Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Utrechteko Europa

Filipe V.a Espainiakoa Berwick-eko dukea kondekoratzen Erregetzarako gerran izandako jokaeragatik.<br><br>

 

Espainiako monarkiaren ondorengotasunaren arazoa

Austria etxeko azken errege Karlos II.arekin dinastia hark hondoa jo zuen, ?Austria etxekoen odolkidetasuna handia? baitzen Marañónen ustez. Karlos II.a bi aldiz ezkondu zen (Maria Luisa Orleanskoarenkin lehenbizi eta Maria Ana Neoburgokoarekin ondoren); hala ere, laurogeita hamargarren hamarraldian galduta zuen ondorengoak izateko esperantza. Beraz, zalantzan zegoen zein izango zuen Karlosek ondorengo monarkia katolikoan.

Hiru hautagai hauek zuten eskubide gehien: Filipe Anjoukoa, Luis XIV.aren iloba; Karlos Austriakoa, enperadorearen semea; eta Jose Fernando gaztea, Bavariako printze hauteslea. Lehenengo biek nagusitasuna lor zezaketen Europan, eta Westfaliako itunean hitzartutakoaren kontrakoa zen. Ingalaterra bestalde, hirugarren aukeraren aldekoa zen, baina aurreko bi hautagaiei zegozkien ordainak emanda.

Karlos II.ak 1596an izenpetu zuen lehenengo testamentua; testamentu hartan Jose Fernando Bavariakoa izendatzen zuen ondorengo unibertsala. 1698an, Europako botereek isilpeko ituna izenpetu zuten espainiar erregearen herentzia banatzeko: Bavariako Jose Fernando onartzen zuten Espainiako erregetzaren ondorengotzarako (hark Espainia eta Amerika eta Herbehereak jasoko zituen); enperadoreak Milan hartuko zuen, eta Luis XIV.ak Espainiak Italian zituen ondasunak bereganatuko zituen batetik, eta bestetik, Gipuzkoa. Itun hartatik urtebetera, ordea, Jose Fernando hil zen eta ezin gauzatu izan ziren asmo haiek. Hala,bi aukera besterik ez ziren gelditzen, elkarren aurkakoak gainera: Frantziaren nagusitasuna batetik, eta inperioarena bestetik.

Espainian, Bavariaren aldeko izandakoek ?Portocarrero buru zutela? uste osoa zuten ondorengotza frantsesa zela Espainiaren herentziaren batasuna gordetzeko aukera bakarra; azkenean Karlos II.ak Karlos Anjoukoa ondorengo izendatzea lortu zuten.

 

Espainiako Erregetzarako gerra

Luis XIV.ak ontzat eman zuen Karlos II.aren testamentua, hala ere, bazekien herentzia haren ondorioz borbondarren etxea nagusituko zela Europan, baina jakin ere bazekien gerra sor zitekeela. Baina, hori jakinda ere, Luisek ez zuen gerra hura geldiarazteko ahaleginik egin, eta Herbehereetako gobernuko prokuradore izendatu zutenean, erronka jo zion Europari. Holanda eta Ingalaterra ustekabean hartu zituen eta Filipe V.a onartzea beste biderik ez zuten izan; handik gutxira, ordea, (1701eko iraila) Hagako Itun Handia izenpetu eta Borbondarren kontra egin zuten.

Filipe V.a Espainiakoak Gaztelako Gorteetan eta Aragoiko erreinuetako Gorteetan zin egin zuen errege kargua. Ondoren Napolira joan eta erregeordearen kontrako matxinada geldiarazi zuen. Iberiako Penintsulan, 1704. urtea arte ez zen Filipe V.aren kontrako gertaerarik izan: urte horretan, aliatuak Portugalen lehorreratu ziren Espainia konkistatzeko asmotan. Asmo haiek, ordea, hutsean gelditu ziren. Orduan, gudaroste aliatuek Gibraltar hartu zuten mendean.

1705ean aliatuen ontzidiak Valentzia eta Bartzelona mendean hartu zituen. Filipe V.ak ahalegin guztiak egin zituen hiri haiek eskuratzeko, baina alferrekoak izan ziren ahalegin haiek. 1706an oste aliatuek Madril hartu zuten. Gaztela, Nafarroa, Galizia eta Andaluzia Borbon etxeari leial egon ziren.

Aliatuek Madril utzi eta Valentziatik erretiratu behar izan zuten, gerrillek horretara behartuta. 1707an Filipe V.ak Almansako garaipen handia lortu zuen, eta hari esker Valentzia, Zaragoza eta Lleida berreskuratu zituen. Urte horretan bertan Filipe V.ak Aragoiko Foruak deuseztu zituen, eta horrek bultzatu zituen katalanak bereari irmo eustera.

