak izan zituzten: borbondarren
gudarosteek arrakasta handiz
eraso zuten Italia, baina porrot egin zuten
Vienako Ibilaldian. Bigarren aldia oso txarra
izan zen Frantziarentzat, frantses gudarosteek
hondamen handiak izan baitzituzten
Höchstäden, Oudenarden eta Malplaquen.
Baina 1710-1711 urteetan, erabat aldatu zen
Europako egoera: Ingalaterran, ?tories?
bakezaleak iritsi ziren agintaritzara; Austriako
Jose I.a hil zenean, Karlos artxidukea
zen Austriaren eta Inperioaren ondorengo,
baina ordurako Ingalaterrari eta Holandari
berdin zitzaien Karlos artxidukea Espainiako
tronura iritsi ala ez, izan ere, hala izanda
ere, Espainia eta Austria pertsona beraren
mende egongo baitziren, eta hori zela eta,
gerraren hirugarren aldian (1710-1713),
Frantzia indarberritu egin zen eta Denaineko
garaipena lortu zuen (1712).
Bake saioak
1706. urteaz geroztik Luis XIV.ak bakea
lortu nahi zuen, jakitun baitzen ezin zuela
ez borrokarik irabazi, ez denbora luzean
gerrako gastuak ordaindu. Malplaqueteko
(1710) porrotaren ondoren Frantzia osoegoera larrian zegoen, eta lurralde eskakizun
guztiak onartu behar izan zituen; bestalde,
hitz eman zuen ahaleginak egingo
zituela bere ilobak Espainiako erregetza utz
zezan. Baina Filipe V.ak ez zuen eskaera
hura onartu; aliatuek, orduan, Luis XIV.ari
eskatu zioten iloba indarrez kentzea erregetzatik.
Frantziak, azkenean, bertan behera
utzi zituen negoziazioak.
Jose I.a enperadorea hil zenean berriro hasi
ziren bakerako elkarrizketak, Ingalaterrak
ez baitzuen Karlosen Inperioa berriro gertatzerik
nahi. 1711. urteko urrian, Ingalaterrak
eta Frantziak ?Londresko lehen urratsak?
izenpetu zituzten. Filipe V.ari hitzarmen
hartan bere aitona Luis XIV.ak hitzartu
zituen puntuen berri eman zitzaion, eta Filipek
guztia onartu eta bere izenean negoziatzeko
ahalmen osoa eman zion Frantziako
erregeari.
Utrechteko sistema
Utrechteko bakea 1712ko urtarrilaren
29an hitzartzen hasi zen Utretch hirian.
Utrechteko bakea hainbat akordiok osatu
zuten, 1713an hiri hartan bertan izenpetuak.
Akordio sail horren ondoren itun osagarri
batzuk izenpetu ziren Rastatt, Baden eta
Anberesen, hurrenez hurren. Bakearekin
hasi aurretik, Borbon etxearen bi adarrei
eskatu zitzaien ez batzeko erreinu bakar
batean Frantziako eta Espainiako koroak.
Lehenbizi Frantziak hitzarmen bana
izenpetu zuen Ingalaterrarekin, Holandarekin,
Saboiarekin eta Prusiarekin (apirilaren
11); enperadorea izan zen hitzarmen hari
kontra egin zion bakarra. Ingalaterrari Akadia,
Ternua eta Hudsongo badiako lurraldeak,
eta Antilletako San Kristobal uhartea
eman zizkion; hitz eman zuen Dunkerqueko
gotorlekua desegingo zuela batetik, eta
bestetik, uko egingo ziela Luis XIV.ak ilobarengandik
Espainian eta Ameriketan lortu
zituen merkataritza abantailei. Frantziak,
ordainetan, Alsazia (Alemaniarako giltza)
eskuratuko zuen, Estrasburgo barne.
Saboiako dukeari dukerriari zegokion
lurraldea itzuli behar zion, eta horrez gainera,
Alpeez haraindiko lurraldeak, Barcelonetteren
ordainetan. Prusiari eman zizkion
erreinu izateko eskubidea (enperadoreak
emana zion 1700) batetik, eta bestetik, Suitzako
Neufchâtel printzerria, eta agindu zion
espainiarren mendeko Güeldres emango
ziola. Tournai eta Ypres Holandaren esku
utzi zituen.