1708 eta 1709. urteetan Espainian ez zen ia borrokarik izan; 1710ean, berriz, garrantzihandiko gertaerak izan ziren: Almerian eta Zaragozan Filipe V.a garaitu zuten, eta artxidukea Madrilen sartzen saiatu zen bigarrenez, baina gaztelarrek erretiratzera behartu zuten. Handik gutxira, errege borbondarra garaile irten zen Brihuegan eta Villaviciosan, eta haren gudarostea Bartzelona ingurura ere iritsi zen.

Jose I.a hil zenean (1711), Espainiako erregegai zen Karlos artxidukearen eskuetara igaro ziren Austria eta Inperioa. Baina aliatuek ez zuten ?Karlos V.aren inperiora? itzuli nahi. Bartzelona eta bertako Diputazioa errenditu zirenean, Austriako Karlosek erabat abandonaturik baitzeuzkan (1714), amaitu zen gerra Espainian. Haren ondoren etorri ziren Mallorcaren eta Ibizaren errendizioa (1715).

 

Gerra Europan

Aurretik esan bezala, Luis XIV.ak ez zuen egin ez negoziazorik ezta gerra galarazteko ahaleginik ere. Aitzitik, bazirudien zirika ari zela gerra has zedin; esate baterako, Filipe V.ak Frantziako erregetzarako eskubide guztiak zituela esan zuenean, edo Espainiaren eta Indien arteko merkataritzarako hainbat eta hainbat eskubide lortu zituenean.

Luis XIV.aren jarrerak Hagako Ituna izenpetzea eragin zuen lehenbizi, eta borbondarren kontrako gerra ondoren.

Europan hiru aldi izan zituen gerrak, elkarren oso desberdinak hirurak. Lehenengoan (1704. urtea arte iraun zuen) bi alderdiek garaipenak eta porrotak izan zituzten: borbondarren gudarosteek arrakasta handiz eraso zuten Italia, baina porrot egin zuten Vienako Ibilaldian. Bigarren aldia oso txarra izan zen Frantziarentzat, frantses gudarosteek hondamen handiak izan baitzituzten Höchstäden, Oudenarden eta Malplaquen.

Baina 1710-1711 urteetan, erabat aldatu zen Europako egoera: Ingalaterran, ?tories? bakezaleak iritsi ziren agintaritzara; Austriako Jose I.a hil zenean, Karlos artxidukea zen Austriaren eta Inperioaren ondorengo, baina ordurako Ingalaterrari eta Holandari berdin zitzaien Karlos artxidukea Espainiako tronura iritsi ala ez, izan ere, hala izanda ere, Espainia eta Austria pertsona beraren mende egongo baitziren, eta hori zela eta, gerraren hirugarren aldian (1710-1713), Frantzia indarberritu egin zen eta Denaineko garaipena lortu zuen (1712).

 

Bake saioak

1706. urteaz geroztik Luis XIV.ak bakea lortu nahi zuen, jakitun baitzen ezin zuela ez borrokarik irabazi, ez denbora luzean gerrako gastuak ordaindu. Malplaqueteko (1710) porrotaren ondoren Frantzia osoegoera larrian zegoen, eta lurralde eskakizun guztiak onartu behar izan zituen; bestalde, hitz eman zuen ahaleginak egingo zituela bere ilobak Espainiako erregetza utz zezan. Baina Filipe V.ak ez zuen eskaera hura onartu; aliatuek, orduan, Luis XIV.ari eskatu zioten iloba indarrez kentzea erregetzatik.

Frantziak, azkenean, bertan behera utzi zituen negoziazioak.

Jose I.a enperadorea hil zenean berriro hasi ziren bakerako elkarrizketak, Ingalaterrak ez baitzuen Karlosen Inperioa berriro gertatzerik nahi. 1711. urteko urrian, Ingalaterrak eta Frantziak ?Londresko lehen urratsak? izenpetu zituzten. Filipe V.ari hitzarmen hartan bere aitona Luis XIV.ak hitzartu zituen puntuen berri eman zitzaion, eta Filipek guztia onartu eta bere izenean negoziatzeko ahalmen osoa eman zion Frantziako erregeari.

 

Utrechteko sistema

Utrechteko bakea 1712ko urtarrilaren 29an hitzartzen hasi zen Utretch hirian.

Utrechteko bakea hainbat akordiok osatu zuten, 1713an hiri hartan bertan izenpetuak.

Akordio sail horren ondoren itun osagarri batzuk izenpetu ziren Rastatt, Baden eta Anberesen, hurrenez hurren. Bakearekin hasi aurretik, Borbon etxearen bi adarrei eskatu zitzaien ez batzeko erreinu bakar batean Frantziako eta Espainiako koroak.

Lehenbizi Frantziak hitzarmen bana izenpetu zuen Ingalaterrarekin, Holandarekin, Saboiarekin eta Prusiarekin (apirilaren 11); enperadorea izan zen hitzarmen hari kontra egin zion bakarra. Ingalaterrari Akadia, Ternua eta Hudsongo badiako lurraldeak, eta Antilletako San Kristobal uhartea eman zizkion; hitz eman zuen Dunkerqueko gotorlekua desegingo zuela batetik, eta bestetik, uko egingo ziela Luis XIV.ak ilobarengandik Espainian eta Ameriketan lortu zituen merkataritza abantailei. Frantziak, ordainetan, Alsazia (Alemaniarako giltza) eskuratuko zuen, Estrasburgo barne.

Saboiako dukeari dukerriari zegokion lurraldea itzuli behar zion, eta horrez gainera, Alpeez haraindiko lurraldeak, Barcelonetteren ordainetan. Prusiari eman zizkion erreinu izateko eskubidea (enperadoreak emana zion 1700) batetik, eta bestetik, Suitzako Neufchâtel printzerria, eta agindu zion espainiarren mendeko Güeldres emango ziola. Tournai eta Ypres Holandaren esku utzi zituen.

Espainia ez zuten Kongresuan onartu harik eta Frantziak berari zegozkion bakeak izenpetu eta Ingalaterrarekin batera Espainiako monarkiaren etorkizuna erabaki zuen arte. Gibraltar eta Menorca Ingalaterrari eman zizkion; Ingalaterrari bestalde, hainbat eskubide eman behar zizkion merkataritzaren alorrekoak, esate baterako Portobelorekinurtero salerosketa harremanak edukitzeko eskubidea (hogeita hamar urtetarako), eta Espainiaren mendeko Ameriketako lurraldeetan beltzak sartzeko eskubide berezia.

Holandak, Luis XIV.aren eskutik eta Filipe V.aren izenean, Espainiaren mendeko Herbehereak hartu zituen, Karlos enperadoreari emateko hark hitzarmena onartzen zuenean. Probintzia Batuek ?Barrera? gotorlekuak (Namur, Tournai, Fournes, Ypres?) jaso zituzten. Holandak eta enperadoreak ordaindu zuten erdi bana. Saboiako dukeari errege izateko eskubidea onartu zitzaion, Siziliako uhartea eman zioten eta Espainiaren herentzia jasotzeko eskubideak onartu zitzaizkion, baldin eta borbondarren adarra banatzen bazen. Espainiaren eta Portugalen arteko bakea ez zen 1715.. rtea arte izenpetu. Bake haren arabera, bakoitzak bere konkistak itzuli behar zituen, hala ere, onartu zen Portugalek Sakramentoko kolonia gordetzea.

Frantziaren eta Austriaren arteko gerrak aurrera jarraitu zuen, harik eta inperioaren porrotek Karlos VI.a Utrechteko erabakiak onartzera behartu zuten arte (Rastatteko bakea; 1714). Bake haren bidez, enperadoreari itzultzen zitzaizkion frantsesek Alemanian egin zituzten azken konkistak, espainiarren mendeko Herbehereak, Milanerria, Napoli, Sardinia eta Toscanako Presidioak.

Kataluniako auzia ere aipatu zuten Utrechten: enperadorea saiatu zen lehenbizi Aragoiko erreinua eskuratzen, baina gainerako herrialdeek kontra egin zioten eta azkenean, katalanak abandonaturik utzi zituen, nahiz eta haiek borrokan jarraitzen zuten oraindik.

Utrecheteko hitzarmenak hainbat ondorio izan zituen: Frantziak Europan zuen nagusitasuna, Luis XIV.ak gogor gorde nahi izan zuena eta Westfaliako oreka apurtu zuena, galdu egin zuen; Frantziaren mugak ez ziren aldatu, baina kolonia asko galdu zituen. Luis XIV.a, hala ere, pozik gelditu zen bere iloba Espainiako erregetzara iritsi zenean. Espainia izan zen galera gehien izan zituena: Europako lurralde guztiak galdu zituen, baina Iberiako Penintsulako eta Ameriketako lurraldeak gorde zituen. Dena dela, azken horietan ere izan zituen galerak, izan ere, Ingalaterrari hainbat eskubide eman behar izan baitzizkion ordainetan.

Ingalaterra izan zen itun hartatik etekin hoberenak atera zituena: Europako oreka osatzen zen bitartean, berak aukera zuen itsasoz haraindiko inperioa zabaltzeko, ontzidia indartzeko eta merkataritza harremanak mundu osora hedatzeko. Baina Europako orekaren arima ez zegoen oinarri sendoen gainean eraikia ezta goi mailako arrazoi moraletan ere; hala, Europako orekaren garaia (XVIII. mendea) gerra garaia izan zen.Utrechteko sistemaren osagarri izan ziren Passarowitzeko hitzarmenak Europaren ekialdean eta Stockholm-Nystadt iparraldean.

Turkia eta Suedia izan ziren galtzaileak eta haien hondarrekin irabazleak nolabaiteko oreka egiten saiatu ziren.