Espainia ez zuten Kongresuan onartu
harik eta Frantziak berari zegozkion bakeak
izenpetu eta Ingalaterrarekin batera Espainiako
monarkiaren etorkizuna erabaki zuen
arte. Gibraltar eta Menorca Ingalaterrari
eman zizkion; Ingalaterrari bestalde, hainbat
eskubide eman behar zizkion merkataritzaren
alorrekoak, esate baterako Portobelorekinurtero salerosketa harremanak edukitzeko
eskubidea (hogeita hamar urtetarako),
eta Espainiaren mendeko Ameriketako lurraldeetan
beltzak sartzeko eskubide berezia.
Holandak, Luis XIV.aren eskutik eta Filipe
V.aren izenean, Espainiaren mendeko
Herbehereak hartu zituen, Karlos enperadoreari
emateko hark hitzarmena onartzen
zuenean. Probintzia Batuek ?Barrera? gotorlekuak
(Namur, Tournai, Fournes,
Ypres?) jaso zituzten. Holandak eta enperadoreak
ordaindu zuten erdi bana. Saboiako
dukeari errege izateko eskubidea
onartu zitzaion, Siziliako uhartea eman zioten
eta Espainiaren herentzia jasotzeko eskubideak
onartu zitzaizkion, baldin eta borbondarren
adarra banatzen bazen. Espainiaren
eta Portugalen arteko bakea ez zen 1715.. rtea arte izenpetu. Bake haren arabera,
bakoitzak bere konkistak itzuli behar zituen,
hala ere, onartu zen Portugalek Sakramentoko
kolonia gordetzea.
Frantziaren eta Austriaren arteko gerrak
aurrera jarraitu zuen, harik eta inperioaren
porrotek Karlos VI.a Utrechteko erabakiak
onartzera behartu zuten arte (Rastatteko
bakea; 1714). Bake haren bidez, enperadoreari
itzultzen zitzaizkion frantsesek Alemanian
egin zituzten azken konkistak, espainiarren
mendeko Herbehereak, Milanerria,
Napoli, Sardinia eta Toscanako Presidioak.
Kataluniako auzia ere aipatu zuten Utrechten:
enperadorea saiatu zen lehenbizi Aragoiko
erreinua eskuratzen, baina gainerako
herrialdeek kontra egin zioten eta azkenean,
katalanak abandonaturik utzi zituen, nahiz
eta haiek borrokan jarraitzen zuten oraindik.
Utrecheteko hitzarmenak hainbat ondorio
izan zituen: Frantziak Europan zuen nagusitasuna,
Luis XIV.ak gogor gorde nahi
izan zuena eta Westfaliako oreka apurtu
zuena, galdu egin zuen; Frantziaren mugak
ez ziren aldatu, baina kolonia asko galdu
zituen. Luis XIV.a, hala ere, pozik gelditu
zen bere iloba Espainiako erregetzara iritsi
zenean. Espainia izan zen galera gehien izan
zituena: Europako lurralde guztiak galdu
zituen, baina Iberiako Penintsulako eta
Ameriketako lurraldeak gorde zituen. Dena
dela, azken horietan ere izan zituen galerak,
izan ere, Ingalaterrari hainbat eskubide
eman behar izan baitzizkion ordainetan.
Ingalaterra izan zen itun hartatik etekin
hoberenak atera zituena: Europako oreka
osatzen zen bitartean, berak aukera zuen
itsasoz haraindiko inperioa zabaltzeko, ontzidia
indartzeko eta merkataritza harremanak
mundu osora hedatzeko. Baina Europako
orekaren arima ez zegoen oinarri sendoen
gainean eraikia ezta goi mailako arrazoi
moraletan ere; hala, Europako orekaren
garaia (XVIII. mendea) gerra garaia izan
zen.Utrechteko sistemaren osagarri izan ziren
Passarowitzeko hitzarmenak Europaren
ekialdean eta Stockholm-Nystadt iparraldean.
Turkia eta Suedia izan ziren galtzaileak
eta haien hondarrekin irabazleak nolabaiteko
oreka egiten saiatu ziren.